Topari eutsi diote

Txakolinaren historia errepasatu dute Bakioko Txakolinguneko erakusketa batean: XVI. mendeko neurri protekzionistek indarra eman zioten haren kontsumoari, baina desagertzeko zorian egon zen hurrengo mendeetan.

Gorka Izagirre txakolinaren mahastia, Larrabetzun. BIZKAIKO TXAKOLINA
Gorka Izagirre txakolinaren mahastia, Larrabetzun. BIZKAIKO TXAKOLINA
amaia igartua aristondo
Bakio
2026ko apirilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sarritan erabiltzen den kontzeptu bat dokumentuetan islatuko da goiz edo berandu. Mugarri bat ezarriko du horrek, baina hausnarketa bat ere eragingo du, halaber: izan ere, noiz hasi ziren berba erabiltzen, egiaz? Noiz sortu edo bereganatu zuen herriak, eta zergatik? Txakolinaren historian ere galdera marka horiek ageri dira. Begoñako elizateko (Bizkaia) 1514ko auzi batekoa da aurkitu den aipamenik zaharrena, eta, nolabait, horrek ardatz bat ezartzen du edariaren historiari heltzeko; baina hortik gerokoei ez ezik, horren aurretik jazotakoei ere erreparatu die Juanjo Hidalgo arkeologoak Txakolin... izen propioa duen euskal ardoa erakusketan. Bakioko Txakolingunean bisitatu daiteke, abuztuaren 2ra arte.

Antzinakoa da bidaiaren abiapuntua: Txinako ikertzaile batzuek mahats barietate mordo baten genoma aztertu, eta ziurtatu dute orain dela 11.000 urte hasi zela ardoaren ekoizpena. Eta duela 8.000 urtekoak dira aztarnarik zaharrenak. Ez mahats etxekotuenak, Hidalgok argitu duenez: Armenian, Georgian, Uzbekistanen eta Iranen aurkitutako garai hartako upategietan, azido tartarikoaren zantzuak atzeman dituzte zeramikazko upel erraldoietan; alegia, ardoa egon zen ontzi horietan. Dena den, inportanteena ez da data zehatza, Hidalgoren irudiko, baizik eta tarteak adierazten duena: Neolitoaren ia-ia hasieran, elikatu ahal izateko animaliak eta begetalak etxekotzearekin batera, bizirik irauteko beharrezkoa ez zuten produktu bat lortzen ahalegindu ziren gizakiak. «Badirudi herrien arteko akordioetan eta bisitetan ardoa egoten zela beti; prestigiozko edari bat zen zeremonia horietan».

Bakioko Balanda baserriko upategia. Topatu zuten bezala eraman dute Txakolin... izen propioa duen euskal ardoa erakusketara. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bakioko Balanda baserriko upategia. Topatu bezala eraman dute Txakolin... izen propioa duen euskal ardoa erakusketara. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Hortik mendebalderantz zabaldu zen ekoizpena gero, batik bat feniziarren eskutik. K. a. IX. mendekoak dira Iberiar penintsulan topatu diren zantzurik zaharrenak, orain dela 2.800 urte ingurukoak, alegia. Noiz heldu zen Euskal Herrira? Jauzi handi bat egiten du kontakizunak: IX. mendeko dokumentu batean, Artziniega inguruko herrixka bateko mahastiak aipatzen dira, gaur egun Arabako txakolina ekoizten den toki bat, hain justu; eta Laudioko Gardean ere bazeudela dio X. mendeko beste agiri batek.

Baina XVI. mendekoa da txakolin berbaren zantzu idatzirik zaharrena. Oraingo esanahi bera al zeukan orduko hartan? Hidalgoren ustez, adjektibo bat zen, «oso zehatza», eta gerora bihurtu zen izen. Garai hartako ardoa garratz-garratza zen, ozpinaren tankerakoa, ahula, oraingoa baino alkohol graduazio apalagokoa eta gorputzik gabea, hemengo klima hezearen eta eguzki ordu urrien ondorioz behar beste umotu gabeko fruituekin egina zen eta. Hain zuzen, ezaugarri horiekin lotu zuten «ardo txakolina» Begoñako auzian. Badira beste pista batzuk. Ardo txakolinak zeritzen, orobat, Bordeletik eta Arroxelatik (Frantzia) ailegatzen zirenei, baina han inoiz ez da txakolinik ekoitzi, arkeologoak zehaztu duenez. «Hori ziurtatua dago: harremanetan egon naiz hango ikertzaile batzuekin, eta batez ere Alain Huetz de Lemps geografoarekin, eta ez dute txakolinaren aipamenik topatu hango dokumentazioan. Orduan, hemengo jendeak egiten zuen apreziazio bat zen, nire ustez». Huetz de Lempsek bai topatu zituela, ordea, petit vines-ak; hots, ardo txikiak. «Gureak bezalakoak ziren: ahulak, graduazio txikikoak». Baliteke hemengo herritarrek ezagutzen zutenarekin identifikatu izana kanpoko edari haiek.

