Valve enpresak Steam Machine ordenagailua kaleratu du, PCaren eta bideokontsolaren arteko hibrido bat, prezioa baieztatuta. Modelorik merkeena 1.039 euroan estreinatu dute.
Izan ere, lau bertsio daude: iragarritako bi modeloei Steam Controller agintea gehitzeko aukera gaineratu dute Gabe Newell enpresaburuaren taldekoek. Hauek dira prezio ofizialak:
- Steam Machine, 512 GB:Â 1.039 euro.
- Steam Machine, 512 GB eta Steam Controller agintea: 1.108 euro.
- Steam Machine, 2 TB:Â 1.359 euro.
- Steam Machine, 2 TB eta Steam Controller agintea: 1.428 euro.
Â
Erreserba sistemaren bidez kudeatzen ari dira salerosketak. Horretarako, Steam-en barruan gailuak daukan webgune ofizialera sartu beharko da. Atzo itxi zuten lehen izen ematea. Steam Deck eta Steam Controller gailuen merkaturatzearekin ikasitakoak ezarri dituzte oraingoan: erreserbetan izena ematen dutenei ausazko ordena ezarriko zaie erosketei ekitean. Hau da, zerrendan sartzen azkena izan arren, zozketaren ondoren lehenago jaso daiteke erosteko mezua. 72 ordu eskaini dituzte erosketa bukatzeko.
Epe hori amaitzen denerako gailuaren itxarote zerrendan sartzeko aukera dago jada, iritsiera ordenaren arabera: txanda heltzean, Machinea erosteko baieztapena iritsiko zaie erabiltzaileei.
Garestia eta urria
Prezioaren inguruan zera azaldu du Valvek: «Steam Machine, gure gainerako produktuak bezala, mundu osoko fakrikatzaileen eskutik ekarri behar ditugun osagai askorekin eginda dago. Gure hardwarearen prezioa osagai horien balioaren emaitza zuzena da».
2023an Steam Machine prestatzen hasi zirenean, kostu hori nola alda litekeen ondo ulertzen zutela uste bazuten ere —urteak igarota merkatzea espero zuten—, azken urtebetean errealitatea «modu bizkorrean eta esanguratsuan» aldatu dela nabarmendu dute Valveko arduradunek, «nagusiki, RAM eta biltegiratze osagaiei dagokienez». Aldaketa horretan zergati asko daudela azaldu dute, baina toki guztietako hardware produktuei eragiten ari zaiela azpimarratuta, Steam Machineren prezio originalaren helmuga ez dela bideragarria adierazi dute arduradunek; are gehiago, egungo Machineren prezioa «azken sei hilabeteetako osagaien prezioari lotuta» dagoela esan dute.
IGN agerkariko arduradunek esan dutenez, Machineren prezio igoera Decken salneurria areagotzearen parekoa izan da; beraz, hasieran 800 bat euroan merkaturatzeko asmoa zeukatela uler daiteke. Orain, antzeko osagaiekin, 1.000 eurora igo da prezioa.
Gamer Nexus eduki sortzaileari eskainitako elkarrizketan aldarrikatu dutenaren arabera, RAM fabrikatzaileen ezezkoak jaso dituzte behin eta berriro.
Â
Micron, Samsung eta SK Hynix dira DRAMaren nazioarteko fabrikatzaile bakarrak: Pierre-Loup Griffais Valveko ingeniariak azaldu duenez, enpresetatik prezio zehatz bat jasotzen zuten hilabetero, eta, horri ezetza emanda, harreman guztiak alboratzen ziren. Adierazpen kezkagarriak dira, batez ere jakinda Valveren gisako enpresa arrakastatsu batek egindakoak direla.
