Oraintxe irten gara aireportutik. Gure lemazainaren eskola koadernoari orri bat kendu, eta etxerantz gatozela, asteburuko errepasoan zirriborroa idazten hasi naiz. Ezagutzen nuen Tamesis. Youtuben, hamaika bider ikusi izan dut Oxford-Cambridge estropada. Ez zitzaizkidan arrotz Putney, Hammersmith eta Chiswick zubiak. Apirilaren 7an ere, hortxe egongo naiz, estropadari, Internetez, adi-adi begira. Aurtengoa, baina, ezberdina izango da. Bertan ikusi izan ditudan irudiak... asteburu honetan nire egingo ditudalako.
The Head of the River estropadan parte hartu dugu. Gu eta beste 416 ontzi, zortziko. Zortzi arraunlarik eta lemazainak osatzen dugu zortzikoa. Aulki mugikorra edo, arraunketa olinpikoan, ontzi nagusia da hau. Londresen ez da ez traineru, ez trainerilla, ez batel eta ez enparau. Tamesisen, Londresen, Ingalaterran... arrauna beste zerbait da.
Ostiral goiza: ingeles gosari eder bat hartu, eta abiatu gara ontzia genuen lekura. Aterpetxetik, hamar minutu oinez metrora; bost geltoki, eta beste hamar minutu. Putney zubitik gindoazela ikusi dut lehen aldiz Tamesis. Arraun elkarte ugari daude ibai bazterrean. Kilometro pasako bidean, hogei arraun elkartetik gora. Bi solairuko elkarteak. Behean, ontziak eta arraunak. Txukun-txukun gordeak. Goian, euren elkargunea. Larunbateko estropadaren ostean euren klub-etara joateko gonbita genuen. Garagardo batzuk hartu eta Ingalaterra-Irlanda errugbi partida ikusteko.
Iritsi gara ontzia genuen lekura. Zortzikoa prestatu, eta estropada eremua ezagutzera abiatu gara. Hankak Tamesiseko ur hotz eta ilunetan sartu, ontzian jarri eta lehen paladak eman ditugu. Gorantz abiatzeko esan digu arduradunak. Hiru bider azaldu dizkigu, gutxienez, ibaian arraun egiteko legeak. Aurrena ababorretik... zubia pasa, eta istriborrera... goian buelta eman, eta erditik jaitsi. Legedi ingelesa. Zehatz jarraitu beharrekoa. Antolakuntza, estropadaren neurrikoa, ikaragarria.
Larunbata: goizeko zazpietan gosaldu, eta abiatu gara. Ibai bazterreko errepidea, zortzikoz betea, arraunlariak leku guztietan. Gehienak, ile hori, begi urdin etagure 182 zentimetroko altuerarekin, txiki sentitzen ginen oso. Txiki eta eskas, kasu batzuetan. Tartean, arraunlari olinpikoekin gurutzatu garelako eta euren ondoan, ba...
Ontzia bizkar gainean hartu, eta inoiz ikusi dudan kaosik errespetatuenean, ontziak banan-banan uretaratzeko ilaran jarri gara. Gernikako azokako postuak bezala, elkarren ondoan, pega-pega eginda ontzi-arraunlari denak. Ez zen hitz txarrik, hitz ozenik... Traineruetan dabiltzan askori ondo letorkieke osteratxo bat bertara, ño!
Arraunketa eta festa
Abiatu gara irteera eremura, 416 ontzi, bata bestearen atzetik. Aurreratzeko tarte gutxi. Ondo berotzea, ia ezinezkoa. Ibai bazterrean zain gaudelarik, epaile bat hurbildu, eta... ingeles perfektuan: «Ninety one, go!» (91. zenbakia zen gurea!). Aurretik 90. zenbakia genuen, armadako arraunlariak; eta atzetik 92a, unibertsitarioak. Nahi genuen distantzia hartu behar genuen eurekiko. Denbora zubi azpitik pasatzean hartzen baitute. Armadakoak joan zitezen utzi (badaezpada ere), eta zubiperako, 200 metroren faltan, poliki-poliki, erritmoan sartu gara. Zubipean, «aupa, Urki» oihukatu, eta 6.400 metro ditugu aurretik. Ez genuen inor aurreratu... baina ez gintuen inork aurreratu ere. Bakar-bakarrik egin genuen bidea. Arraunean, usoak bezala, ondo eta azkar. Gure uso-hegoak, baina...
«Zer nahi duzue edateko, mutilak?». «Niri, London pride bat ateraidak!». Vesta arraun klubean gaude: 1870ean sortua da, Londresko zaharrena. Arraunlariak, gizonezkoak eta andrazkoak, garagardo bat eskuan, estropada ahotan eta errugbi partidari so. Amerikana marradun-koloreduna jantzita batzuk, klubeko uniformea omen. Arrauna kirol elitista baita hemen. Edonor ezin baita bertan arraunean aritu. Hala ere, gu eroso gaude. Eta Vesta arraun klubetik, arraunlariok bestara abiatu gara. Hortik aurrerakoak...
Iritsi gara aireportura. Iritsi gara etxera. Tamesiseko ura dakargu odolean. Egiazko arraunaren esentzia eskuko kailuetan. Eta bihar... bihar, bihar... trainerua. «Boga, boga... marinelak!».
Tamesis, egiazko arraun festa
The Head of the River estropada jokatu da asteburuan Londresen. 416 ontzik parte hartu dute, tartean Euskal Herritik joandakoek. Ur Kirolak elkarteko Unai Elizasuk dakar bizitakoen lekukotza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu