Artista digitala eta arkitektoa

Ana Herce: «Soinua ukiezina da, horregatik ez da kontuan hartzen»

'Sonidos de la ciudad' proiektuak irudi bilakatu ditu Bilboko auzo ezagunenetako hotsak. Arte digitalaren bitartez, soinuak herritarren egunerokoan duen eragina azaleratu nahi izan du Hercek.

Ana Herce, atzo, Bilboko Abando auzoan. MONICA DEL VALLE / FOKU
Ana Herce, atzo, Bilboko Abando auzoan. MONICA DEL VALLE / FOKU
June Montero
Bilbo
2025eko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Soinuen bidez ezagutu nahi izan du Bilbo Ana Herce artista eta arkitektoak (Iruñea, 1996). Duela bi urte iritsi zen hirira Alacantetik (Herrialde Katalanak), eta heldu eta gutxira ekin zion Sonidos de la ciudad proiektuari. Bilboko hainbat auzotako hotsak bildu, eta mugitzen diren adierazpen grafiko bihurtzen ditu. Haren lana ikusgai dago Espacio Openen webgunean

Entzumenak leku berezia du zure lanean. 

Ezinbesteko tresna da. Arkitekturaren fenomenologiaren adierazpenaren inguruan egin nuen gradu amaierako lana, eta hori izan da nire proiektuaren oinarria. Espazioarekin harremanetan banakoak dituen bizipenak aztertzen ditu fenomenologiak, baina soinuan ardazten da nire arreta. Gradua amaitu eta bi urtera, Bilbora heldu berritan, egonaldi bat egin nuen Espacio Openen. Han urrats bat harago eraman nuen ikerketa, eta Sonidos de la ciudad [Hiriko soinuak] proiektua jaio zen. Hiria soinuaren bitartez soilik arakatu, eta, ostean, esperientzia hori irudikatzen dut. 

Soinua harrapatu eta eraldatu egiten duzu. 

Leku batera heltzen naizenean, ingurune horrek nigan duen eragina aztertzen dut, eta soinua grabatzeari ekiten diot. Landa lanean, entzumen aktiboa egitea da gakoa. Hor jartzen ditut harremanetan hotsen nolakotasuna eta espazioan dauden materialak eta argi-itzalak, eta hala esleitzen dizkiet ezaugarri grafikoak. Metalak, adibidez, erreberberazioaren eta hoztasunaren sentsazioak eragiten ditu. 

Ana Herce artistaren 'Sonidos de la Ciudad' proiektuaren atala. Abandoko (Bilbo) soinuaren adierazpen grafikoa.
Eta nola bilakatzen da sentitutako esperientzia hori irudi?

Soinua, orokorrean, ez da kontuan hartzen, eta ez jendeak hala egitea erabakitzen duelako, ukiezina delako gertatzen da hori. Hotsa ikusgarri egiteko, teknologia da zubia. Hiriko kaleetan grabatutakoa editatu egiten dut, lekuaren soinuaren ezaugarri nagusiak nabarmenduz. Ondoren, proiektu jakin honetan livecoding teknika darabilen Hydra plataforma baliatu dut, zeinak soinuaren arabera erreakzionatu, eta mugitzen diren irudikapenak sortzen dituen. 

Testura, kolorea eta mugimendua entzuten dituzu. Aparteko trebetasunik behar da horretarako?

Sinestesiarako ahalmen txikia dudala esango nuke, proiektua egin bitartean indartu egin dena. Oso interesgarria litzateke jendea gaitasun hori garatzen saiatzea. Gainera, Hydra plataforma eskura dago edozeinentzat, eta ez da zaila kodea maneiatzen ikastea. Ni ez naiz informatikan aditua, eta, hala ere, erraza egin zait. 

«Bilbo sentimenduak sorrarazten dituen hiria da, eta arteak ez du zertan polita izan»

ANA HERCE Artista eta arkitektoa
Subjektiboa da soinuaren bizipena.

Zalantzarik gabe. Norberaren araberakoa da hotsek transmititzen dutena, baina, hala ere, subjektibotasun horrek badu ikerketarako baliorik. Nire adierazpen grafikoek, ordea, soinuarekin erreakzionatzen dute, eta, ondorioz, ikusleek haiekin esperimentatzeko aukera dute. 

Nola aukeratu dituzu soinua harrapatzeko tokiak?

Bilbo oso hiri egokia da proiektu honi ekiteko. Urte asko igaro nituen Alacanten, eta bertan ez dago hiriko espazioak ezberdintzen dituen hots bereizgarririk, nahasi egiten dira denak. Bilbon, ordea, auzoen eta espazioen arteko aldea nabarmena da, soinu aniztasun handia dago. Baina, ezin espazio guztiak aztertu! Proiektua entregatu behar nuenez, hiriko auzo adierazgarrienetara mugatu behar izan nuen lana: Abando, Zazpikaleak, Begoña, Zorrotza, Zorrotzaurre eta Deustuko Erribera. 

Sei soinu eremu, hiriaren arimaren ispilu. 

Proiektuaren emaitza harrigarria iruditu zitzaidan. Sortutako irudien artean badaude itsusiak iruditzen zaizkidan batzuk, baina eragiten duten kitzikadura da garrantzizkoena. Bilbo sentimenduak sorrarazten dituen hiria da, eta arteak ez du zertan polita izan.

Arkitektoaren betaurrekoak jarri behar dira irudiei begiratzeko.

Alacanteko Unibertsitatean egin nituen ikasketak, eta unibertsitate horretan ikuspuntu bereziki ezohikoa dute arkitekturari dagokionez: gizakion sentsazioak hartzen dituzte kontuan. Eredu horrek abagunea eskaini zidan nire lana adierazpen grafikoaren bitartez garatzeko eta hirien diseinua artearekin erlazionatzeko. Hiria koadro bihurtzeko, nolabait.

Soinuak izaten al du lekurik hirien diseinuan?

Ez, inolaz ere, ez da kontuan hartzen. Auditorium edo antzoki bat eraikitzerakoan baino ez zaio erreparatzen soinuari, baina eragin zuzena du herritarron gogo aldartean. Pisua ematen dio ikusezina den elementu hori grafikoki adierazteak. Hirien diseinuaren lehen faseetan soinua gogoan izatea akuila dezake horrek. Soinuak gure egunerokoan duen garrantziaren kontzientzia sortzea da Sonidos de la ciudad proiektuak duen helburuetako bat. 

Helburu hori betetzeko bidean zaude?

Kontzientzia sortzea ez da erraza, baina nire proiektuaren berri ematen saiatzen ari naiz. Biotikan Arte Digitalaren Nazioarteko Jaialdian parte hartuko dut azaroan. Bilboko pantailak berreskuratu, eta hiria arte digitalez beteko dugu. Tailerrak ere eskainiko ditugu.

Lotsabako

Edozein hots edo zarata bihur daiteke irudi?
Jakina!

Zein da Bilboren kolorea?Urdina.Musika edo zarata?Musika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.