Jaiak. Elorrio

Sukalkia eta elkartasuna azken txanpan

Astelehenean bukatuko dira aurtengo Ferixa Nagusikoak, 47. idi proba txapelketaren sari banaketarekin

Haurrentzako hainbat ekitaldi egongo dira jaietan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Hamar eguneko jaien ostean, astelehenean amaituko dira Elorrioko Ferixa Nagusikoak. Bukatu artean, ekimen ugari izango dira; kirola, gastronomia eta elkartasuna nagusituko dira. Gaur sukalki eguna izango dute. Bihar, berriz, elkartasun eguna, janariaren inguruko jai kulturanitzarekin. Udalak adierazi duenez, jaietako lehen astea oso parte hartzailea izan da, aurreko urteetako Ferixa Nagusikoekin konparatuta.

Astebete pasatu da Elorrioko nesken futbol taldeak jaiei hasiera eman zionetik, eta, aste bizi baten ostean, jaia agurtzeko azken ospakizunak izango dira gaur eta bihar. Sukalkia izango da gaurko plater nagusia. Izan ere, goizeko zazpietan hasita, mozorrotutako herritar andana bilduko da sukalki goxoena prestatzeko asmoz. Guztira ehun kuadrillek parte hartuko dute.

Arratsaldean, areto futboleko partidak eta erromeria kantaldia izango dira. Haurrek, berriz, jolas parkea izango dute 11:30etik 18:30era bitartean. 18:00etan, askaltzeko aukera aparta izango da: txokolate jana. Indarrak berritu ostean, kaleak kolorez eta alaitasunez beteko dira, mozorro eta karrozen jaitsiera izango baita, Ardoa Barrura txarangak animatuta.

Elkartasuna dastatuz

Elorrioko Ferixa Nagusikoen ezinbesteko osagarriak dira nekazaritza eta herri kirolak. Hortaz, jaietako azken hiru egunetan ere izango da horrelakorik. Gaur eta astelehenean, 22:00etan, 47. idi proba txapelketa izango da probalekuan. Bihar, berriz, herri kirolak izango dira plazan, 13:00etatik aurrera. Bertan, Iñaki eta Inaxio Perurena harri-jasotzaileak arituko dira. Aizkolari lanetan, Atutxa II.a eta Azurmendi Arrospideren eta Mugerza II.aren kontra lehiatuko dira.

Hiru izango dira biharko ekitaldi nagusiak: elkartasun jaialdia, umeen danborrada eta bertso saioa. Ferixa Nagusikoei errematea emateko aukera paregabea. Goizean hasiko da urtero Kainabera gobernuz kanpoko erakundeak antolatzen duen elkartasun jaialdia. Aurten janariaren inguruko jai kulturanitza egingo dute, eta bertan, bederatzi herrialdetako sukaldariak izango dira, guztiak Elorrion bizi direnak. Zehazki Senegal, Mali, Nikaragua, Kolonbia, India, Magreb, Bolivia eta Ekuadorko herritarrak izango dira, Euskal Herrikoekin batera, euren herrialdetako jaki tipikoak prestatzen. Batzen den dirua Tanzaniara bideratuko dute, nekazaritza alorra laguntzeko xedez.

Arratsaldean, 17:00etan, umeen danborrada izango da, eta, ondoren, 18:30ean, bertso saioa. Sustrai Colina, Miren Amuriza, Beñat Ugartetxea eta Jone Uria arituko dira. Gauean, animazio txaranga izango da plazan, Dixieman Banda taldearekin. Astelehenean, idi proba txapelketak emango dio amaiera jaiari; probalekuan izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.