Berbaroaren, zarataren eta bart gaueko parrandak utzitako usainaren artean, patata eginaren eta arrautza apurtu berrien usaina Bilboko Areatzan: tortilla txapelketa. Urtero legez, jaietako martitzenean, tortilla txapelketa antolatu dute Bilboko Konpartsek. Aste Nagusian egiten diren txapelketa gastronomikoetan ezagunena da; bada, aurten ere, Areatza aulkiz eta mahaiz bete dute han bildu diren kuadrillek. Osotara 260 taldek eman dute izena. Tortilla ona egitea baino gehiago, egunez ere jai giroari eustea da erronka.
Nahiz eta talde askok parte hartu duten, Aitor Lexartza antolatzaileak adierazi du aurreko urteetan baino talde gutxiagok eman dutela izena. Arrazoien artean aitatu ditu aurten eguraldi «ez hain ona» egitea eta Aste Nagusia goiz hasi izana. Jaietako lehenengo egunetan ere, ohi baino jende gutxiago sumatu dute, azaldu duenez. Hala ere, giro ona izan da nagusi. Horretan lagundu dute kuadrillek eta konpartsetako kideek. Hantxe zeuden Dimas Ortuzar eta haren kuadrilla ere. Txapelketan parte hartzen duten hirugarren urtea da. Lehen, ingurutik begiratzen zioten txapelketari, baina parte hartzeko moduan ikusten zuten beren burua, eta jada hiru urte daramatzate parte hartzen. Postu onik ez dute lortu, baina profesionalak dirudite, nahiz eta profesionalik edo sukaldari aditurik ez daukaten taldean. Mahai bat gordea dute tortillarentzat, patatak moztu ahal izateko, zartagina surtan jartzeko... Hori funtsezkoa da. Baina are funtsezkoagoa da osterantzeko guztia. Ondoko mahaian, denetariko zizka-mizkak, eta kopetan ere edanaren faltarik ez. Lekua ere, halakoa. Ez dira alferrik 08:00etan ailegatu. Urtero hartzen dute leku bera, iturri ondoan. Txapelketa egunez izaten denez, umeekin egiteko plan «ona» da, Ortuzarren ustez.

Txapelketa goizean izateak ere baditu eragozpenak tarteka. «Jende asko etortzen da, eta guk ere ez genuke aukera galdu nahi», hasi da Ibai Sainz. Baina gehitu du egun argiz festa giroan ibiltzeko aukera izatea ere eskertzekoa dela: «Dena ez da izango gauez irten eta garagardoak edatea». Hala ere, garagardoa du eskuan orain ere: bart txanda izan zuen txosnan, eta ajeari buelta emateko modua du hori. Lagunekin barrezka aritzea ere lagungarri zaiola uste du. Ez dute hain aldarte alaia Paya konpartsako gazteek. Nekatu aurpegia dute. Belu oheratuko ziren, zeren 10:00etan ailegatu baitira Areatzara. Hirugarren urtea dute lehiaketan, eta Arai Cañas konpartsako kideak hasperen artean onartu duenez, «pixka bat behartuta» eman dute izena, konpartsak bere taldea izan dezan. Dena den, esan du lehiaketa ajea pasatzeko modu bat dela, nahiz eta batzuetan modu «txarra» izan. Mahaikideek buruarekin baietz egin diote, barrezka.
Gutxi egina gurago
Txapelketa guztiek bere epaimahaia daukate, eta Aste Nagusiko tortilla txapelketak ere bai, noski. Maerose Palma da epaile aritu direnetako bat. Aurten lehenengo urtea du epailetzan, eta urduri dagoela onartu du. Hala ere, beti gose izaten denez, prest dago egokitzen zaizkion tortillak probatzeko. Guztiz ziur ez badago ere, 50 tortilla inguru dastatu beharko dituela uste du. Tortilla on batek zer behar duen itaunduta, pausoz pauso azaldu du, pentsatzeko tarte handirik behar ez, baina esaldi bakoitza kontuz hautatuz, tortilla bat prestatzeko behar den mimo beraz: «Patata ondo egin, eta gero arrautzak apurtu; ez edozein arrautza, baina: onak izan behar dute. Ondoren, ondo nahasten direla ziurtatu, eta behin zartaginera botatzean, su motelean egin». Hori ei da gakoetako bat, azken pausoaren menpe dagoena: sua askorik berotu ez, eta tortillaren barrualdea gutxi egitea. Hala esan du Sainzek ere, gutxi egina gurago duela, baina ez gutxiegi: «Ez zait gustatzen barrukoa likidoa izatea: testura krematsua da onena». Ortuzar ere bat etorri da, azaldu baitu gutxi egina bai, baina likidoegia ere ez duela gustuko. Beraz, dirudienez, gutxi egindako patata tortilla da maiteena Areatzako parkean.
Tortilla dastatu ahal izateko, ordea, hainbat zailtasun gainditu behar dira lehenago. Gaitzena zera da: tortillari buelta ematea. Ez dira gutxi izango buelta gaizki emateagatik alferrik galduko diren tortillak. Ezbeharrik gertatu ez dadin, Palmak truko bat eman du: «Buelta emateko erabiltzen den platerak zartaginaren neurri berekoa izan behar du». Bukatzeko, Lexartzak azaldu du zer den funtsezkoena tortilla on bat egiteko: hain zuzen ere, osagaiak eurak. Irizten dio garrantzitsua dela kalitatezkoak izatea, tortilla ere kalitatezkoa izan dadin.