San Tomas eguneko aurtengo azokak aurreko urteetakoak baino are jendetsuagoak izango direla dirudi. Abenduaren 21ero bezala, dozenaka postuz, kolorez eta usainez beteko dituzte Bilboko, Donostiako eta beste hainbat herritako erdiguneak, baina ñabardura batek are azokagoa bihurtuko du jada urteko merkaturik inportanteena dena: igandean ospatuko da oraingoan. 243 etxola ipiniko dituzte Bilboko Areatzako pasealekuan —horietatik 166 ekoizleen saltokiak dira—, eta 163 posturekin beteko dituzte Donostiako Plaza Berria eta haren ingurua.
Ugaritasun horretan, barazkiak, frutak, babarrunak izango dira, ogia, pastelak, kontserbak, txerrikiak, eztia eta esnekiak; bertaratuko dira, halaber, artisauak; eta jateko eta edateko makina bat aukera eskainiko dituzte, era berean: txakolina eta sagardoa, talo tradizionala, glutenik gabekoak, beganoak...
Bilbon, kasurako, hamabi txosna ipiniko dituzte. Bizkaiko hiriburuan 76. aldiz egingo dute merkatua, 09:00etatik 22:00etara bitarte; iaz 100.000 lagun baino gehiago egon ziren han. Asier Abaunza Bilboko Udaleko Hiri Plangintza, Proiektu Estrategiko eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotziaren arabera, hirian «sakonki errotutako ospakizuna» da San Tomas. «Herritarren eta lehen sektorearen arteko topagunea da».
Bilboko Konpartsentzat ere, abenduaren 21a urteko egunik inportanteenetako bat da, Aste Nagusiarekin eta inauteriekin batera. Hala iradokitzen du iganderako prestatu duten egitarau oparoak. Bilbo Hiria irratiaren irratsaioa, txosna eta gune gastronomikoa abiatuko dituzte goizetik, haurrentzako eskulanak eta tailerrak eskainiko dituzte 12:30etik aurrera, eta bertso saio bat ere antolatu dute ordu horretarako: Maite Sarasola, Enare Muniategi eta Ander Anakabe ariko dira kantuan. Arratsaldean, musikarekin alaituko dituzte Areatzako bazterrak: Kitturen doinuak 16:00etan, Lehian erromeria 19:30ean, eta, ordu berean, Bilbo Kantari abiatuko da Zazpikaleetako Bolsa eraikinetik.
Donostian ere interes eta adin askotarako jarduerak izango dira. Hainbat erakusketa prestatu dituzte, baita lehiaketak ere: txistorrarena, lurreko produktuena, Donostialdeko eztiarena, txorimaloena eta baserritarren jantziena. Horrez gain, Bilbon legez, musikaz jantziko dute Donostia: trikitilariak eta txarangak ibiliko dira erdiguneko eta Alde Zaharreko kaleetan, eta erromeria entzungo da Bulebarreko kioskoan. Kirola ere ez da faltako: emakumeen pilota partidak jokatuko dituzte, eta andre aizkolarien Urrezko Kopa hartuko du Trinitate plazak; norgehiagokaren ostean, bertsolaritza saio batek girotuko du eremua: Peru Aiartza eta Nerea Elustondo ariko dira, librean.
Haurrek ere izango dute zer egin. Izan ere, familia asko joan ohi dira San Tomas eguneko azoketara, eta haur mordo bat ikusi ohi da txerriaren inguruan, edo talo handiak eskuetan, edo postuak arakatzeko ahaleginetan, haietako asko txapela buruan eta baserritar jantzita. Marrazki tailerretan parte hartu ahalko dute, baita euskal mitologian oinarritutako jokoetan ere, besteak beste.
Poxpolini begira
Gaitza da identifikatzea nor edo zer izan daitekeen protagonista nagusia Bilboko San Tomas azokan, baina ariketa erraza da Donostiakoan: Plaza Berrian erakusten duten txerria izan ohi da eguneko interes handienetako bat. Kaxilda izan zen iazko protagonista, eta Poxpolin izango da aurtengoa. 10:00etatik 22:00etara arte egongo da plazan, eta hari argazkiak ateratzeko aukera izango dute hesien bestaldetik. Elgetako (Gipuzkoa) Arantzeta baserrian hazitakoa da, eta iganderako 350 kilo pasatxo izango dituela aurreikusten dute. Hamabost hilabeteko animalia da.