Sanferminetako txupinazoa jaurtitzeko bost hautagaiak aurkeztu ditu Iruñeko Udalak

AFAN, Iruñeko Gaiteroen Elkartea, Nafarroako Yala, Juan Jose Martinena eta Alberto Gurrea dira txupinazoa botatzeko hautagaiak.

Iruñeko sanferminetako txupinazoa, 2024an. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko sanferminetako txupinazoa, 2024an. IÑIGO URIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2025eko maiatzaren 28a
20:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Txupinazoa jaurtitzeko gutxi falta da, eta bost hautagai lortu dute Sanferminetako Mahaiaren babesa: AFAN Alzheimerra eta bestelako dementziak dituztenen eta haien senideen Nafarroako elkartea, Iruñeko Gaiteroen Elkartea, Nafarroako Yala, Juan Jose Martinena eta Alberto Gurrea.

Txupinazoa botatzeko zazpi hautagaitza aurkeztu dira aurten. Horietako bat, Ezkirozko (Nafarroa) BSHko langileena, Balorazio Batzorde Teknikoak deuseztatu du, ezin baita aurkeztu ordezkari, erakunde edo talde «politiko, sindikal, enpresarial edo erlijiosorik». Gaur arratsaldean, Sanferminetako Mahai Orokorrean 21 erakundek bozkatu dute onartutako sei proposamenen artean, eta horietako erakunde bakoitzak gehienez 15 puntu banatu ditu: bost lehen aukerarentzat, lau bigarrenarentzat, hiru hirugarrenarentzat, bi laugarrenarentzat eta bat bosgarrenarentzat. Zenbaketa egin ondoren, seigarren aukera alde batera utzi da, bakarrik bost hautagai izan daitezke eta.

AFANen hautagaitza Gurutze Gorriak, Cermin elkarteak eta Duguna Iruñeko udal dantza taldeak proposatu dute, eta 68 puntu lortu ditu osotara. Bigarrena Iruñeko Gaiteroen Elkartea izan da, 61 puntu bilduta, eta Iruñeko erraldoi eta buruhandien elkarteak proposatu du. Alberto Gurrea jotari eta ile apaintzailea Amudisnak proposatu du, eta 42 puntu lortu ditu; Juan Jose Martinena historialaria, berriz, Iruñeko sanferminetako La Escalerica peñak proposatu du, eta 41 puntu batu ditu; Nafarroako Yala Iruñeko Peñen Federazioak proposatu du, eta 37 puntu lortu ditu.

Aukeratzeko garaia

Sanferminetako Mahai Orokorraren bozketaren ondoren, herritarren txanda iritsi da. Aurtengo suziria nork piztuko duen aukeratzeko bozketa ekainaren 2an hasiko da, eta herritarrek ekainaren 13ra arte izango dute aukeratzeko. Urtero bezala, 16 urtetik gorakoek bakarrik eman dezakete botoa, eta ezinbestekoa izango da Iruñean erroldatuta egotea. Botoa emateko hiru aukera daude: 010 – 948 420 100 telefonoaren bidez, www.pamplona.es webgunean, edo aurrez aurre, Civivox zentroetan jarriko diren hautetsontzietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.