Lana eta parranda ahal bezala uztartuz egiten die aurre sanferminei Amaia Cambrak (Iruñea, 1991), Zuribostnerisei DJ izenez ezagunak. Iruñerriko mugimendu feministak antolaturiko festan ariko da gaur iluntzean, Zabaldin. Ostiralean Laban izanen da, arratsaldez.
Izen artistiko jostalaria duzu. Zer esan izan dizute hari buruz?
Hainbat anekdota ditut. Behin, euskaraz ez zekien DJ batekin kointziditu nuen ekitaldi batean. Bere burua aurkeztu zuen, eta esan zidan: «Zu nor zara, ahoskatu ezinezko izen hori duen DJa? Zer zaila jartzen duzuen!». Egia esan, horrek agerian utzi zuen euskararekiko zer jarrera zuen; txarra, alegia.
DJ aritzean, zer axola zaizu bost?
Jendeak zer abesti nahi duen. Beti eskatzen dute baten bat, eta nik betiko kantak ere jartzen ditut, baina exijitzen hasten direnean...
Inoiz ez diezu kasu egiten?
Eskaerak entzuten ditut, baina horrek ez du esan nahi jarriko ditudanik; behintzat, ez beti.
Zure gustukoa den musika jartzen duzu bakarrik?
Orokorrean, bai, baina begiratzen diet giroari eta jendearen gustuei. Batzuetan, hain gustuko ez ditudanak ere jartzen ditut.
Nolatan hasi zinen DJ jardunean?
Oso modu bitxian hasi nintzen, Iruñeko Alde Zaharreko egun batez. Orduan, Alde Zaharreko elkarte batean egiten nuen lan, eta, aurretik ere, kanpaldietan eta halakoetan nik jarri ohi nuen musika. Auzoko egunean, ez genuen inor topatzen Aldapa kalean egiten den jairako, eta animatu egin ninduten.
Zer neurritan da lana gozagarri?
Parte handi batean. Batzuetan, pena ematen du lagunekin dantzan egon ezinak, baina argi dut motibatuko ez banindu ez nukeela egingo. Oso ongi pasatzen dut.
Zure kantu zerrenda beti da antzekoa, ala egokitzen duzu egoera eta toki bakoitzera?
Egokitu egiten dut. Kantuak karpetaka ditut antolatuak, eta moldatu egiten ditut. Gainera, DJ batzuek aurrez prestatzen dituzte zerrendak. Nik, ordea, momentuan hautatzen ditut abestiak.
Zer neurritan erreparatzen diozu inguruan gertatzen ari denari?
Niretzat oso beharrezkoa da. Horren arabera aukeratzen ditut abestiak, energiari erreparatuta.
Energia gainbeheran bada, zer?
Badaude kantak arrakasta ziurtatzen dutenak; horiek jartzen ditut.
Zer kanta, adibidez?
Euskal abestien remix-ek beti dute harrera ona. Jendeari grazia egin diote. Izan daitezke Malakiasen kantak, edo izan daiteke, adibidez, Isili-isilik kantaren ska bertsioa.
Kantuak biltzeko karpetak aipatu dituzu. Zein duzu kutunena?
Ez dakit, hainbat ditut. Adibidez, badut euskarazko kantuak dituen bat, mezu feministadun abestien beste bat... Ai, eta badut bat eraso sexisten kontrako kuñarekin.
Mugimendu feministak antolaturiko festan ariko zara gaur. Zer berme ematen du horrek?
Konfiantzazko espazio bat da, seguruagoa, nahiz eta inoiz ezin den bermatu ezer ez gertatzea. Halere, horrelako giroetan, badakizu jendeak jarrera jakin bat duela bai jendearekiko bai musikarekiko, eta ez dute musika epaitzen.
Esperientzia txarrik izan duzu?
Bai, izan ditut boikotak. Oroitzen naiz nola aritu zitzaidan, behin, mutil kuadrilla bat behin eta berriz rantxerak eskatzen, oso zakar.
Zer dantzatuko duzue gaur?
Sinetsita nago dena dantzatu daitekeela; saltsa, perreoa... denetarik.
Izaten duzu parrandarako tartea?
Bueno, saioen aurretik beti ibiltzen naiz lasaiago, nahikoa urduritzen bainaiz. Bukatutakoan, bi gauza gerta daitezke: leher egina egotea edo parrandan segitu nahi izatea.
Nola ematen dituzu uztailaren 15ak?
Lasai. Etxea atontzen, ongi jaten. Ohitura onak berreskuratzen.
ATZEKOZ AURRERA. Amaia Cambra 'Zuribostnerisei'. DJa
«Sinetsita nago dena dantzatu daitekeela»
Zuribostnerisei DJak aski argi izan ohi du zein diren bost axola zaizkion gauzak. Baina baita inporta zaizkionak ere: parrandan, doinu dantzagarriak maite ditu. Horiek lehenetsiko ditu gaur, Feministok Fest jaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu