Seriesland jaialdian 20 herrialdetako ehun websail emango dituzte

Jaialdia azaroaren 7tik 11ra egingo dute. Euskal Herriko sei websail lehiatuko dira; euskaraz, lau

Seriesland jaialdiaren aurkezpena, atzo, Bilboko Azkuna zentroan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Markos Tedin-Uriburu Castro
Bilbo
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Seriesland websailen jaialdira 30 herrialdetako berrehun proiektu baino gehiago aurkeztu dituzte. Aukeraketa prozesua egin ondoren, hogei herrialdetako ehun websail aukeratu dituzte, eta horiek izango dira ikusgai jaialdian. Azaroaren 7tik 11ra egingo dute Seriesland, Bilbon eta Getxon (Bizkaia). Aukeratutako ehun proiektuak sei sailetan banatuta daude, eta 30 sari daude jokoan—showrunner onena da sari handiena, eta euskal websail onena ere saritzen dute—.

Bilboko Azkuna zentroan aurkeztu zuten jaialdia, atzo. Bertan, Rose of Dolls jaialdiaren sortzaile eta zuzendariak azaldu zuen «aniztasuna» lehenetsi dutela proiektuak aukeratzekoan.

Jaialdiak hamabi gune izango ditu: 11 Bilbon, eta bestea Getxon. Inaugurazioa eta emanaldi gehienak Bilborock aretoan egingo dituzte. Itxiera, ostera, Guggenheim museoan egingo dute. Getxoko egoitza Biscaytik fundazioaren jauregia izango da.

Euskal ekoizpenak

Tokiko talentuari aukera eman nahi izan diotela azaldu zuen Rose of Dollsek. Hori dela eta, Euskal Herriko bederatzi ekoizpen erakutsiko dituzte jaialdian—horietako hiru estreinaldiak izango dira—.

Euskal Sailean, sei ekoizpenek hartuko dute parte: Oskola, El Último Mono, Tanit Ilargikar Erregina, Descubriendo el Norte, Belarri bero, bai esan? eta Beita. Euskal Serie Onena sariagatik lehiatuko dira, eta irabazleak Alemaniako Die Seriale jaialdiko Sail Ofizialean lehiatzeko toki bat eskuratuko du. Sei websail horietatik lau euskarazkoak dira.

Lehiaketatik kanpo, beste hiru euskal ekoizpen izango dira jaialdian, Estreinaldiak eta Proiekzio Bereziak deitutako sailean: Nada de nada, Uruguaiko Gaston Haagek zuzendua; Cementerio de Historias beldurrezko podcastaren azken kapitulua; eta Lurra Gu Gara, nekazaritzan lan egiten duten emakume euskaldunei buruzko dokumentala. Rose of Dollsen esanetan, lagin hori jaialdiaren aniztasunaren erakusgarri da, edukiei eta euskarriei dagokienez.

Hazteko aukera

Babesle ugari ditu jaialdiak, bai pribatuak, bai publikoak. Begoña Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendaria eta Olatz Goitia Beaz elkarteko zuzendaria «oso pozik» azaldu ziren egindako lanarekin. Ibarraren ustez, «sormena, elkarlana eta mundu digitaleko muga berrien esplorazioa bultzatzen ditu jaialdiak».

Zuzendariek adierazi zuten ikus-entzunezkoen sektoreak hazten jarraitzeko indarra duela. Garcinuñok ziurtatu du jaialdia aprobetxatuko dutela lana eta industria garatzeko. Goitiak gogoratu duenez, websailak tabletean, ordenagailuan edo sakelakoan ikusten dira: «Aukera erraldoia da, mezu indartsuak zabaltzeko tresna bat baitugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.