Diseinatzaile grafikoa eta sormen zuzendaria

Xabier Isasti: «Sormenik gabe, zaila da ezertan nabarmentzea: errutinan erortzen zara»

Xabier Isasti diseinatzaileak proiektu eta talde ugaritan egiten du lan, betiere bere estudioaren bidez: 'Sin Título-1' du izena. Bere estiloa ezarri baino nahiago du bezeroaren beharretara egokitzea.

Xabier Isasti, aurreko astean, Getarian. JON URBE / FOKU
Xabier Isasti, joan den astean, Getarian. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Getaria
2025eko azaroaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xabier Isasti (Getaria, Gipuzkoa, 1997) diseinatzaile grafikoa eta sormen zuzendaria da, eta bere jaioterriaren eta Bartzelonaren artean ibiltzen da lanean, baterako eta besterako —eta Mexikorako, Madrilerako, Irlandarako...—, bere estudioan.

Orri zuri bati nola egiten diozu aurre?

Hortik dator estudioaren izena. Artxibo bat irekitzen duzunean, Sin Título-1 izena eduki ohi du. Proiektu bakoitzean denbora gehiena ikerketari eskaintzen diot. Zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta hobeto ulertzen duzu testuingurua: bezeroarena edo egin behar duzun proiektuarena. Zenbat eta jakintza handiagoa eduki, jakintza horretatik sortuko duzun diseinua, egingo duzun marka, kanpaina edo dena delakoa orduan eta solidoagoa izango da, errealagoa izango da, eta hobeto funtzionatuko du.

Noiz ireki zenuen estudioa?

Bartzelonan estudio batean aritu nintzen lanean, eta hor ja neure kontu ari nintzen gauza batzuk egiten. Momentu batean lan karga handia neukan, eta garai egokia zela pentsatu nuen. Duela bizpahiru urte hasi nintzen estudioarekin.

Ikerketa fasean zeri erreparatzen diozu zehazki?

Gehienbat ulertu egin behar duzu testuingurua. Bezeroa nondik nora dabilen jakiteko egiten da, eta ikusteko diseinu aldetik zer irtenbide eman diezaiokegun bere proiektuak funtziona dezan eta proiektu hori nabarmendu dadin; horren ondorioz berak etekin bat ateratzeko.

Erreferentzia komun batzuk dituzu diseinatzean?

Saiatzen naiz ez errepikatzen. Proiektu bakoitzak bere ikerketa dauka, eta ikerketa horretan bilatzen ditut erreferentziak. Nork bere estiloa eduki dezake, hala ere.

Zein da zurea?

Tipografikoa eta minimalista naiz, baina proiektu bakoitzeko diseinuak horrentzat bakarrik balio du.

Proiektu bakoitzak, gainera, lantalde desberdin bat dauka.

Bai. Nik diseinu grafikoa eta sormen zuzendaritza egiten dut, eta beti kolaboratzen dut beste diseinatzaile batzuekin proiektuak aurrera ateratzeko. Nahiko proiektu zabalak dira, eta bakarrik egitea ezinezkoa da. Gainera, emaitza beti hobea da kolaboratuz gero.

Zer da garrantzitsuagoa diseinuan: forma edo funtzioa?

Nire ustez, diseinua ona da oreka horrek ondo funtzionatzen duenean. Estrategia asko, kontzeptu asko, ez badira ondo gauzatzen, ez dira inora iritsiko, eta estetika bat helbururik gabe ez da iritsiko inora. Diseinatzaile batzuk artistago dira, beren estilo propioa dute, eta jendea estudio horretara joaten da estilo hori nahi duelako. Nik nahiago dut lan egin eta egokitzen jakin, irtenbide bat emanez momentuko beharrari.

Proiektu bakoitza erronka bat baita.

Ez dut niretzat diseinatzen, bezeroentzat baizik. Orduan, ez dut nahi nire identitatea bezeroarengan ezarri. Interesgarriagoa iruditzen zait bilatzea zein den bestearen identitatea, eta diseinuaren bidez soluzio bat ematea berak benetan behar duenari.

«Bartzelonan oso estudio onak daude, baina lehiakorragoa da. Euskal Herrian jatorragoa da diseinuaren ekosistema»

Forma batetik, funtzioa bestetik... Eta sormena?

Sormenik gabe, zaila da ezertan nabarmentzea: errutinan erortzen zara, mekanismoan eta ja existitzen den horretan.

Nola trebatzen duzu zure sormena?

Bartzelonan, diseinua alde guztietan dago, eta horrek asko elikatzen nau.

Diseinua eta sormen zuzendaritza aldi berean egiten dira, edo bereiz daitezke?

Osagarriak dira. Aurreko lana egiten du sormen zuzendariak, eta kontzeptua definitzean pasatzen da diseinura.

Egin dituzun proiektuen artean, zein izan duzu erronkarik handiena?

Aurten aukera eta plazera egin dut Gasteizko Basquerville jaialdia diseinatzeko eta hizlari gisa aritzeko. Erronka handia izan da, eta oso gustura nago taldean egindako lanarekin. Igartzen dut hazi naizela.

Tabernaren bat ere diseinatu duzu, ezta?

Madrilen iaz taberna bat diseinatu genuen, bai. Taldean interiorista bat eta arkitekto bat izan genituen; horrela bermatu genuen eremuak eta diseinu grafikoak planteamendu bera dutela, kontzeptu berarekin. Mexikon ere egin nuen beste bat, Getarian...

Zein izan da gustura egin duzun beste proiektu bat?

Bartzelonako Joan Escriba txokolategile ezagunaren identitate bisuala eta packaging sistema diseinatu ahal izan dut. Proiektu txiki bat da, baina oihartzuna izaten ari da.

Nolakoa da Bartzelonako diseinuaren ekosistema?

Asko dago. Handia den horretan, lehia handia dago. Oso estudio onak daude, eta asko elikatzen zaitu ekosistema horrek. Diseinua arnasten duzu. Euskal Herrian ere badago, e! Kopuru txikiagoan, baina nabarmenduko nuke Euskal Herrian umiltasun handia dagoela diseinuaren inguruan. Askoz ere osasuntsuagoa da; han lehiakorragoa da dena, eta hemen jatorragoa da diseinuaren ekosistema.

Nabari da Getaria zure diseinuetan?

Nola edo hala, bai. Hain garbi eduki nuen zer nahi nuen ikasi...

Oso umetan?

DBHn. Logotipoak, kartelak, testuliburuen maketazioa... Arreta jartzen nuen haietan. Amak esan zidan hori diseinu grafikoa zela.

lotsabako

Irudi geometriko gustukoena?
Laukia. Sormen eta kaos momentuak antolatu, sintetizatu eta egituratzea gustuko dut.

Ideia on bat?
Oporrak urrian egitea ez da txarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.