Jaiak. Igorre

San Antonio jaietan murgildu dira bete-betean igorreztarrak

Txupina jaurti ondoren hasi dira Igorreko jaiak; hilaren 17ra arte izango da zerekin gozatu

Euskal dantzek tokia izango dute Igorreko jaietan. JARNO GONZALEZ.
Igorre
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Uda garaia heltzear dagoela, Euskal Herriko toki askotan jaiak hasi dira bete-betean. Urteko egun luzeenen atarian, gazteak azterketak bukatu, liburuak iraila arte baztertu eta parrandarako gogoz ibiltzen dira, herririk herri eta festarik festa. Bada, asteburu honetan eta datorren aste osoan Igorren (Bizkaia) izango dute geldialdia denbora luzez horren esperoan egon direnek.

Arratiako herri horretan atzo hasi ziren San Antonio jaiak. 19:00etan,Agustin Elexpe herriko udaltzainak pregoia irakurri zuen, eta jarraian txupina jaurti zuten udaletxeko balkoitik. Hala, hilaren 17 arte, kaleak, parkeak, tabernak eta herriko bazter guztiak gorriz, berdez, urdinez, laranjaz zein beste kolore askorekin jantziko dituzte igorreztarrek zein bertaratzen direnek.

Egitarau oparoa prestatu dute jai batzordekoek beste behin, eta jendeak antolatutako ekintzetan parte hartzea nahi dute. «Gura dugu herriko kultur eragile eta kuadrilla guztiek gurekin bat egitea. Parte hartzeko jaiak bultzatzen ditugu», argitu du Gotzone Arrizabalaga Igorreko jai batzordeko kideak. Horretarako aurreneko aukera atzokoa izan zen, baina gaur ere ez da abagunerik faltako. Aurtengo berritasunarekin hasiko dute eguna: «Intxaurbizkar kultur elkarteak antolatuta, Mila kilometro baietz euskararen alde antolatu dute. Herrian zehar mila kilometro egitea da helburua», zehaztu du Arrizabalagak. 12:00etan paella txapelketan izena eman dutenak hura prestatzen hasiko dira.

Arratsaldean, Zaztaparrak taldeak umeak jolasten jarriko ditu kultur etxeko parkean. 16:30ean Igorreko jaietako XXII. pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte. Aurrena, haurrak lehiatuko dira, buruz buru eta binaka. Ondoren, helduak. Londresen egin aurretik, olinpiar jokoak txosnen gunean egingo dira. Gauean, nola ez, kontzertua nagusituko da: Tapakubos, Enkore eta Stupenda Jones.

Bihar, etzi eta etzidamu egun lasaiak izango dira. Bihar goizean, txirrindularitza lasterketa egongo da; arratsaldean, Eskolakoen Mihiluze lehiaketa. Asteburuko parranda atzean utzita, spinning egiteko baliatuko dute astelehen arratsaldea. 19:00etan, futbol aretoko txapelketak izango dira, eta 19:30ean, Arratiako Musika Eskolaren emanaldia. Asteartean, egun guztian, Arratiatruke merkatua egongo da, eta 17:00etatik aurrera, umeen karaokea, frontenisa eta eskalada, besteak beste.

Asteazkena egun nagusia

San Antonio eguna da jaietako egun nagusia, asteazkena. Haurrek puzgarriak eta txu-txu trenean ibiltzeko aukera izango dute goizez eta arratsaldez. 12:00etan meza egongo da, eta Arantzarte dantza taldearen emanaldia 19:30ean. Ostegunerako, triki-poteoa eta herri afaria antolatu dituzte.

Ostiral arratsaldean bakailao eta arrautzopil txapelketak daude. 22:00etatik aurrera, Hortzikarak eta Narko taldeen kontzertua. Izargi taldearen erromeria doinuak dantzatuz bukatuko dute Eguna. Larunbatean kirola nagusituko da, mendi bizikletako herri lasterketa, igeriketa lehiaketa eta umore rallya egongo baitira, besteak beste. Eskean, Oprints Pas eta Trikizio taldeen musika doinuak ere entzungo dira egunaren amaieran.

Igandean, erretiratuek bazkaria eta karta txapelketa izango dute. 19:00etan, Jokaldi taldeak dantzan jarriko du plaza. Aurtengo jaiak txokolatea hartuz bukatuko dituzte. «Ea eguraldiak lagundu eta herria kolorez janzten dugun», esan du Arrizabalagak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.