Banderolak Alde Zaharrean, izara koloretsuz betetako balkoiak, buztingileak, papergintzako artisauak, baserritar eta Erdi Aroko arropekin jantzitako herritarrak... Denetarik topatuko dute asteburuan Lekunberrira (Nafarroa) bertaratzen direnek. Izan ere, denboran atzera bidaiatuko dute, eta 30. Antzinako Azokan murgilduko da herria. «Herriko ondarea erakusteko egun bat izaten da», Aitor Perez Lekunberriko Udaleko kultur teknikariaren arabera, eta hainbat berezitasun izango ditu aurtengo festak, urteurren biribila dela eta.
Izan ere, urteurrena aitzakiatzat hartuta, egitaraua zabaldu dute: igandean izango da azoka, baina bezperan herri antzerki bat egingo dute. Lekunberri: errautsetatik auzolanera deitu diote, eta oinarri historikoa duen gertakari batetik abiatuta, ordu erdi pasatxoko antzezlana egingo dute. Umore kutsua izango du: «1430. urtean Lekunberri erre egin zen, eta orduan hasi ziren eraikitzen gaur egungo Alde Zaharrean dauden etxe gehienak. Hori abiapuntutzat hartuta, zerbait gertatuko da, eta, bizilagunen laguntzaz, herri berri hori eraikitzeko prozesuan gertatuko diren istorio batzuk azalduko dira».
Loren Arangoa eta Esti Curiel aktoreek parte hartuko dute antzerkian. Azken urteetan, azokaren egunean, ibilbide antzeztu bat egin izan dute, eta, aurten, antzezlan propio bat sortzera animatu dira. Herritarrekin batera egingo dute emanaldia, gainera: «Polita izan da, jendearekin batera landu baitugu. Gurekin [udalarekin] batera Ondare kultur elkartea ari da lanean; haiek bultzatu dute antzezlana, eta hau izango da aurtengo ekintzarik nabarmenena urteurrena ospatzeko», azaldu du Perezek. Duela zenbait urte, tankera horretako antzezlan bat egiten zuten, baina, urteekin, bertan behera geratu zen. Pozik dago berreskuratzea lortu dutelako.
Antzerkiaren biharamunean, ezkila hotsen atzetik zabalduko dute azoka, eta ekingo diote egun osoko jaiari. Azokan gainerako urteetan baino postu gehiago jarriko dituzte, eta gune zabalagoa hartuko du, gainera: elikagai postuak, bitxigintzakoak, arropenak, bertako animalien erakusketa... Denetarik izango da. Baina ez dute azoka soil bat izaterik nahi. «Ez dugu nahi azoka bat bakarrik izatea, salmentarako puntu bat. Hori ere bada, noski, baina lortu nahi dugu herriko festa egun bat gehiago izatea, eta jendea inplikatzea», adierazi du Perezek.
Bandera astinduz
Eguerdian egingo dute ekitaldirik «xarmagarriena»: bandera dantza. Urtean bitan egiten dute dantza hori: Antzinako Azokan eta urriko jaietan, hain zuzen. Bandera ikusgarria astinduko dute dantzariek, udaletxe aurrean: «Ohitura bilakatu da, baina Antzinako Azokaren barruan sortu zuten, orain dela urte batzuk ez baitzen halakorik. Iruñetik etorri ziren dantza erakustera, eta beste toki batzuetan erabiltzen den bandera dantzaren musika moldatu zuten. Ekintza enblematiko bilakatu da».
Emanaldi ibiltariak ere izango dituzte herrian barrena: musika eskolako kideek, titiritero taldeak, juglareek... parte hartuko dute. Jendea baserritarrez edo Erdi Aroko arropekin janzteko deia zabaldu dute, eta, hain justu ere, udalak arropak banatuko dizkie hala nahi duten herritarrei, bihar.
Ez da jendea biltzeko garairik errazena, uda izanik jende asko kanpoan baita. Aurten, antzezlanaren aitzakian, talde bat sortu da, eta horri jarraipena ematea gustatuko litzaioke kultur teknikariari: «Batzuetan larri ibiltzen gara boluntarioak lortzeko, baina egia da horregatik egiten dugula deialdia jendeak parte hartu dezan, eta izan dadila herriko festa bat, denentzako tokia dagoen egun bat». Eguna biribiltzeko, su ikuskizuna egingo dute, udaletxe aurrean.