Griffaisek, berriz, egoera horri buelta ematen saiatu zirela dio, RAMik eta SSDrik gabeko Steam Machine bat merkaturatzeko aukera mahai gainean jarrita. Gailua merkeago erosita, erabiltzaileen esku egongo litzateke osagaiok erostea eta ordenagailuan txertatzea. Azkenean, sortutako PC txikiak osagai horiek gabe eratuta izandako arazoak nabarmendu dituzte arduradunek, eta oraingoz alboratu egin dute ideia hori, nahiz eta badirudien oraindik badagoela aukera horri heltzeko modurik.
Asko dira Valvek pixka bat merkeago saldu zezakeela aldarrikatzen dutenak, eta horiei ere erantzun diete arduradunek: kasu honetan, nahiz eta bideokontsolen eredura hurreratu gura izan duten, PC bat dela gogorarazi dute estatubatuarrek. Machine lanerako edo PC normal gisa erabiltzeko eros daitekeenez, prezioa adostean adi jokatu behar izan dutela azaldu dute Newellen taldekoek. Play Station, Nintendo eta Xbox markek merkatuko prezioaren azpitik saldu ohi dituzte kontsolak, eta, ondoren, bideojokoen salmentekin —%30eko kuota ezartzen diete gainerako estudioei, baita Steamek ere—, harpidetzekin eta sareko zerbitzuekin berreskuratzen dute diru hori.
Prezioan ez ezik, eskuragarritasunean ere eragina izan dutela aldarrikatu dute, azkenik, arduradunek. Osagaiak eskuratzeko arazoak izan dituzte, eta, horren ondorioz, fabrikatutako Steam Machine kopurua ere esperotakoa baino urriagoa ei da.
Machineren osagaiak
Izandako arazoak direla medio, osagai hauekin eratu dute Steam Machine:
CPU
- Neurrira egindako AMD Zen 4 6C / 12T 4.8 GHz, 30W TDP.
GPU
- Neurrira egindako AMD RDNA3 28CU.
- 2.45 GHz-ko gehienezko frekuentzia, 110W TDP.
RAM
- 16GB DDR5 + 8GB GDDR6 VRAM.
Energia
- 110-240V barne elikatze iturria.
Biltegiratzea
- Bi Steam Machine modelo:
- 512GB NVMe SSD.
- 2TB NVMe SSD.
- Bi modeloek abiadura handiko microSD txartel sarrera daukate.
Konektibitatea
- Wi-Fia
- 2Ă—2 Wi-Fi 6E.
- Bluetooth-a
- Bluetooth 5.3 dedikatutako antena.
- Steam Controllerra
- Integratutako 2.4 GHz Steam Controllerra, haririk gabeko egokigailuarekin.
Bideoa
- Display Port 1.4
- 4K @ 240Hz edo 8K@60Hz bereizmeneraino.
- HDR, FreeSync eta daisy-chaining euskarria.
- HDMI 2.0
- 4K @ 120Hz bereizmeneraino.
- HDR, Free Sync eta CEC euskarria.
USB
- Bi USB-A 3.2 Gen 1 sarrera aurrealdean.
- Bi USB-A 2.0 high speed sarrera atzealdean.
- USB-C 3.2 Gen 2 sarrera atzealdean.
Sarea
- Gigabit ethernet.
LED zerrenda
- 17 RGB LED sistemaren egoera adierazteko zein nahi bezala pertsonalizatzeko.
Tamaina eta pisua
- Tamaina
- 152 mm-ko altuera (148 mm hankarik gabe), 162,4 mm-ko sakonera, 156 mm-ko zabalera.
- Pisua
- 2,6 kilo.
Softwarea
- Sistema eragilea
- SteamOS 3 (Arch-en oinarritutakoa).
Mahaigaina
- KDE Plasma.
Gailua, argi eta garbi, ez da gama gorenekoa. Horixe bera adierazi dute lehen analisiek: Valvek agindutako sei Steam Deck bateratuen boterera justu iristen da; Play Station 5 baten antzeko errendimendua dauka, bideojokoaren eta egindako optimizazio lanaren arabera.
Â
Bukatzeko, AMDkoek FSR 4.1 bertsioa kaleratu berri dute RX 7000 txartel grafikoentzat. Ez da kasualitatea: Steam Machinerekin bateragarri bihurtu dute eskalatze teknologia. Datorren urtean RX 6000 txarteletan iritsiko da.
Steam Frame errealitate birtualeko gailuen zain geratuko dira, orain, azken erabiltzaileak. Zurrumurruen arabera, Valvekoek biltegietan dituzte jadanik, eta espero izatekoa da laster iragarriko dutela haiek plazaratzekoak direla. Prezioa misterio hutsa da oraingoz.
SteamOS sistema eragilea, guztientzat
Steam Machinek zenbat balio duen eta gailu gutxi daudela jakinda, Valvek alternatibak eskaini nahi ditu: SteamOS PCko erabiltzaile guztiei eskaintzeko prestatzen ari da. Griffais sistema eragilearen berritasunei eta etorkizunari buruz mintzatu da The Verge agerkariari eman dion elkarrizketa batean.
2022. urtean Steam Deckekin batera iritsi zen SteamOS txukuntzen eta hobetzen aritu dira azken urteotan. Hasieratik, GNU/Linux-en oinarritutako distribuzioa PC guztietarako ahalbidetzea izan zen helburua, baina hainbat oztopo eta moldaketa izan dituzte bidean.
Duela egun batzuk kaleratutako SteamOS 3.8.10 adabakiarekin, PCko osagai askorekiko bateragarritasuna areagotu eta txukundu dutela esan du Griffaisek.
Aldaketen zerrendan behin eta berriro iritsiko dira gailuoi buruzko aipamenak; halere, Nvidia eta Intel markekin erabateko bateragarritasuna lortzea da erronka nagusia. Izan ere, egungo SteamOS gutxi gorabehera erabil daiteke AMD osagaiak dituzten ordenagailu arruntetan.
Griffaisek azpimarratu du ezen Valvek, Nvidiarekin eta Intelekin elkarlanean, bateragarritasuna txukuntzeko talde berezi bat osatu duela. Alegia, Linux erabiltzaileek urte luzez edukitako driver arazoak konpontzea da helburua, enpresen euskarri ofiziala eskainita. Itxura batean, ez da aurten iritsiko, baina luze daramate lantzen.
Zorionez, gaur egun Valveren sistema eragileak PC arruntetan «esperientzia ona» eskain dezakeela esan du ingeniariak: «Steam Machineren antzeko erabilera eduki dezakeen zerbait baduzu, telebistara konektatutako, disko gogor bakarreko eta dual boot-ik gabeko PCa izanez gero, SteamOSa sar diezaiokezu, eta konektatutako Steam Decken nahiz Steam Machineren antzeko gailua lortu». Hori bai, bidean ezaugarri berezi batzuk galduko dira: HDMI-CEC euskarria, esate baterako.
Alternatiba gehiago ere badaude: Bazzite zein CachyOS distroek Valvek egindakoa errepikatzen dute, eta lana asko samurtzen dute.
SteamOSek hedatzen jarraitzen du. Azken hilabeteotan eskuko zenbait PCtan ofizialki txertatuta iritsi da, Steam Decketik at: MSI Claw, Legion GO zein Asus ROG Ally gailuen bertsio desberdinetan iritsiko da bideojokoetara bideratutako GNU/Linux distroa.
Ordenagailuetan zein Android gailuetan
Aipatutako guztiari gailu sorta garrantzitsua gehitu behar zaio: ARM txipak erabiltzen dituzten Android gailuak. Steam Frame errealitate birtualeko gailuak kaleratzeko ditu Valvek; Android bidez funtzionatuko duen gailua, alegia.
Horrekin batera, Androiderako Steam iritsiko da, eta FEX emulagailuarekin batera Android gailuetan PCko jokoak erabiltzea ahalbidetu. Argitzeko asko dago oraindik, baina argi dago Valveren asmoa Steam ahalik eta gailu gehienetara eramatea dela.
Hemendik deskargatu daiteke SteamOSa, instalatzeko jarraibideekin batera.