Ongietorri beroa egin diete Piratek Mattiri eta Ezkila kapitainari. Txarangarekin batera heldu dira kaira, eta oholtza gainera igo dira zuzenean. Bertan daude Donostiako Bagera euskaltzaleen elkarteko eta Jaraneroko kideak: aurtengo Matti eta Ezkila dira, hurrenez hurren. Bagera elkartea omendu dute aurten Piratek, eta elkartekoek bota dute txupinazoa.
Bagera-ko Amets Iberok hartu du hitza, eta Matti izatearen aitortzak «indarra» ematen diela adierazi du ozenki. Lehen txalo oldearen ostean, euskararen kontra zabaltzen ari diren gorroto diskurtsoez mintzatu da, eta elkartzeko deia egin die euskaltzaleei: «Euskara plazatik, etxetik, erakunde eta instituzioetatik ezabatu nahi dute; horregatik, gaur, inoiz baino gehiago, euskaraz eta euskaratik antolatzen jarraitu behar dugu, auzoz auzo eta kofradiaz kofradia: gorrotoaren aurka, elkartasuna».
Beste bi mezu ere oihukatu ditu: alde batetik, Piraten eredua hautatzearen garrantzia azpimarratu du, «autogestionatua, parekidea eta euskaltzalea baita»; bestetik, euskara doakoa izatea eskatu du: «Guk euskaraz biziko den Donostia dugu helburu. Komunitateen arteko elkarlana sustatuz eta euskaltzaletasuna zabalduz, inor atzean utzi gabe, Euskal Herria harrera herria eta euskara harrera hizkuntza izatea nahi dugu».
Azkenik, KASeko kideei babesa adierazi diete, «kalean bizi den jendeari afariak ematea ez delako delitua». Eta eskerrak eman dizkiete hiriko beste eragile batzuei: auzoetako euskara batzordeei, Irutxuloko Hitza-ri, euskaltegiei, AEKri eta selektibitateko euskara azterketa zuzendu zutenei, baita euskal udalekuei ere.
Mattiren ondoren, Ezkila kapitainak hartu du hitza, Jaraneroko Maria Irigoienek, hain zuzen; aurten hamar urte bete dituzte. Auzolana nabarmendu du Irigoienek, argi utzita hori dela beren lema: «Igo gaitezen denok txalupa euskaldun honetara, ekaitz eta oldarraldi guztien gainetik euskaraz biziko den Donostia irudikatzera. Igo gaitezen txalupa transfeminista eta antirrazista honetara. Askatasunaren bela altxatuz eta harresi guztiak puskatuz». Eta, Iberok egin duen modu berean, elkartasuna eta babesa adierazi die bai euskal udalekuei, baita KASeko kideei ere, «elkartasuna ez da delitua» lelopean.