Albaola Itsas Kultur Faktoriako presidentea

Xabier Agote: «Galduta zegoen ezagutza berreskuratzea izan da zailena»

«Halabeharrez» urduri, ilusioz eta eskertuta: horrelaxe dago Xabier Agote. Baina «bizitza aldatu» zion proiektuaren hurrengo faseari begira jarrita ere bai.

Xabier Agote, gaur goizean, 'San Juan' baleontziaren maketa alboan duela, azalpenak ematen. JON URBE / FOKU
Xabier Agote, gaur goizean, 'San Juan' baleontziaren maketa alboan duela, azalpenak ematen. JON URBE / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Pasaia
2025eko azaroaren 7a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mahonezko galtzak soinean, eta Albaolaren irudia daraman izokin koloreko atorra. Aitortu du horrenbeste aldiz galdetzearen poderioz dagoela urduri: «Halabeharrez». Eta urduri egotekoa da, «bizitza aldatu» zion proiektu bati buruz ari baita Xabier Agote (Donostia, 1964). Ontzia uretaratu aurretik hainbat komunikabiderekin izandakoa da solasaldia: «Egon lasai denok: ez da hondoratuko». Aitortu du bart «lo gutxi» egin duela: «Kezkak beti daude, baina itsasontziak baino gehiago kezkatzen nau gurdiak. Ontzia erraildun gurdi baten gainean dago pausatuta, eta ez dugu inoiz erabili. Badabil, baina...». Barrez esan du, eta eskerrak. Gaur 17:00etan uretaratuko dute San Juan baleontzia, Albaolan, Pasai San Pedron (Gipuzkoa).

San Juan baleontziaren egurrezko maketa bikain bat du mahai gainean, eta uretaratzeko prest dagoen erreplika beiratearen bestaldean. Egun «seinalatua eta inportantea» dela dio: «Baina ni jada hurrengo fasean ari naiz pentsatzen; oraindik lan asko dago egiteko». Eta seinalatu du maketa: «Aingura hauek egin behar ditugu. Hemen txikiak ematen dute, baina jatorrizkoak oso handiak dira». Oraindik bukatu gabe dagoen aingurategi bat ari dira egiten Albaolan bertan. «Funtsezkoak dira aingurak. San Juan baleontziarena apurtu egin zen, eta horregatik galdu ziren badia batean».

Seinalatu du berriz ere maketa. «Eta masta hauek egin behar ditugu. Zaraitzutik opari gisa jaso genituen izeiekin egingo ditugu. Hor kanpoan dauzkazue. Eta ikusten duzue hau? Berga honek hemezortzi metro dauzka». Itsasontzi berezia zen San Juan: ozeanoz bestaldeko zamaontzi bat, balearen olioa garraiatzeko sortu zutena. «Berrehundik gora barrika zeramatzan hondoratu zenean». Horregatik da itsasontzi «tripaundia», eta horregatik behar ditu ohiko itsasontziek baino bela handiagoak.

Bidaian pentsatzen ari da jada Agote. Ontzia XVI. mendean bezala nahi dute zamatu. Kobrezko lapikoak ere eraman nahi dituzte, balearen gantza urtzeko erabiltzen zituztenak bezalakoak. Eta Kalderash etniako ijitoekin jarri dira harremanetan, haiek baitziren garai hartan lapiko horiek egiten zituztenak, eta horretan aritzen baitira oraindik. 

Eskifaia ere aukeratu behar dute. Berrogei lagunek osatuko dutela argitu du Agotek. «Eta eskifaia hori trebatu egin behar da, baina XVI. mendeko itsasontzi batean nabigatzeko, ezaugarri berezi batzuen arabera. Izan ere, jende askok daki nabigatzen, baina inork ez du izan halako itsasontzi batean nabigatzeko aukerarik. Ez dauka motorrik».

«Ontzia eraikitzea neketsua izan da, baina zailena Albaola eraikitzea izan da. Albaola izan baita halako proiektu bat aurrera eraman ahal izateko beharrezko testuingurua»

XABIER AGOTE Albaola Itsas Kultur Faktoriako presidentea

Zaila izan da San Juan baleontzia egitea? «Ontzia eraikitzea neketsua izan da, baina zailena Albaola eraikitzea izan da. Albaola izan baita halako proiektu bat aurrera eraman ahal izateko beharrezko testuingurua. Galduta zegoen ezagutza hori berreskuratzea izan da zailena. Memoria hori ez zuen inork aldarrikatzen. Hutsetik hasi ginen, eta memoria kolektiboa itzultzea ere izan da gure lana».

Eta orain zer? Ontzia uretaratu ostean, «eremu tekniko» batean edukiko dute, osagarri guztiak jartzeko. Udaberri hasieran, Albaolara eramango dute berriz, eta «erraiak» bisitatzeko aukera egongo da. 2027ko udan, berriz, Kanadara abiatzea da asmoa: «Gure arbasoen uberari segika». Pasaiatik abiatu baitzen XVI. mendeko San Juan baleontzi hura ere Kanadara, eta eskertu nahi dute hango gobernuak eta herritarrek emandako babesa. «Programazio kultural bat abiatuko dugu hemen, eta Kanadan amaituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.