Ahuntzek eta oreinek Iruñeko Takonera parkean denbora daramaten arren, aurtengo udan bi hilabetez ez da haien hotsik entzungo paraje horietan. Datozen egunetan, Iruñeko parke zaharretik hausnarkariak erretiratu eta berriak ekarriko dituzte, haien artean odolkidetasun arrisku handia dela eta. Bi hilabetez ugaztunik gabe egonen da parkea. Bitartean, bertako langileek animalien bizitokia garbitu eta desinfektatuko dute. Neurri horrekin, animalia berrien adinaren batez bestekoa hobetuko da, animalia gazteagoak sartuko baitira parkera.
Takonerako zoo txikiaren hausnarkarien populazioa zaharberritzea da operazioaren helburua. Aldaketa, parkeko ugaztunen «odolkidetasun arrisku handiarengatik» egingo dela azpimarratu du Roberto Hernandezek, Iruñeko Udaleko elikadura eta zoonosi ikuskatzaileak. Espezie bereko eta adin tarte antzekoen arteko ugalketa maila altuagatik, alegia. «Ugaztunak parkeko barrutitik ateratzen ez diren animaliak direnez, haien arteko gurutzaketa endogamikoak askoz ere ugariagoak dira beste espezieetan baino», aipatu du Hernandezek.
Takonerako langileek hausnarkariak udan kentzea erabaki dute. «Edozein urtarotan egin ahal izango litzateke operazioa, baina guk udan egitea aukeratu dugu, Takonerako sasoirik osasuntsuena delako». Dardo anestesikoen bidez erretiratuko dituzte parkeko ahuntz eta oreinak.
Alberto Garcia Iruñeko Udaleko albaitariak adierazi duenez, hausnarkariak Nafarroako «beste abeltzain batzuengana» eramango dituzte. «Iruñeko Udalak Nafarroako abeltzain batzuekin hitzarmen bat eginda dauka, eta haiei emango dizkiegu gure animaliak», aipatu du Garciak.
Oreinek interes komertziala dutenez gero, horiek ustiatzen dituzten abeltzainen esku geldituko dira, albaitariak dioenez. Oreinen patua, beraz, abeltzainaren esku egonen da; hark ikusiko du animaliekin zer egin edo zertarako erabili. Ahuntz txikien kasua ezberdina da, interes komertzialik gabekoak baitira. Gustuko dituzten bi abeltzainei emango zaizkie, eta haiek erabakiko dute abereekin zer egin. Takonerara ekarriko dituzten animalia berriak antzeko abereen ustiapen eremuetatik ekarriko dituzte.
Etorkizunean ere berritze gehiago egingo direla aurreikusten du Roberto Hernandezek: «Parkeko animalien osasuna oso garrantzitsua da, eta, horretarako, posiblea da neurri hau etorkizunean berriz hartu behar izatea». Takonerako zoologikoaren «kudeaketa egokia» bermatuko da horrela, «bai animalientzat, bai bisitarientzat».
Mende erdia animaliekin
Iruñeko Takonera parkea XIII. mendeko testu zaharretan jada aipatzen da, baina 1957. urtera arte ez zen animaliarik sartu bertan. Egun, espezie ugariko animaliak daude; hegaztiak eta hausnarkariak horien artean azpimarratzekoak. Azken horien artean, zazpina ahuntz eta orein daude; lekuz aldatuko dituztenak, hain zuzen.
Denak ez dira ugaztunak, ordea. Guztira, hogei hegazti espezie baino gehiagoz osatutako hegaztien populazioa dago, 250 animalia inguruz osatuta. Gehienak beste zoologiko edo eremuetatik ekarriak diren arren, parkean bizitzea libreki aukeratu duten animaliak ere badaude, basahateak kasu.
Animaliak sartu zituztenetik mende erdia baino gehiago pasatu bada ere, zoo txikiak espezie ugari bildu ditu denboran zehar. Harresiz eta babes erretenez inguraturiko parkean, basurdeak, adarzabalak, untxiak eta basahuntzak egonak dira. Hala ere, ingurumenera hobeki egokitu eta animalien osasun baldintza egokiak bermatzeko, aldaketak egin dira, gaur egungo egoerara iritsi arte.
Azken erabaki horrekin, Takonera parkea garbiagoa eta osasungarriagoa egin nahi dute animalientzat, eta baita hiritarrentzat ere. Aurtengo udan iruindarrek ez dute ahuntz eta oreinik entzungo. Zooaren instalazioak garbitu eta bertako hausnarkari berriak ekartzen dituztenean, Takonera hots berriz beteko da, arnasa berriz.
Takonerako fauna arnasa berritzen
Ahuntz eta oreinak eraman eta beste batzuk ekarriko dituzte Iruñeko zoora, oraingoek endogamia arrisku handia dutela etaBi hilabetez, parkeko animalien instalazioak garbituko dituzte bertako langileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu