Asteburuko proposamenak

Sanjoanak, zortziko txikian

Zortziko Txikikoen Txapelketa egingo dute etzi Markina-Xemeingo Amallo auzoan. Saioko bertso den-denak zortziko txikian josiko dituzte.

Zortziko Txikikoen Txapelketaren lehen aldia, 2024an, Amalloko ermitan. AMALLOKO JAI BATZORDEAK UTZITAKOA
Zortziko Txikikoen Txapelketaren lehen aldia, 2024an, Amalloko ermitan. AMALLOKO JAI BATZORDEAK UTZITAKOA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2026ko ekainaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Baserri oso bat jan/ ahal badu pipiak,/ ni hola egin banau/ amaren titiak,/ hizkuntza sortzen badu/ lehenengo hizkiak,/ zer ezingo du lortu/ zortziko txikiak?». Horrela agurtu zituen iaz Jon Maia Soria bertsolariak Amalloko ermitara (Markina-Xemein, Bizkaia) bilduta zeuden bertsozaleak, Zortziko Txikikoen Txapelketaren hasieran. Izan ere, horixe ere egiten dute Amalloko San Joan jaietan: zortziko txikian ondutako bertsoz osatutako saio bat, txapelketa bat, esperimentu bat. Tira, esperimentu gisa sortu zenak hirugarren aldia izango du etzi, oso ondo funtzionatu baitu aurreko bi aldietan. Zer ezingo du, bada, lortu zortziko txikiak? Dena kabitzen da-eta haren barruan.

Izan ere, «gaiak denetarikoak dira». Horixe nabarmendu du Amalloko jai batzordeko kide Joseba Sololuzek; bera arituko da gaiak jartzen. «Erabaki genuenean txapelketa egitea, ikusi genuen zortziko txikia beti umoreagaz lotzen dela, baina doinu asko daude, eta aukera ematen dute gai serioez edo sakonagoez ere kantatzeko. Zera esan genuen: ‘Ba, egin dezagun Zortziko Txikikoen Txapelketa, erakusteko badaudela doinuak, eta haiek kantatzeko’. Gai serioak eta sakonak daude, eta umorezkoak ere bai: denetarikoak», azaldu du Sololuzek.

Markina-Xemeingo Amallo auzoko sanjoanen egitarauaren barruan dago bertso saioa, txapelketa forma ere baduena. Auzoko ermitan afaria egingo dute etzi, 21:00etan, eta hura bukatzean hasiko da bertso saioa. Aurten Oihana Bartra, Andoni Egaña, Xabat Galletebeitia eta Maialen Lujanbio arituko dira bertsotan; sarrerak aurrez erostea komeni da.

Amallo auzo bertsozalea izan da betidanik, eta horri jaietan eusteko xedez hasi ziren Zortziko Txikikoen Txapelketa antolatzen. «Amallon pila bat urtetan egiten zen Goizaldeko Bertsolari Txapelketa. Sariketetan ez zebilen eta parrandan bertsotan ibiltzen zen jendeak kantatzen zuen, erdi umorez, goizaldeko ordu txikietan. Egiteari utzi genion, baina bertsoekaz jarraitu nahi genuen. Kopla txapelketa bat egin genuen urte batean, baina jarraitu genuen Amallon berezia izango zen zerbaiten bila: horrela iritsi ginen Zortziko Txikikoen Txapelketa antolatzera».

Lehen aldia 2024an egin zuten, eta ermita leporaino bete zen; iaz ildo beretik jarraitu zuten, eta arrakasta izan zuten berriz. Larunbat honetakorako ere gogotsu daude, eta bertsolariek ere hala heldu diote erronkari: «Akaso beste neurriren batean kantatuko luketen gaia zortziko txikian kantatzea esperimentuaren parte da; bertsolariek gaitasun handia dute edozelan kantatzeko».

Eta publikoak ere gustuko du. Gainera, egun osoko festa bat biribiltzeko modua ere izango da. Goizean lasterketa bat egingo dute, eta gero herriko dantza taldea arituko da; herri bazkariaren ostean, herri kirolak eta umeentzako jolasak egingo dituzte. Ermitako afariaren eta bertso saioaren ostean, erromeria batek dantzan jarriko ditu bertsoen zaleak direnak eta ez direnak. Bai igandean, bai asteazkenean, beste hainbeste jarduera izango dituzte Amalloko sanjoanetan.

Bizkaia bertsotan

Amallon ez ezik, bertsoez gozatzeko aukera egongo da Bizkaiko beste zenbait lekutan ere. Jon Lopategi bertsolariaren omenez sortutako Argi Baltza sariketak bertsolari gazteei ematen die oholtza; igandean, 18:00etan, hirugarren kanporaketa egingo dute Gautegiz-Arteagan. Kelmene Abaitua, Beñat Bilbao, Asier Galarza, Eñaut Martikorena, Iker Uriarte eta Eli Zaldua arituko dira bertsotan.

Halaber, Lauaxeta bertso sariketa egingo dute, egun eta ordu berean, Laukizko Lauaxeta kiroldegian. Han ere bertsolari gazteak izango dira protagonista: Martin Abarrategi, Iruri Altzerreka, Irantzu Idoate, Araitz Katarain, Eki Mateorena eta Andoni Rekondo arituko dira oholtzan, eta Peru Irastortzak jarriko dizkie gaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE