'San Juan': erria txikotak!

Uretaratu dute ‘San Juan’ baleontzia, XVI. mendean Kanadan hondoratu zenaren erreplika. Albaola Itsas Kultur Faktoriaren lanak azken fasean sartu dira, horrenbestez: itsasoko lanetan. 2027ko udan Kanadara bidaiatzea espero dute.

enekoitz telleria sarriegi
Pasaia
2025eko azaroaren 7a
17:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itsasoak kendu, eta itsasoak eman. Behinola hondoa jo zuena azalera irten da: baleontzia, eta haren memoria. Lurretik itsasora egin du, eta itsasotik ere bai lurrera. Urperatu itsasontziak egiten baitira, baina ez haien historia. Ongi dakite hori Albaola Itsas Kultur Faktorian. Uretaratu dute San Juan. 2014an hasitako lanak azken fasean sartu dira, horrenbestez: itsasoko lanak, itsasoan, Pasaiako badian (Gipuzkoa). Sokak, belak, aingurak, barrikak eta balea txalupak. Erria txikotak! San Juan baleontziak Kanadara begira jarrita dauka branka.

Eta ongi joan da dena. Baina izan da kezkarik: «Ez da hondoratuko, ezta?». Balbea duenaren galdera. Ez da halakorik gertatu. 50.000 kilo harri koskor sartu dizkiote ontziari, «egonkortzeko». Horrek ez du esan nahi urduritasunik egon ez denik. Aurrekariak oso presente izan dituzte Albaolakoek. Vasa galeoia uretaratu zuten egunean hondoratu zen Stockholmen (Suedia), 1628an. Victoria ontziaren erreplika ere bai Huelvan (Espainia), 1991n. Garrantzitsua zen itsasaldiak errespetatzea, eta horregatik izan da uretaratzea 17:00etan. Ezustekorik gabe joan da dena.

Ikusmin handia sortu du ekitaldiak. Trafikoa itxita egon da lurrez eta itsasoz. Badiaren ertzetan bildu da jendea, eta Albaola faktorian agintariak. Itsasoratu aurretik erakutsi diete ontzia erakundeei. Han izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza, Euskal Elkargoko lehendakari Jean Rene Etxegarai, Pasaiako alkate Teo Alberro, Espainiako eta Kanadako gobernuetako ordezkariak, Unescokoak eta Kanadako mikmak komunitate indigenako Stephen Augustine.

Errenteriako (Gipuzkoa) Zaria koru eskolakoak aritu dira kantuan. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Aitor Mendiluze bertsotan. Eta Jon Maia eta Maitena Salinas aurkezle lanetan, dozenaka gonbidaturen aurrean. Bideo batekin azaldu dute prozesu osoa: «Etor zaitez Pasaiara, eta izan zaitez lekuko».

Izan dira mintzaldiak. Goresmenak eta loreak. «Ez da ontzi soil bat. Gure memoriaz eta nortasunaz hitz egiten du», esan du Teo Alberro alkateak. «Ezin dugu asko luzatu, itsasoak agintzen baitu», iragarri du Xabier Agote Albaolako presidenteak. Horretan, ez diote kasu handirik egin.

Lucia Lakarra eta Mathew Goldwing aritu dira dantzan, eta Robert Grenier omendu dute. Hura izan zen Red Bayn egindako indusketa lanen arduraduna eta sustatzailea. Osasunez pattal samar dagoenez, ez da Pasaian izan, baina Caroline Marchand emazteak jaso ditu haren izenean loreak eta omenak. «Ideia ero, eder eta hunkigarrien» aldeko aldarria egin du Pradales lehendakariak. Joan direnak eta San Juan uretan ikusterik izan ez dutenak ere hartu dituzte gogoan. Boluntarioak, bisitariak eta babesleak.

Eta iritsi da unea. Prest dago San Juan, gurdi erraildunaren gainean. Jendetza badiaren ertzetan eta muinoetan. Agotek azken pernua jarri du ontziaren barrualdetik. Eta Alaia Agote bilobak eta Caroline Marchandek emandako erramua jarri du ontziaren brankan. Eta euskal sagardoarekin busti du Marchandek kroskoa —sagardoa baitzen edari nagusia XVI. mendeko itsasontzietan—. Eta eman diote gurdiaren botoiari, eta hasi da San Juan kableari lotuta apurka-apurka uretara bidean. Irrintzi eta adar soinu. Sakelako eta drone artean. Haren habitat naturalean askatu duten arte. Eta Pasaiako badian barrura joan da, itzultzekotan, Albaolako beharginen besarkada eta negar artean. Abesti bat entzun da: «Malko horiei esker, orain itsasoa gara».

Kanadara begira

1565ean hondoratu zen San Juan baleontzia Red Bayn (Kanada). Ekaitzak harrapatu zuen Ternuako ur hotzetara baleak arrantzatzera joandako itsasontzi bikain hura. 1978an aurkitu zituzten hondakinak. Laurehun urte baino gehiago egin zituzten ur azpian, baina egoera onean. Sei urte iraun zuten indusketa lanek. Xabier Agotek National Geographic aldizkarian ateratako albiste baten bidez izan zuen euskal baleontzi haren aditzera lehen aldiz (1985). Urte batzuk geroago sortu zuen Albaola (1997), eta proiektu erraldoi bati ekin: XVI. mendeko baleontzi haren erreplika eraikitzea, orduko materialak landuz, orduko teknikak erabiliz, eta orduko ofizioak berpiztuz.

Eta eraikuntza prozesua bera bilakatu zen Euskal Herriko itsas kulturari buruzko lezio etenik gabea, eta agertoki ezin hobea. Prozesua bera, eta prozesuak sortutako ondarea. Ontzigintza tradizionala goratzea. Hutsetik hasi ziren. Nafarroara joan ziren egurraren bila: Sakanako, Mugiroko eta Ultzamako haritzak, eta Zaraitzuko izeiak. Gipuzkoan botatako sei pagorekin egin zituzten balea txalupetarako arraunak: Ataunen arraunen. Burgostik (Espainia), idiek tiratutako gurdietan, bikea eta mundruna ekarri zuten itsasontziaren egurra irazgaitz bihurtzeko. Sokagintza lanbidea berreskuratu, eta soka makina bat eraiki. Burdindegia eta errementariak. Luzea izan da prozesua. Bizkarrak jarri, gaztelua egin, eta tximinia kokatu. Zazpi metroko pagoaren enborra hustuz egin zuten xukaponpa. Arotzak, ikasleak eta boluntarioak. Eta bisitariak; bisitari asko. Horixe da: prozesua bera, eta prozesuak sortutako ondarea.

Eta uretaratu dute San Juan, eta itsasoko lanak gelditzen dira orain egiteko. Hemezortzi hilabeteko lana aurreikusi dute. Mastak eta bergak jarri, belak zintzilikatu, sokak korapilatu —lau kilometro denera—. Aingurak ere behar dituzte, eta Albaolako burdindegian eta etxeko errementariek egingo dituzte sutan gorituta eta kolpeka edertuta. Madrilgo Trajearen museoarekin hitzartu dituzte arropak, eta Basque Culinary Centerrekin ikertuko dituzte garai hartako errezetak eta janaria —sukaldari bila dabiltza—. Eskifaia ere osatu behar dute. Profesionalak izango dira batzuk —kapitaina barne—, eta formakuntza jasoko duten boluntarioak beste batzuk. Helburua: 2027ko udan Kanadara bidaiatzea, XVI. mendean egiten zuten gisan. Behinola hondoa jo zuena azalera irten dadin berriro: San Juan baleontzia, eta haren memoria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.