San Mames: ekitaldi masiboetako fluxua hobetzeko lanean

Bilboko estadiotik ateratzen eta sartzen den jendetzaren portaera aztertu dute BCAMeko ikerlariek, ekitaldi masiboetan mugikortasuna hobeto kudeatzeko asmoz.

Athleticeko zaleak, Bilboko San Mames estadioan, irailean. JAVIER ZORRILLA / EFE
Athleticeko zaleak, Bilboko San Mames estadioan, irailean. JAVIER ZORRILLA / EFE
itsaso jauregi 2
2025eko urriaren 31
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bufanda zuri eta gorriak San Mames estadioaren inguruan: jokalariek zelaian zer egingo duten ikusteko gogoz dago jendea; zale batzuk korrika doaz euren atera, beste batzuk poliki hurbiltzen dira. Aurkariaren aldeko zaleek beste ate batetik sartu behar dute, marea gorri eta zuritik urrun. BCAM Matematika Aplikatuen Euskal Zentroko ikertzaileek tresna konputazional bat garatu dute gertakari masiboetan oinezko horien mugikortasuna aztertu eta optimizatzeko, eta San Mames futbol estadioan zentratu dira.

Azken urteetako ekitaldi jendetsuen gorakadak —jaialdiak, futbol partidak, manifestazioak eta kontzertuak— agerian utzi du aurretik prestatzeko tresnak behar direla, arriskurik eta pilaketarik egon ez dadin. Segurtasuna eta parte hartzaileen esperientzia ona bermatzeko sortu zuten M3OVE: ModelizaciĂ³n MatemĂ¡tica de la Movilidad Urbana para la GestiĂ³n y OrganizaciĂ³n de Eventos Masivos proiektua (Hiri Mugikortasunaren Modelizazio Matematikoa Ekitaldi Masiboak Kudeatzeko eta Antolatzeko).

Testuinguru horretan, jendetzaren portaera kolektiboa ulertzea lehentasun bihurtu da administrazio publikoentzat eta antolatzaileentzat. Administrazio publikoarekin eta Athletic klubarekin estuki lan egin dute Marco Ellerok —Ikerbasqueko irakasle ikertzailea da, eta BCAMeko fluido konputazionalen dinamiken modelizazioa eta simulazioa ikerketa lerroko taldeburua—, eta Dae Jin Lee datu zientzietako irakasle eta IE Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia fakultateko ikertzaileak. «Matematikan oinarritutako tresna bat sortzea zen helburua, Bilbon dauden ekitaldi masiboetan pertsonen fluxua kontrolatzeko», argitu du Ellerok.

Planoei begira

Garatutako tresna konputazionala ulertzeko, atzera egin behar da, COVID-19aren pandemiaren garaira, hain zuzen ere. «2020an estadioetan sartzeko murrizketak izan zirenean, sartzeko protokolo bat zegoen, eta, horren arabera, pertsonen ehuneko jakin bat bakarrik joan zitekeen estadioetara. Hortik etorri zitzaigun protokolo hori nola definitzen den ikusteko eta ikertzeko grina», azaldu du Leek.

Athletic klubarekin egindako lankidetzari esker, zaleek San Mamesen sartzeko erabiltzen dituzten benetako datuak eta estadioaren planoak eskuratu ditu ikertzaile taldeak. Futbol partidetako sarreren datu erreal anonimizatuak eskuratu ahal izan dituzte San Mameseko tornuetatik. Gainera, estadioaren planimetria eta hiri ingurunearen geometria erabili dituzte esparruaren eta inguruko kaleen biki digitala sortzeko: jendetza estadiora joaten, ezarritako protokoloak jarraitzen, eta, azkenik, tornuak zeharkatzen. Datu horien bidez, kontzeptu proba bat egin dute, zelaira sartzeko garaian zaleen portaera simulatzen duena, batez ere ikusle gehien izan dituzten partidetan.

Bilboko San mames estadioan oinarrituta egindako simulazioa. BCAM

Bilboko San Mames estadioan oinarrituta egindako simulazioa. BCAM

Lortutako informazio horren bidez, UEFA Europa ligako 2024-2025eko denboraldiko partidetan estadiora sartzeko jarri zituzten protokolo berberak simulatu dituzte, beraz. Pertsonen dentsitate handiko eremuak identifikatzea zen asmoa, baita hesiak jartzeak zaleen mugikortasunari nola eragiten dion ulertzea ere. «Ereduak aukera ematen digu hainbat agertoki simulatzeko: adibidez, zer gertatuko litzatekeen kale jakin batzuk itxiko balira, sarbideak aldatuko balira, edo estadioaren kanpoaldean segurtasun perimetro bat ezarriko balitz, Europako lehiaketetako finaletan egiten den bezala», gaineratu du Ellerok.

