Tomate Zaharraren Lehiaketako antolatzaileetako bat

Karlos Larrea Ruiz de Alegria: «Tomatea begietatik sartzen da, baina sorpresa har liteke behin ahora sartuta»

Tomate Zaharraren Lehiaketa eginen dute bihar Donezteben, 10:00etan. Parte hartzaile bakoitzak tomate mota bakoitzeko hiru lagin eraman beharko ditu.

Karlos Larrea, atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Karlos Larrea, atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iratxe Muxika
2025eko abuztuaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen begiratuan berde-berde egoten da baratzea, baina, belar artera sartu orduko, eta zorte pixka batekin, borobil txiki gorri batzuk ikusten dira. Hortxe edonoren uztarik gogokoena. Hain preziatua denez, lehiaketa bat egitea pentsatu dute Gazteluleku eta Gasterea elkarteek: Tomate Zaharraren Txapelketa. Bihar eginen dute lehen aldiz Donezteben (Nafarroa), eta antolakuntzan aritu da Karlos Larrea Ruiz de Alegria (1961, Viana, Nafarroa). 

Urte emankorra izan da tomatearentzat?  

Lekuaren araberakoa da horren erantzuna. Nik ez ditut oso ongi ezagutzen Nafarroa iparraldeko lurrak, baina badakit asko aldatzen dela klimatologia, eta horrek zuzenean eragiten du baratzean. Leku batzuetan bero sapa egin du, eta besteetan fresko. Bakoitzak bere ezaugarriak dauzka, eta bere tomateak. Baina eman ditu fruituak, e!

Zergatik aukeratu duzue Doneztebe? 

Tomateari dagokionez aniztasun handia dagoelako han. Mota bereziak dituzte, eta klimatologia horretan ongi ateratzen dira. Harremanetan jarri ginen hango nekazariekin, eta baiezkoa eman ziguten. 

Zer mota, adibidez?

Baztango tomatea, Narbartekoa... badaude tomate batzuk han bakarrik ateratzen direnak eta oso ezagunak direnak gainerako lurretan.  

Zer da tomate zahar bat?

Urtez urte jasotako haziekin loratutako fruitua. Alegia, nekazariek gorde egiten dituzte haziak, eta urtez urte onduz joaten dira horiek. Gero, landatu eta zaindu egiten dituzte, eta tomate zaharra ateratzen da. 

Eta zer du berezia?

Zaporea. Oso zapore berezia eta markatua du; fuerteagoa, ondua. Testura ere oso bereizgarria du; berehala nabaritzen da zaharra dela. 

Zer epaituko duzue, itxura ala zaporea?

Bada, hasieran itxura epaitzen genuen, baina orain ez diogu hainbesteko garrantzirik ematen, eta zaporean jartzen dugu arreta. Testura, garraztasuna, gozotasuna, ur kopurua... horrelako gauzak epaitzen ditugu, eta horiek dastatu ondotik baloratu beharreko gauzak dira. Tomatea begietatik sartzen da, baina sorpresa har liteke behin ahora sartuta. 

Eta nolatan pentsatu zenuten tomatearen inguruko txapelketa bat egitea?

Elkartean proba eta proiektu asko egin ditugu, eta halako batean pentsatu genuen: «Zein da baratze bateko elementurik bereizgarriena?». Bada, tomatea. Eta zerbait egin behar genuen horrekin, ezta?

Zer baldintza bete behar dituzte parte hartzaileek?

Baldintza bakarra bete behar dute: tomate mota bakoitzeko hiru lagin ekartzea. Horietatik bi epaileentzat dira, eta bestea, erakusteko. Berez, mota bakarra ekarri behar dute, baina inork mota bat baino gehiago ekartzen badu, ez diogu ezetzik esanen. Gerta liteke etxean dauzkaten hainbat mota ekartzea, eta hori ere ongi dago. 

Eta saririk emanen duzue?

Bai, noski. Nafarroako produktu ekologikoen sorta bat eta diploma emango diegu irabazleei; hiru tomate onenei. Eta beste sari bat daukagu bertako tomaterik onenarentzat. 

Zenbat jende espero duzue?

Printzipioz, muga berrogei inguruan jarri genuen, eta hori kalkulatuta egin dugu plana; esan genuen guk berrogei ale dastatuko genituela. Gerta liteke gehiago izatea, edo gutxiago... baina horren bueltan ibiliko gara. Muga bat jarri behar zen, eta, elkartean egin ditugun beste ekitaldi batzuk ikusita, aurreikuspen hori egin genuen. Dena den, izena emateko epea bihar goizera arte egonen da zabalik. 

Zein da eguneko plana?

Tomateak 9:00etatik 10:00etara hartuko ditugu, eta guk epaia eman bitartean, janari postuak, azokak, inguruko produktuak... gauza asko egongo dira salgai. Tomatearekin egindako hainbat plater prestatuko dituzte, eta produktu ekologikoen salmenta bultzatu. 

Tomaterik salduko duzue?

Bai, haziak eta fruitua bera. Ez bakarrik inguru horretakoak, baizik eta Nafarroa osokoak. 

Noiz aterako da epaia?

Eguerdian. Dastaketa 13:00etarako bukatua izango dugula aurreikusten dugu, eta, hortaz, 13:30ean hasiko gara sariak ematen.

LOTSABAKO

Nolakoa da zuretzat tomate perfektua? Zaporetsua, koloretsua eta testura gozokoa. Ateratzen zaizu halakorik? Niri ez, baina lagunei bai. Tomatea laguntzeko...? Arraina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.