atzekoz aurrera

Miguel Leatxe: «Tokiotarrek lo egiten dute metroan, baina galdera hau zen: ametsik egiten ote dute?»

Leatxeren argazki liburu batean oinarrituta, erakusketa bat jarri dute Photomuseumen: ‘REM lasterra’. Tokioko metroko bidaiarien loa erretratatu du artistak. Han ‘inemuri’ esaten diote loak guztiz hartu gabe lo egiteari..

Miguel Leatxe, argazki kamera eskuetan duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Miguel Leatxe, argazki kamera eskuetan duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2025eko abenduaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Letra bakarraren aldea dute kulunkak eta kuluxkak. Eta bien arteko joanak eta etorriak lo eragiten die askori Tokioko metroan. Ohiturazko pasarte bat baino zerbait gehiago da han, ordea. Eta horretaz jabetuta ondu zuen Miguel Leatxek (Iruñea, 1959) bere argazki liburua: REM lasterra. Lan horretan oinarrituta, erakusketa paratu dute orain Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseumen. Urtarrilaren 11ra arte egongo da ikusgai.

Nolakoa da Tokioko metroa?

Ezagutzen ditudan guztien artean isilena. Munduan bidaiari gehien garraiatzen duena ere bai. Eta bidaiatzeko atseginena ere bai, niretzat.

Eta metro gehienetan jendea sakelakoarekin joaten da, baina Tokion...

Maiatzean izan nintzen azken aldiz. Hamar urte daramatzat hara joaten, eta nabaritu dut aldaketa: liburuak bagoietatik desagertzen ari dira, sakelakoa gehiago erabiltzen dute, baina jendeak segitzen du lo egiten.

Inemuri delakoari buruz ari zara?

Inemuri hitzak japonieraz zera esan nahi du: lo egitea, baina presente egonda, zelatan. Alegia, lo dagoen horrek bere baitara bildua dagoelako itxura izaten du, baina badaki kanpoan zer gertatzen ari den. Definizio hori lo horren babes kultural bat da. Joan naizen guztietan, saiatu naiz irudien bidez hori transmititzen. Ez bakarrik alde estetikoa. Erakusketan, lotan dauden horien irudi ahalik eta egokienak jasotzen dira. Saiatzen naiz bidaiariak postura eleganteetan erakusten. Dena dela, oso zaila da Tokioko metroan aurpegia desitxuratuta duen inor lotan topatzea. Konbentzituta nago gehienak REM fase horretara iristen direla. Horregatik izena du horrela erakusketak. Tokiotarrek lo egiten dute metroan, baina galdera hau zen: ametsik egiten ote dute?.

Eta? 

Ez aspaldi, ikerlariek uste zuten REM fase horretara iristeko gutxienez 90 minutu behar zirela. Orain jakin dute hamabost minuturen buruan ere amets egin daitekeela. Nik neuk ere egin dut proba, eta lortu dut amets egitea.

Lotan zegoen jendeari argazkiak ateratzea baino zerbait gehiago da hori. 

Zortzi orduko lana izaten zen egunero, lurpean. Elkarrizketak ere egin nituen. Horretarako erabakigarria izan zen Haruki Murakami idazlearen Underground liburua. Sarin gasarekin Tokioko metroan egindako atentatuei buruzkoa da. Berriro irakurri nuen, eta egin zituen elkarrizketak azpimarratu. Badaude hamar-hamabost bat lagun onartzen dutenak metroan sartu bezain pronto euren betiko jarlekuaren bila hasten direla, eta segituan lo hartzen dutela. Horrek asko lagundu zidan, eta bigarren bidaian jada arrazoi hori hartuta joan nintzen: ikusten ari nintzen hori egia zela. Eta aukera neukan bakoitzean, zera galdetzen nien tokiotarrei: «Metroan zoazenean, lo hartzen duzu?». Eta askok erantzun zidaten: «Bai, ia beti».

