La Septima telebista katea aurkeztu dute Gasteizko FesTVal jaialdian

Azken hogei urteetan Espainian sortu den lehen kate jeneralista da Jose Miguel Contrerasek bultzatutakoa. «Aniztasuna» eta «zuzeneko edukia» oinarri hartuta, errealitateari ikuspuntu «aurrerakoi» batetik begiratzea du helburu.

La Septimako kideak, FesTValeko zuzendariarekin eta Gasteizko alkatearekin batera, gaurko aurkezpenean. FESTVAL
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko irailaren 7a
13:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nonbait espektakulua espero bada, telebista kate baten aurkezpenean espero da. Eta gaur Gasteizko FesTVal jaialdian egindako La Septima katearen aurkezpenak izan du ikuskizunetik asko. «Historikoa», «ametsa», «aro berria» eta antzeko adierazpen arranditsuak entzun dira, barreen eta negar malko batzuen artean. 

Espektakulu horren guztiaren atzean dagoen gizonak, Jose Miguel Contreras espainiar kazetari beteranoak, argi utzi nahi izan du kate jeneralista horren helburua: «Telebista jeneralistaren aro berriko lehen katea izan nahi dugu, zerbait berria egin mundu berri batean». Berritasun asko, nahiz eta telebista kate bat formatu tradizionala izan Contrerasek —La Sexta katearen bultzatzaile izandakoak—, ordea, argi du: Espainiako ikus-entzunezko paisaia «zaharkitua» dago, eta lur mortu horretan bada oraindik ongarri nahikoa lore berri batentzat. 

Zuzenekoa ardatz

Lore laranja horren —laranja baita kate berriak aukeratu duen kolorea, aretoa betetzen zuten logoek eta argiek erakusten zutenez— sorrera iragarri du, beraz, Contrerasek, katearen gidari eta aurpegi izango diren aurkezle eta kazetariez inguratuta. Bederatzi ziren guztira, eta horien artean izan dira aurretik bestelako kate eta hedabideetan ibilbide luzea izandakoak, tartean Javier Ruiz (SER, Cuatro, TVE), Lujan Arguelles (Antena 3, Cuatro, Telecinco), Hector de Miguel (TVE, SER), Veronica Sanz (La Sexta) eta Rocio Delgado (Antena 3, Telemadrid). Ibilbide laburragoa duten beste zenbait aurpegi ezagun ere izango dira: besteak beste, Marta Marquez, Alba Carrillo, Noor Ben Yessef eta Sara Santaolalla.

Horien guztien artean, Javier Ruizen izena da nabarmendu beharrekoa, hura izango baita kate berriaren zuzendari editoriala. Hark azaldu ditu La Septimak eskainiko duen edukiaren gidalerroak, eta, ororen gainetik, kateak «zuzenekoaren» alde egingo duela nabarmendu. «Aurretik grabaturiko saioen garaia igaro da jada; dena ziztu bizian jazotzen da gaur egun, eta telebista ere abiadura horri egokitu behar zaio», azaldu du Ruizek. Eta Arguelles bat etorri da harekin: «Telebista ez dago krisian, kontsumitzeko eredu berriak daude, eta horietara egokitu behar dugu, eduki bertikalak tarteko». 

La Septimak, beraz, informazioa izango du programazioaren ardatz, eta horren barruan «informazio politikoak» leku nabarmena izango duela baieztatu dute Contrerasek eta Ruizek. Katearen orientazio politikoari dagokionez, aurkezpenean parte hartu duten guztiek azpimarratu nahi izan dute La Septimak «aniztasuna» eta «errespetua» izango dituela oinarri, baina bultzatzaileek ez dute ezkutatu kateak ildo «aurrerakoia» eta «ezkertiarra» jorratuko duela. Hain zuzen ere, Espainiako telebista kateak eta komunikabideak «eskuinera erabat lerratuta» daudela adierazi du Ruizek, eta iragarri «alternatiba bat» eskaini nahi dietela egoera horretan «umezurtz sentitzen diren ikusleei».

Entretenimendua ere bai

Azaroaren 5ean abiatuko duten kateak eduki informatibo ugari izango du, baina entretenimenduak ere izango du lekua La Septimaren barruan. Contrerasek ez du egitarauan edo emankizunen zerrendan sakondu nahi izan, gauza asko «oraindik lotzeke» baitaude, baina parte hartzaile batzuek eman dute horren inguruko aztarnarik. Hector de Miguel umoristak, esaterako, hitzeman du «mundu osoko komikoak» ekarriko dituela bere programara, «baita Latinoamerikakoak ere». Era guztietako komedia landuko du programan, «inolako zentsurarik gabe».

Marta Marquezek eta Alba Carrillok, berriz, iragarri dute Fuera de control izeneko programa aurkeztuko dutela, «informazioa eta entretenimendua» uztartuko dituen formatua. Telebista kate berriaren aurkezpena, ordea, galdera askoz inguratuta egin dute, xehetasun asko oraindik zehazteko baitaude. Horiek datorren asteetan argituko direla hitzeman du Contrerasek, eta azaroaren 5erako prest izango dela «XXI. mendeko telebista».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA