Kazetaria

Irati Urdalleta Lete: «‘Tortilla pintxo bat’ euskaraz eskatu eta hori ulertu nahi ez izatea ere bada indarkeria»

Bihar aurkeztuko dute ‘Euskaldunak: etxean arrotz’ dokumentala, Soreasu antzokian. Azpeitiko Zaparraie euskara taldeak ondu du, Kulturaz Kultur Kooperatibaren laguntzarekin, eta Irati Urdalletaren gidoia oinarri hartuta.

Irati Urdalleta Lete kazetaria, dokumentalaren afixa hartuta, Azpeitian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete kazetaria, dokumentalaren afixa hartuta, Azpeitian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Azpeitia
2025eko abenduaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaldun izateagatik jasan zituztenak, dituztenak eta ez jasateko egin daitezkeenak jaso dituzte Euskaldunak: etxean arrotz dokumentalean. Azpeitikoa (Gipuzkoa) da historia, baina ez da Azpeitian bakarrik bizi izan. Zaparraie euskara taldeak egin du, Kulturaz Kultur Kooperatibaren laguntzarekin. Gidoia Irati Urdalleta Lete BERRIAko kazetariarena da (Errezil, Gipuzkoa, 1997). Begirada ere bai.

Nortzuk dira etxean arrotz sentitu diren horiek?

Euskaldunak. Azkenean, euskaldun orori tokatu zaigu noiz edo noiz nonbaitera joan eta arrotz sentitzea. Geu gaizki sentitzea euskaraz hasteagatik, eta aurrez zera pentsatu behar izatea: ‘Euskaraz ba ote daki, ez ote daki’. Eta horrek dakarren estres linguistikoa. Askotan, egunero tentsio batean bizi beharra da euskaldun izatea.

Arrotz sentitu direnak, eta sentitzen direnak, beraz?

Dokumentalean jaso ditugun testigantzak 1950eko hamarkadatik gaur egunera artekoak dira. Zapalkuntza aldatu da. Agian gaur egun ez da horren agerikoa. Hasierako testigantza haietan, indarkeria agerikoagoa da: nola jotzen zituzten eskolan, nola baztertzen zituzten, nola idatzi behar zuten berrehun aldiz No hablaré en basco [Ez dut euskaraz hitz egingo]... Baina gaur egun ere badago indarkeria: lagun batekin euskaraz aritu eta beste batek kargu hartzea, «tortilla pintxo bat» euskaraz eskatu eta ulertu nahi ez izatea... Hori ere bada indarkeria. Euskaldun izateak dakarren zigor edo gutxiespen hori agian ez da horren agerikoa, baina orain ere ukatzen digute zenbaitetan euskaraz hitz egitea.

«Euskaldun izateak dakarren zigor edo gutxiespen hori agian gaur egun ez da hain agerikoa, baina orain ere ukatzen digute euskaraz hitz egitea»

Nondik nora sortu da dokumentalaren ideia? 

Azpeitiko Zaparraie euskara elkartearen ekimenez sortu da, Kulturaz Kultur Kooperatibaren laguntzarekin, eta Azpeitiko Udalaren babesarekin. Nire egitekoa izan da gidoia diseinatzea, elkarrizketatuak topatzea eta elkarrizketak egitea, eta horien gaineko lan teknikoagoa: mozketa, muntaketa...

Eta zer ikasi duzu, edo zerk harritu zaitu? 

Dokumental bat egitea zer den ikasi dut, ni idatzizko kazetaritzan aritzen bainaiz. Eta entzundako bizipenek harritu naute. Beti da aberasgarria horiek aurrez aurre jasotzea.

Norbaitek esango du: «Kontu horiek jakinak dira». 

Bizi izan dituenarentzat jakinak dira, baina Euskal Herrian eten bat izan da arlo horri lotutako transmisioan. Eta halako gauzak kontatu egin behar dira. Sartu zaigun beldur horren ondorio da, askotan. Isildu, ez hitz egin... Horrek guztiak eragina izan du, eta kontu asko isilean pasatu dira. Ikastetxeentzako aurkezpena egin dugu gaur [asteazkenean]. Hirurehun gazte zeuden Soreasun. Euskaldunon Egunkaria-ren itxierari buruzko testigantza entzun dutenean, bat-batean, isil-isilik geratu dira. Zer pentsatua eman dit. Horietako askok ez zuten horren berri ere izango.

