Telebistako komedia modernoaren ikur nagusietako bat da The Office. Ziurrenik, Friends, The Big Bang Theory eta How I Met Your Mother telesailen parean sailka daiteke, pantaila txikiko umorearen historian arrakasta eta eragin handiena izan dutenen artean. Denborarekin, jarraitzaile sutsu eta leialen komunitate erraldoi bat eratu du, eta umorezko telesail kutun eta berezietako bat bihurtu da askorentzat.
The Paper spin-off-aren sortzailea pertsona bera: Greg Daniels. Ekoizleen artean, gainera, Ricky Gervais ageri da, The Office britainiarraren sortzaile nagusia; berak parte hartze garrantzitsua izan zuen AEBetako bertsioaren garapenean ere.
Dokumentalista talde bat Toledo Truth-Teller egunkariaren egunerokoa grabatzera joango da Toledora (Ohio, AEBak). Egunkari historikoa bada ere, gain behera doa.
The Office erreferente ikonikoaren pare egotearen erronkari aurre egitea ez da nolanahiko lana, baina ikusleek, neurri batean, haren esentzia arnastuko dute: pertsonaiak xelebreak eta bereziak dira; egunerokoaren xehetasun hutsaletatik sortzen diren egoerak, barregarriak; atalak arinak eta ikuserrazak dira, eta, dokumental faltsuaren moldeari esker, freskotasuna lortzen da. The Office ikusi dutenek hari egindako keinu ugari topatuko dituzte.
Aktore taldea ere bikaina da: The White Lotus-en bigarren denboraldian hoteleko arduradun gisa ari zen Sabrina Impacciatore, eta egunkariko zuzendariaren rola jokatuko du orain, Esmeralda Granden rolean. Domhnall Gleeson ezagunak Ned Sampson-ena egingo du; erredaktoreburu berria izango da. Chelsea Frei, Mare Prittiren rolean, egunkariko erredaktorea izango da; eta The Office telesaileko pertsonaia bat ere agertuko da, gainera: Oscar Martinez, aurretik Dunder Mifflinen lanean aritutako kontularia.
Aurreko telesailari ohore egitea lortzen duen spin-off dibertigarria da. The Office-ren zaleentzat, unibertso hori berriz bisitatzeko aukera paregabea da; ikusle berrientzat, berriz, komedia arin, fresko eta adimentsu baten atea.
Dokumental faltsua komedia garaikidean
The Paper, The Office eta Parks and Recreation telesailek —beste askok bezala— mockumentary edo dokumental faltsuaren baliabidea erabili dute umorearen lengoaia berrasmatzeko. Formatu horri esker, errealismoaren sentsazioa indartu egiten da, eta ikusleak pertsonaien mundura hurbiltzen dira.
Dokumental faltsuak ohiko dokumentalaren kodeak imitatzen ditu —kamera eskuan, elkarrizketa zuzenak kamerari, begirada konplizeak eta plano inprobisatuen erabilera—, baina fikzioaren eta komediaren zerbitzura jartzen ditu horiek guztiak. Konbinazio horrek efektu bikoitza sortzen du: batetik, egiantza eta naturaltasun sentsazioa sortzen du, ikuslea benetan atzemandako errealitate baten lekuko izango balitz bezala; bestetik, agerian uzten du artifizioaren presentzia, pertsonaiak kameraren eta, azken finean, ikuslearen begiradaren jakitun direla erakutsiz. Telesailean sortzen diren une komiko askok erabilera horretan dute jatorria, eta ikusleak ez du behatzailearen rola soilik hartzen: sinbolikoki, fikzioaren parte bihurtzen da. Neurri batean, esan daiteke ikuslea modu aktiboan inplikatzen dela; izan ere, laugarren hormaren hausturak konplizitate isil eta ia ikusezin bat sortzen du haien artean.
FITXA
- Sortzaileak. Greg Daniels eta Michael Koman.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2025.
- Aktoreak. Domhnall Gleeson, Sabrina Impacciatore, Melvin Gregg eta Chelsea Frei.
- Non ikusi. SkyShowtime.
- Atal bakoitzaren iraupena. 30 minutu.
- Generoa. Komedia.