Udako proposamenak

Saltsa, kulturak batzeko tresna

‘Saltsa topagunea’ izenpean, saltsa dantzatzeko saio bat emango du Dantzaki dantza eskolak Zumarragan. Musikarako tartea ere izango da.

Andre-gizon batzuk dantzan, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Andre-gizon batzuk dantzan, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko irailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Saltsa dantzatzeko agertoki bihurtuko da bihar Zumarragako Euskadi plaza (Gipuzkoa). Saltsa topagunea izena daraman jardueraren bitartez, herritarrak dantzan jarriko dituzte Dantzaki dantza eskolako kideek. Gipuzkoako Foru Aldundiak duela urte batzuk abian jarri zuen proiektu baten barnean dago jarduera; Sustraiak eta ahotsak. Raices conectadas egitasmoan, hain zuzen. Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko diputatuak ideiaren jatorria azaldu du: «Gipuzkoa gaur egun lurralde plurala da, eta aniztasun hori gure kulturaren parte da. Ez gara kanpotik datorren zerbaiti buruz ari, baizik eta gure herrietan bizi diren, gure komunitatearen parte diren eta Gipuzkoa egunero eraikitzen duten pertsonez ari gara».

Ideia horri jarraituz, askotariko herrialde eta komunitateen inguruko hainbat topaketa antolatu dituzte dagoeneko. Kuba izan zen lehena: Proyecto Son musika taldearekin elkarrizketa formatuko kontzertu bat egin zuten. Senegalekin egin zuten ondoren. «Euskal Herrian bizi diren emakume senegaldarren testigantzekin eta Sapali taldearen musikarekin», azaldu du Alvarezek. Kolonbiako kulturan ere murgildu ziren, Rio Cumbia taldearen eskutik, eta Txinak ere izan zuen leku bat egitasmoan: Txinako emakumeen esperientziak ezagutarazi zituzten saio baten bitartez. Hondurasko esperientzien berri ere eman zuten beste okasio batean, eta Ukrainakoen berri beste batean.

Horien bitartez, Gipuzkoan bizi diren komunitateei «ahotsa eta ikusgaitasuna» eman nahi diete, Alvarezek azaldu duenez, bakoitzak «bere sustraiak, memoria eta kultur adierazpenak partekatzeko». Eta badago esperientzia horiek guztiek erakutsi dieten zerbait: «Kultura tresna oso indartsua dela zenbait jatorritako pertsonak elkartzeko, elkar ezagutzeko eta elkar aitortzeko».

Ikusleak dantzari

Bihar Zumarragan egingo duten topaketa «parte hartzeko» eta «elkarrekin gozatzeko gonbidapena» dela adierazi du Alvarezek. Hala, musikaren eta dantzaren bitartez, herriko plaza topagune «handi» bihurtu nahi dute, «jendea ez dadin ikusle hutsa izan».

Jose Mari Orbegozo dantzariaren Dantzaki dantza eskolak antolatuko ditu jarduerak. 18:00etan hasiko da lehenengoa: saltsa nola dantzatu ikasteko saio bat emango dute bi dantzarik, eta bertan parte hartu nahi duen edonorentzat irekita egongo da. Ordubete iraungo du, eta ondoren Proyecto Son musika taldearen txanda izango da. Zuzeneko musikaren bitartez arratsaldea girotuko dute bertako kideek. 20:00etan, berriz, DJ Txomin Carrion arduratuko da musika jartzeaz.

Egitarauaz harago, sortu nahi duten giroan azpimarra egin du Alvarezek: «Adin eta jatorri askotako jendea plaza berean elkartzea, dantzatzea, musika partekatzea eta elkar ezagutzea. Are gehiago, saltsa bera ere denetariko kultura eta tradizioen arteko topaketatik sortutako musika da». Horregatik, hain justu, iritzi dio tresna «polita» dela, «aniztasuna ospatzeko eta eremu publikoa elkarrekin partekatzeko».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA