Urrikoko azken astelehena. Gernika-Lumo

Sustraiak dituen plaza

Eskulangintza, nekazaritza eta gastronomia azoka nagusietako bat egingo dute bihar Gernika-Lumon.Jendetza biltzea espero dute

Bezero bat, salmenta postuetako produktuak ikusten. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
2015eko urriaren 25a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Salmahaiak prest dira biharko eguna iritsi eta Gernika-Lumora (Bizkaia) joango den jendetzari ongi etorri egiteko. Bihar izango da egun handia, urriko azken astelehena. 09:00ak iristearekin batera, kalera begira jarriko dira era guztietako nekazaritza produktuez betetako saltokiak. Guztira, 313 postuk beteko dituzte herriko kaleak. Iaz baino zazpi gehiago izango dira. Kalerik koloretsuena Artekale izango da, 64 postu izango baitira han.

Euskal Herriko azokarik garrantzitsuenetarikoa da urriko azken astelehenean Gernika-Lumon egiten dena. Bai herritarrentzat, bai inguruko baserritarrentzat, galdu ezineko egun bihurtu da. Herriak milaka lagunen bisita jasoko du, eta horientzat guztientzat denetariko eskaintzak izango dira merkatuan. Berriro ere, gaztagileen presentzia nabaria izango da: 64 saltoki izango dituzte guztira. Eskulan produkturik ere ez da faltako, eta bisitariek 50 postu izango dituzte nahi adina ikusi eta erosteko. Egarria asetzeko, aldiz, txakolingileek hemeretzi gunetan salduko dituzte euren botilak.

Jendeak postuak bisitatu eta bertoko nekazaritza produktuak erosi bitartean, bertsolariek Merkurio iturri inguruak alaituko dituzte euren kantuekin. Iaz bezala, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Maialen Lujanbio izango dira oholtza gainera igoko direnak.

Baserriko produktuen txapelketak ere ez dira faltako. Barazki, fruta, txakolin, ezti eta gaztalehiaketetako epaimahaia euskal nekazaritzaren munduko teknikari ospetsuek osatuko dute. Gazta txapelketan, esaterako, sukaldeko maisu handiak egongo dira gaztak dastatzen: besteak beste, Beñat Ormaetxea, Jauregibarria jatetxekoa; Daniel Garcia, Zortziko jatetxekoa; Jose Miguel Olazabalaga, Aizian jatetxekoa, eta Ana Martin enologoa. Sari banaketa eguerdiko ordu batean egingo da, Merkurio iturrian. Ondoren, ospe handia hartu duen gazta erdiaren enkantea egingo dute Adolfo Urioste plazan, Jose Antonio Bastegieta Marko-k gidatuta.

Kirolzale asko batuko dira, berriz, herriko Jai Alai frontoian. Arratsaldeko seietan hasiko da jaialdi nagusia, Irastorza-Hormaetxea eta Beaskoetxea-Lekerika bikoteen arteko lehiarekin. Gainera, binakako partida amaitu ostean, kiniela amerikar erara ere lehiatuko dira kirolariak.

Behin jaialdia amaituta, dantzaleku bihurtuko da Jai Alai frontoia. Hara bildutakoek aukera izango dute DJ Txaparrok jarritako doinuekin gozatzeko. Gainera, Astran Porru festa antolatu dute arratsalderako, giroarekin jarraitzeko. DJ Bull arduratuko da musika jartzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA