Sanagustinak Erandion

Sanagustinak, denen gustura

Gaur eta bihar izango dira Erandioko jaietako egunik garrantzitsuenak herritarrentzat

Gazteek herri bazkariaz eta biharko gazte egunaz gozatzeko aukera izango dute. ERANDIOKO JAI BATZORDEA.
2015eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Herenegun hasi ziren Erandioko (Bizkaia) sanagustinak. Gaur, San Agustin Eguna izaki, egun handia izango da, baina baita biharkoa ere: «Berez, San Agustin Eguna izaten da egunik handiena; aurten, ordea, ostirala egokitu denez, larunbata ere halakoa dator», azaldu du Oihane Laiseka Jai Batzordeko arduradunetako batek. «Edonola ere, gure jaiak Bilboko Aste Nagusiarekin bat egiten duenez, beste urteetan baino jende gutxiago biltzea espero dugu».

San Agustin Eguna giroz betea dator, hala ere; izan ere, goiz goizetik, ekintza andana antolatu ditu Jai Batzordeak, adin guztientzat egokitua. 09:00etako dianarekin hasiko dute eguna erandiotarrek. Haurrek puzgarriak izango dituzte eguerdi eta arratsaldean, Txori Herri kalean, baita erraldoi eta buruhandien irteera ere, Gautxoritik.

Kirolari sena dutenek ere izango dute egun handiaz gozatzeko parada: kuadrillen artean, kirol probak egingo dituzte, ginkana jokoarekin. Horrez gainera, kuadrillen arteko triatloia egingo dute, baita waterlineko erakustaldia eta esku pilota partidak ere, besteak beste. «Aurtengo berrikuntza Waterlineko Lehenengo Erakustaldia izango da; izen hori eman diogu, lehen aldiz egingo dugulako, itsas hesian. Badago erandiotar mutil bat kirol hori egiten duena, eta eskolak ematen ditu musu truk. Funtsean, kirol hori sustatzea eta gizarteratzea du helburu», gehitu du Laisekak. Dantza ikuskizunak ere eskainiko dituzte; hain zuzen, Uztargi dantza taldearen emanaldia eta Larrain dantzarena.

Gastronomiari dagokionez, erretiratuentzat bereziki antolatutako luntxa egingo dute herriko azoka zaharrean, 13:00etan. Halaber, herritarrek gogoz itxaroten duten herri bazkaria egingo dute Irailaren 23a plazan, 15:00etan; kuadrilla bakoitzak bere janaria eramango du. Mahaiez eta aulkiez Jai Batzordeko kideak arduratuko dira. «Erandioko okindegi ezagun batek ogia jarriko du, eta herriko upategi batek ardoa, doan», gehitu du Jai Batzordeko kideak. Txorizo eta sagardo dastatzea ere egingo dute Batzokian, 19:30ean.

Jaietako egitarau orotan falta ezin den musika egitaraua oparoa da gaurkoan: 22:30ean hasiko da The Godory's Wonderers taldearen emanaldia, eta, jarraian, Txorierriko bigarren musika lehiaketaren irabazleak jakinaraziko dituzte, Irailaren 23a plazan. Gatillazo taldeak ere emango du kontzertua, 00:00etan. Hori amaitzean, galtzontzillo eta kulero lasterketa egingo dute, txosnetatik abiatuta. Segidan, Batek Daki erromeria taldeak joko du. Ordu berean, ordea, DJ Mangas egongo da, eta, 01:00etan, DJ Munza.

Gazte eguna, gazteentzako

Bihar ere gazteek izango dute zertan gozatua: Gazte Eguna antolatu du Erandioko gazte asanbladak. «Aurten, ordea, laguntza berezia eman digu Ernai elkarteak», adierazi du Ane Gamarro gazte asanbladako kideak. «Bederatzigarrenez antolatu dugu Gazte Eguna: gazte bazkaria, kalejira eta kontzertuak». Bilboko Aste Nagusia dela eta, «herriko jendea bilduko duen parranda» izango dela gaineratu du Gamarrok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.