Topatu dute Gernika-Lumoko aspaldiko bisitaria

Elena du izena 'Non ote zaude' erakusketako argazkietan ageri den neskak; 80 urte ditu orain, eta Madrilen bizi da. Duela 70 urte izan zen Euskal Herrian, familiarekin batera.

'Non ote zaude' erakusketako protagonista Bermeoko portuan, 1955eko udan. HIBAI AGORRIAK UTZITAKOA
'Non ote zaude' erakusketako protagonista Bermeoko portuan, 1955eko udan. HIBAI AGORRIAK UTZITAKOA
amaia igartua aristondo
2026ko martxoaren 24a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Istorioak bukaera borobila izan du. 2010ean, Dani Asuak negatibo sorta bat hartu zuen Madrilgo merkatuko zakarrontzi batetik; hamar urte geroago, irudiok errebelatu, eta balioa zutela ohartu ziren Asua eta haren lagun eta argazkilari Hibai Agorria; bildumarekin erakusketa bat taxutu zuten Gernikako Kultur Etxean, Non ote zaude —ostiralera arte izan da ikusgai—, argazkietan behin eta berriz ageri den neska gaztea topatzeko helburuarekin; eta berriki izan dute haren berri. 80 urte ditu orain, Elena du izena, eta Madrilen bizi da.

Familia Gernika-Lumon, 1950eko urteetan. HIBAI AGORRIAK UTZITAKOA
Familia Gernika-Lumon, 1950eko urteetan. HIBAI AGORRIAK UTZITAKOA

Familia baten oroitzapenak erakusten ditu bildumak: batik bat Bizkaiko herrietako argazkiak dira, orain dela 70 urte egin zituzten zenbait bidaiatan hartuak. Ageri dira Gernika-Lumo, Bermeo eta Bilbo, besteak beste. Baina Elorrio izan da Elena topatzeko hari muturra. Gernika-Lumon lan egiten duen baina Elorrioko senideak dituen irakasle bat joan zen erakusketaren inauguraziora, argazkien argazkiak egin zituen, eta herrian zabaldu ziren. Balendin Berriotxoa jaiegun bat ageri da irudietan; egun hartan, jaunartzeak ere izan ziren herrian. Talde argazki batean, protagonista eta haren lehengusina Carmen identifikatu zituzten: Carmenen jaunartzea zen, eta Elena eta haren familia Madrildik etorri ziren ospakizun horretan parte hartzeko.

«Carmen erakusketa ikustera etorri da. Konturatu gara hamabost argazkitan agertzen dela. Bera ere bada protagonista», nabarmendu du Agorriak. Haren bitartez jarri dira harremanetan Elenarekin. Istorioa borobilduta, hurrengo urratsa zera da: argazkiak eta negatiboak familiari itzultzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!