Santxikorrota deitzen zen bidelapur baten omenez jarri zioten izena. Robin Hooden antzera boteretsuei lapurtu eta pobreei laguntzen ei zien, eta gero Bardean barrena ihes egin zuen. Bada izen bereko muino bat ere Bardean, eta muino horren ondoan hasi ohi da Santxikorrota herri lasterketa, Nafarroako Erriberan kirola, auzolana eta euskara batzen dituen proba. Urriaren 3an egingo dute aurten, laugarrenez, eta izena emateko epea ireki dute jada, Agerraldia elkartearen webgunean: agerraldia.eus.
Poliki-poliki ari da lasterketa urratsak egiten, eta poliki-poliki ari da inguru hartan euskara pausoak ematen. Auzolanean antolatutako lasterketa bat da Santxikorrota: 90 boluntario inguru aritzen dira antolakuntzan, 150 bat korrikalari aritu ziren iaz, eta berrehunera iristea espero dute aurten. Bi ibilbide egiteko aukera dago. Motza: zazpi kilometro ingurukoa, «herri lasterketaren izaera indartzen jarraitzeko». Luzea: maratoi erdi bat, «kirolariagoak direnentzat».Â
Agerraldia elkarteak eta Union Tutera elkarteak antolatzen dute Santxikorrota lasterketa. «Euskararen normalizazioa eta erabilera hauspotzeko lasterketa bat da. Garrantzitsua da Erriberan horrelako guneak sortzea euskararen garapenerako», azaldu dute antolatzaileek. Lasterketaren eta eguneko egitarauaren inguruko informazio gehiago emango dute aurrerago.