Lanparetan zerbitzatua

Txakolinaren aipamen gutxi batzuk baino ez daude, dena den, XVI. mendeko dokumentazioan: Begoñakoaz aparte, Donostiako epaiketa bateko aktan ere jaso zuten berba —1520an—, baita Hondarribiko (Gipuzkoa) beste batean ere —1542an—. Hurrengo mendean orokortu zen haren presentzia agirietan, ez txakolin hitzarekin, baizik eta «herriaren ardoa» edo «ondare ardoa» kontzeptuekin, Hidalgok ñabartu duenez. «Hiribilduek edari pila bat eskatzen zuten: sagardoa, baina baita ardoa ere. Eta Bizkaian, adibidez, 21 hiribildu egin zituzten». Boteretsuak arduratzen ziren ardoa ekoizteaz, eta euren negozioa babesteko neurriak ezarri zituzten mende hartan. «Lehenengo hemengoa edan behar zen. Eta hori amaitu arte ezin zen kanpoko ardo bat ireki».

«XIX. eta XX. mendeetan, eta batez ere XIX.ean, Burgosko toki batzuetan milaka litro egiten ziren, baita Iruñerrian eta Kantabria aldean ere»

JUANJO HIDALGO Arkeologoa eta erakusketaren komisarioa

Ardoak ertz asko bustitzen zituen. Arkitektura baldintzatu zuen, esate baterako. Erakusketan XVI. eta XVII. mendeetako hiru zutabe ipini dituzte ikusgai, eta egituran kiribilduta ageri dira, erliebean, mahasti landareak. Etxeen diseinuan ere zeresana izan zuen, orobat, fatxada batzuetan harburuak txertatu zituzten-eta, mahats parrak sostengatzeko harrizko egiturak. Eta, orobat, ohiturak eta usadioak ere moldatu zituen ardoak. Txakolina aipatzen delako, besteak beste, herriko abesti mordo batean, eta haren kontsumoari lotuta daudelako, halaber, zantzu etnografiko ez gutxi.

Kasu baterako, pitxer bilduma bat jaso dute Txakolingunean, baita edalontzi sorta bat ere. «Ez ziren benetako edalontziak, baizik eta lanpara txikiak», adierazi du arkeologoak. Berez, argiztatzeko erabiltzen zituzten, eta olioz eta metxaz betetzen zituzten jatorrian, ez ardoz. «Erregeak Bilbora egin zuen bisita baterako, 20.000 lanpara txiki enkargatu zituen udalak, balkoiak-eta argiztatzeko. Bisitaren ondoren, udaletxeko biltegian utzi zituzten, eta hango zaindariek ez zekitenez zer egin haiekin, garbitu eta edalontzi moduan erabiltzen hasi ziren». Txakolina zerbitzatzeko erabili eta enkargatu zituzten harrezkero.

XX. mendeko txakolin botilak, beteta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
XX. mendeko txakolin botilak, beteta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Txakolina loraldi betean zegoen orduko hartan, eta nabarmen hedatu zen hurrengo hamarkadetan. «Pentsatzen dugu Aiaraldean, Bizkaian eta Gipuzkoan baino ez dela ekoitzi txakolina; baina XIX. eta XX. mendeetan, eta batez ere XIX.ean, Burgosko toki batzuetan milaka litro egiten ziren, baita Iruñerrian eta Kantabria aldean ere».

Gainbeheratik sor-markara

Garai bertsuan jaitsi zen aparra, ordea. XIX. mendearen hasieran, Fernando VII.a Espainiako erregeak merkataritza liberalizatzeko neurriak ezarri zituen, eta kanpoko produktuak indarrez sartu ziren, baita, horien artean, ardoak ere. Trenak hauspoa eman zion inportazio horri. «Tuteratik Bilborainoko trena 1860ko urteetan ipini zuten martxan, eta toki guztietako ardoak hasi ziren etortzen, kupelak eta kupelak». Horrez gain, XIX. mendearen erdialdetik aurrera izurrite gogorrek erasan zituzten bertoko mahastiak, bereziki filoxerak, oidioak eta mildiuak. Erakusketan XX. mendeko zenbait sufre makina eta sulfatatzaile bildu dituzte: metalezko tramankulu mardulak dira, eta landareak lainoztatzeko erabili zituzten.

Txakolina zerbitzatzeko erabiltzen zituzten tresnak: pitxerrak eta lanpara txikiak. Bilboko Euskal Museoaren bildumakoak dira. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Txakolina zerbitzatzeko erabiltzen zituzten tresnak: pitxerrak eta lanpara txikiak. Bilboko Euskal Museoaren bildumakoak dira. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Teknologiak ezin izan zuen egoera irauli, ordea, eta txakolina ekoizteari uko egin zioten askok: kanpotik zetozkien edariak gustuko zituzten, eta, gainera, hainbesteko neke barik eskuratu zitzaketen. Bakion, besteak beste, produkzioari eutsi zioten, eta XX. mendera arte segitu zuten txakolina egiten; adibidez, txakolingorri famatua. «1960ko eta 1970eko hamarkadetan, artean bazeuden berrogei baserri inguru txakolina ekoizten zutenak. Mahats parra pila bat zituzten, hainbat barietatetakoak. Garai hartan ez zegoen erregulatuta, eta mahats barietate horiekin guztiekin egiten zuten txakolina. Gaur egun, hori ezin da egin, barietate jakin batzuk erabili behar dira».

Hori da, hain justu, bidaiaren azken geltokia: Bizkaiko Txakolina sor-marka sortu ostean, 1994an, gertatutako suspertzea. Jada ez da edari mengel hura, «prestigiozko» produktu bat baizik, Hidalgok aldarrikatu duenez. Eta horrek ere mugarri bat ezartzen du, ezinbestean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA