'Saalda' proiektuaren sortzailea

Mikel Lizarralde: «Saldak lagundu dezake mundua bizitzeko toki hobeago bat bihurtzen»

Lizarraldek abian jarritako azken proiektu solidarioa da 'Saalda'. Kolagenoaren aldeko egitasmoa, bizitza osasuntsuaren aldeko aldarria, eta saldak sor dezakeen komunitatearen aldeko apustua.

MIKEL LIZARRALDE
Mikel Lizarralde, bere proiektuko salda poto batekin, joan den ostegunean, Eibarren. GORKA RUBIO / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2024ko otsailaren 6a
05:00
Entzun

Su txikian egositako proiektua da Mikel Lizarralderena (Eibar, Gipuzkoa, 1980): Saalda. Behi-hezur salda, 400 ml-ko potoetan salgai. Bezeroek aukeratuko dute irabaziak gobernuz kanpoko ze erakunderi eman. 2018an esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotenetik, erronkaz erronka dabil Lizarralde, «mundua toki pixka bat hobea egiten saiatzeko».

Zergatik Saalda, bi a-rekin?

Iruditu zitzaidan salda bere kasa horrela jartzea, absurdoegia zela. Eman nahi izan nion Europako iparraldeko estilo hori. Diseinatzaileari ere esan nion puntu biribil pare bat jarrita IKEAko altzari baten izena izan zitekeela.

Sukaldari hasi zara orain?

Ez, ez, lasai egon dadila jendea. Salda ez dut nik egiten [barrez].

Nondik nora, eta zergatik?

Zegama-Aizkorri maratoian dago abiapuntua. Orduan ere egin nuen diru bilketa bat, kamisetak salduz. Baina pentsatu nuen: «Ezin diet lagunei etengabe estortsio egin nire aurpegia daraman kamiseta batekin». Eta erronken gai hori ere aldatu nahi nuen. Erronkak bai, baina niretzat. Ez horrenbeste plaza publikoan. Neurrian. Ez dut jada urrutirago joan nahi. Goia jota daukat, jendaurrean.

Atzean badago bizitza osasuntsu baten aldarria?

Bai, eta irribarrearena ere bai. Logoak irribarrea irudikatu nahi du. Justu orain ordenagailuaren aurrean nago, eta hori da munduko gauzarik txarrena: geldi-geldi egotea. Ipurdia mugitu behar dugu gauzak egiteko, mundua pixkatxo bat toki hobea egiteko, eta ez gaitzala mugi bakarrik diru goseak.

Eta saldak lagun dezake horretan?

Bai, saldak lagundu dezake mundua bizitzeko toki hobeago bat bihurtzen. Helburua hori da: benetako eragina eduki dezala. Ez bakarrik saldak dirua lortuko duelako hura saldu eta etekinak banatuta, baizik imitazio efektu bat ere sortuko duelako. Etor daitezela handiagoak diren enpresak eta benetan dirua irabazten dutenak, eta imitatu dezatela formula.

Norentzat da salda? Kolagenoa behar dutenentzat?

Esklerosi anizkoitza daukan jendeak bere burua nola zaintzen duen ikertzen aritu nintzenean, ikusi nuen badagoela jendea ez dena botiken aldekoa —ni horretan ez naiz sartuko; nik ahalik eta bala gehien eduki nahi ditut alde, botikak barne—, baina bere dietetan-eta kolagenoa sartzen zuena, artikulazioetako mina kentzeko. Gustatu zitzaidan hori. Jendeak erabiltzen duela kolagenoa, ez bakarrik azaleko ximurrak kentzeko, baizik hango eta hemengo minak kentzeko. Eta kirolarekin edo, behintzat, bizitza aktiboarekin lotura zeukan.

Eta jendeak salda egiteko denborarik hartzen ez duelako ere bai?

Ez dugu denborarik hartzen, ez. Azkarregi bizi gara. Ez dugu denborarik hartzen gelditzeko. Saldak hutsune hori ere betetzen du. Zeren salda egitea berez erraza da. Osagaiak hartu, jarri eltzean eta izan han hogei orduz, plo-plo-plo. Hori baino gauza sinpleagorik ez dago. Eta hori ere egiteko gai ez gara. Nahiago dugu erosi edozein janari eskas, eta geure buruari harriak bota.

Ematen du zer pentsatua.

Bai, bai. Eta gero agian norbaitek esango du: «400 mililitroko poto bat 6 euroan!». Baina ez konparatu merkatuan dauden salda horiek, eta hau.

Egitasmo solidarioa da. Nola gauzatuko da?

Oraingoan ez nuen nahi nire atzamar jainkotia izatea dirua nori eman erabakiko zuena. Bezeroei galdetzen diet: «Nor nahi duzue babestu? Zuek proposatu eta zuek aukeratu». Astebete eskasean 1.500 euro lortu ditugu. Oso pozik nago hasierarekin. Azkenean, enpresa bat sortu dut, eta bere gastuak dauzka. Horiek guztiak kontuan hartuta, jakiten dudanean zenbat den lortzen dena, bideratuko dut aukeratutako elkarte horretara. Mundua toki hobeago bat egiten saiatzen diren elkarteak dira, eta saldaren balioekin bat egiten dutenak.

Komunitatearen ideia ere badago atzean?

Nik horretan beti sinetsi izan dut: pertsonen arteko harremanean eta loturan. Eta proiektu honek sortzen ditu lotura horiek: ekoizle txikiak lotzen ditu, salda Elorrion [Bizkaia] egiten da, Udalaitz eta Anboto azpian. Eta ez dut hori erromantizismoarekin lotzen, baizik eta gure errealitatearekin: askotan kontsumitzen ditugun elikagaiak Txinatik edo Hegoafrikatik datoz, eta bertako ekoizpena eta bizitza bultzatzen dira Saalda bezalako proiektuekin. Hori egiten duten pertsonak bertakoak direlako eta bertakoarekin bizi nahi dutelako. Eta bezeroek ere ikus dezatela euren burua salda horren jabe gisa. 

LOTSABAKO

Salda noiz?
Edonoiz.

Salda non?
Mendian.

Salda norekin?
Maite duzunarekin.

Salda zerekin?
Bere kasa. Ezer gabe. Gordin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.