«Japoniara bidaiatzea gustatzen zait pertsonen arteko antzekotasunen bila nabilelako; berdinak garela ikusi nahi dut. Ezberdintasunetan egiten dugu askotan azpimarra, baina beste hainbat gauzatan berdinak gara»

Argazki liburu batean oinarrituta dago erakusketa. Zergatik argazki liburua? 

Argazki liburuak abantaila bat dauka, denboran iraun egiten duela. Aldiro jo dezakezu apalategira. Urte asko daramatzat argazki liburuak erosten. Literaturaz gain, irudia ere konpainia ona da. Irudiaren interpretazioak badu garrantzia niretzat. Eta argazki liburu bat egitea erabakitzen duzunean, zuk zeuk erabakitzen duzu irudiek eta liburuak zer harreman izango duten. Horregatik erabaki nuen argazki liburu bat izango zela lehenengo, eta erakusketa bat ondoren.

Zer motatako gris kolorea da liburuko uzumi grisa?

Japoniako metro batzuetan, bagoien karrozeriak kolore gris hori izaten du. Eta bada han kolore gris hori daukan tinta mota bat ere: hiletetan erabiltzen dute, doluminak emateko liburuan, atsekabea erakusteko mezuak idazten dituztenean. 

Zure soslaia ez da ohikoa. Zer zara: abokatu artista ala artista abokatua?

Ibilbide paraleloak izan dira. Gogoan dut aurreneko erakusketa 14 urterekin antolatu nuela, Javier Baldarekin batera —erakusketa honen komisarioa ere bada, artista bikaina izateaz gain—. Lehenengo hura pintura erakusketa bat izan zen. Ikastetxean geneukan areto batean jarri genuen. Franco bizi zen, baina ikastetxeko apezek ez ziguten guztiz zentsuratu. Ongi negoziatu genuen. Ordurako banuen argazki kamera bat ere: gurasoek oparitutako Agfa txiki bat. Ez zegoen dirurik karreteetarako, eta ahal nuen bezala moldatzen nintzen.

Leatxe, argazkilariari argazki bat ateratzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Leatxe, argazkilariari argazki bat ateratzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Zuzenbidea ikasi zenuen?

Bai, eta duela gutxi arte aritu naiz zuzenbide prozesalean. Baina beti erakusketekin batera. Pinturakoak lehenengo, urte askoan, eta argazkilaritzakoak azken hamabost bat urtean. Oso zaila denez inork argazki libururen bat argitaratzea, neure argitaletxea sortu nuen, eta harekin argitaratzen ditut liburuak.

Hurrengo proiektua? 

Badaude batzuk mahaiaren gainean, baina argitara emango dudan lehena Tokioko jaialdi erlijiosoei buruzko argazki liburu bat da. Asko interesatzen zaizkit antzekotasunak: Tokioko jaialdi erlijioso horiek El Rocioko ospakizunarekin [Andaluzia, Espainia] edo Iruñeko sanferminekin eduki ditzaketenak. Tokiokoak barru-barrutik bizitzeko aukera izan dut, eta sekulako ikuskizuna dira. Japoniara bidaiatzea gustatzen zait pertsonen arteko antzekotasunen bila nabilelako; berdinak garela ikusi nahi dut. Ezberdintasunetan egiten dugu askotan azpimarra, baina beste hainbat gauzatan berdinak gara. Eta erritual erlijiosoetan eta adierazpen herrikoietan badaude guztiz berdintzen gaituzten elementuak. Otsailean edo martxoan argitaratuko dut, eta Arcon edo Milanen aurkeztu.

LOTSABaKO

Erreferentziazko argazkilari bat?
Carlos Canovas.

Zuretzat esanahi berezia duen argazki bat?
Erroman atera nuen: George Ganswein kardinala agertzen da. Nire hirugarren liburuaren funtsa erakusten du. Elizaren botereari buruzkoa da.

Gustura aterako zenuke beste bat?
Sail bat egitea daukat buruan, etxe ondoan lanean ari diren beharginekin. Baina ezin dizut xehetasun handirik eman, haiek ez dakite eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.