San Mamesen testuinguruan, estadioaren ingurua hartu zuten oinarri gisa simulazioa egiteko. Futbol partidak daudenean, aurkarien zaleak Moyua plazan elkartzen dira, gune irekietan, eta protokolo batzuk jartzen dituzte martxan zaleak partidara iristeko. Agertoki guztiak BCAMen sortu duten mekanismoari esker plantea litezke. «Simulazioetan ikus dezakegu zer gertatuko litzatekeen zaleak beste kale batzuetatik joango balira, jende pilaketak sortuko diren edo ez, eta zer gertatzen den jende masak abiadura desberdinak hartzen dituenean», azaldu du Leek. Errealitatea gero bestelakoa izan daiteke, baina asmoa da simulazioa finduz joatea, agintariekin eta erakundeekin lan eginez, gauzatu nahi dituzten protokoloak ezagutzeko.

Giza oldea

Simulazioez gain, ikertzaileek masen portaera ere aztertu dute, eta dentsitate handiko jendetzak fluido gisa jokatzen duela ondorioztatu dute. Baina ez uraren gisako fluido batek bezala, baizik eta formaren arabera testuraz aldatzen den fluido batek bezala. «Jendea estadiotik poliki ateratzen bada, ondo ateratzen da, baina erritmoa bizkortu nahi badute, pilaketak sortzen dira eta masa solidotu egiten da. Erlazio bat dago jendetzaren eta fluido konplexu mota horren artean», azaldu du Ellerok. 

Giza olde bat eratzen da: aurrera-atzera, ezker-eskuin, marea balitz bezala. Urte hasieran Nature aldizkarian jendetzaren eta fluido baten arteko harremana ikertzen zuen lan bat argitaratu zuten, Iruñeko sanferminetako txupinazoan sortutako mugimenduak aintzat hartuta. Udaletxe plazan mugimendu zirkular batzuk gertatzen direla ondorioztatu zuten, gero eta handiagoak, eta hemezortzi segundo behar direla mugimendu zirkular bakoitza amaitzeko. San Mamesen, jendetza pilatzean sor daitezkeen arazoei erreparatu diete batez ere.

BCAMek garatutako teknologia pertsona asko biltzen den edozein egoeratan erabil daiteke, ikertzaileen arabera. Amaitu berri dute simulazioa baliozkotzeko fasea, eta hurrengo urratsa protokoloak proposatzea da, sarrera-irteeretan ilarak sortu ez daitezen eta jendea pilatu ez dadin. «Estadioaren sarreran eta irteeran gertatzen dena aurreikusten duen eredu bat dugunez, etorkizuneko partidetan erabili ahal izango dugu. Egoera geometriko berrietan portaera orokorrak aurreikus daitezke ekitaldiaren eguna iritsi baino lehen», ondorioztatu du Ellerok. Beraz, ikertzaileek defendatzen dute proiektuaren emaitza ekitaldi jendetsuetan, hala nola partidetan, kontzertuetan eta manifestazioetan segurtasuna kudeatzen laguntzeko tresna dela.

Kirol ekitaldiak antolatzeko ez ezik, leku mugatuetan jende asko biltzen den edozein egoeratan ere erabili ahal izango da tresna hori, beraz. Era berean, tresna hori hiri plangintzan aplika daiteke, oraindik eraikitzen ari diren eremuetan oinezkoek duten portaera ebaluatzeko aukera izateko. Pertsonen fluxuaren kudeaketa hobetzeko funtsezko azpiegituretan, hala nola metro geltokietan, merkataritza zentroetan, osasun zentroetan edo hiriguneetan ere aplikatu nahiko lukete etorkizunean. «Kontzentrazio handietan pertsonak nola mugitzen diren jakiteak lagundu egiten digu, istripuak saihesten ez ezik, baita hiri atseginagoak eta biztanleen benetako beharretara egokituak diseinatzen ere. Matematika, alde horretatik, funtsezko aliatua da», adierazi dute ikerlariek BCAMek zabaldutako oharrean.

Ikerketa taldea beste eredu batean ere ari da lanean, gaixotasun infekziosoen transmisio lokala simulatzeko, eta oinezkoen dinamika ereduari egokitu ahal izateko. Galdakao-Usansolo Unibertsitate Ospitalearekin lankidetzan, patogenoen transmisio egoerak simulatzen ari dira. Horren bidez, taldeak simulazioen modeloa gaixotasunen transmisiora zabaldu nahi du, bai ospitaleetan, bai pertsonen zirkulazio handia duten beste ingurune itxi batzuetan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.