Euskarak ere baditu bere biktimak.

Eta, askotan, ez dira aitortuak izan. Gainera, esan dezakegu gaur egun ere bagarela. Ez euskararen biktimak, baizik eta euskararen kontrako politiken biktimak. Zera esaten da: «Euskara larrialdian dago», «jendeak ez du euskaraz hitz egin nahi». Hori guztia hartu diren edo hartu ez diren erabaki politikoen ondorio da. Eta hori garbi ikusten da dokumentalean.

Menderakuntzari eta zapalkuntzari buruzkoa da dokumentala? 

Bai, eta bada menderakuntzari eta zapalkuntzari aurre egiteko sortutako herri ekimenaren gorazarre bat ere. 

Dokumentalean entzundakoak: «Umiliazio bat zen hura», «Altxatu zen, eta izterrean behera odola zeukan». Testigantza gogorrak daude.

Eta horrelaxe kontatzen dizkizute, beste edozer gauza kontatzen ariko balira bezala. Oso normalizatuta daukate euren hizkuntzan hitz egiteagatik jotzea. Horrek harritu nau.

Gogortu egin behar dira euskararen inguruko mezuak? Edo sedukzioaren ideiarekin segitu behar da?

Errealitatea zein den kontatu behar da. Bai, jendea euskarara erakarri behar da, baina ezin da ukatu zein den errealitatea.

Eta zein da?

Euskalgintzaren Kontseiluak dioen moduan, «larrialdi egoera batean» gaudela. Azpeitia arnasgune bat da, eta ematen du dena irabazita dagoela, normala hau dela, baina ez da hala. UEMAren ikerketak garbi dio gaur egun bezala jarraituta arnasguneak ere galbidean egongo direla 2036rako. Seduzitu behar dugu? Bai. Jendea erakarri behar dugu? Bai. Baina benetan behar dena euskararen aldeko hizkuntza politika sendo bat da, modua emango duena euskaldunak gure herrian arrotz ez sentitzea. Gu sentitu gaitezela etxeko, eta nahi duen oro etor dadila euskarara.

Dokumentalean diote Azpeitia «utopia bat» dela euskararentzat, eta «kualitatiboki» ekarpena egin diezaiokeela euskarari. Zertan? 

Eredua izan daiteke. Esaten dute euskara diskriminatzailea dela, baina Azpeitia harrera herria da. Esaten dute euskara eskolako hizkuntza dela, baina Azpeitian euskara kaleko eta aisialdiko hizkuntza ere bada. Baina ezin dugu konplazentzian erori. Euskalgintzaren Kontseilua beste pizkunde baten alde ari da, posible baita euskaldunok galbidean egotea. Eta dokumentalean argi ikusten da daukagun egoera erabaki politiko batzuen ondorio dela, eta honi buelta eman nahi badiogu beste erabaki politiko batzuk behar ditugula.

Dokumentalean hau diote: «Euskara da benetako jarrera iraultzailea». 

Dudarik gabe. Euskaraz hitz egitea da gaur egun haize kontra egitea.

Dokumentalean hau diote: «Kontzientzia da hitz klabea».

Eta ez da posible Azpeitian horren modu naturalean euskaraz bizi eta hemendik kanpora lehen hitza gazteleraz egitea kafe bat eskatzeko. Geure errealitateaz kontziente izan behar dugu.

LOTSABAKO

Euskarazko hitz edo esamolde gustuko bat?
Egon hadi lo, eta jango dun mehe.

Gustuko ez duzun baten bat?
Sekulako amorrua ematen dit hitz askori aurretik super jartzeko dagoen ohiturak: superondo, supertxarra, super... Ez dut aguantatzen. Superurduri jartzen naiz [barrez].

Zure inguruko paisaia bat?
Dudarik gabe, Hernio mendia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.