Tradizioa berrituta

Haatik dantza konpainiakoek 'IOI' emanaldia antzeztuko dute bihar Arrasaten, 19:30ean hasita.

Haatik konpainiaren 'IOI' emanaldia. HAATIK KONPAINIAK UTZITAKOA
Haatik konpainiaren 'IOI' emanaldia. HAATIK KONPAINIAK UTZITAKOA
2026ko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dantzaren bidez tradizioa eta berrikuntza uztartu daitezke, eta horren adibideak ez dira gutxi. Esaterako, maiatzaren 15ean estreinatu zuten IOI antzezlana, Leioan (Bizkaia), eta orduz geroztik, Haatik dantza konpainiak dozena bat emanaldi baino gehiago egin ditu. Bihar Arrasaten (Gipuzkoa) arituko dira dantzan.  

Aiert Beobide Haatik konpainiako zuzendariak dio emanaldian ikusi eta entzun daitekeena «berezia» dela. Egitura gorri ikusgarri bat dago erdigunean, eta haren gainean, Manu Gaigne musikaria. Abestiak proposatuz doa Gaigne, eta taldeko dantzarien artean interpretatzen dituzte: Jon Arsuaga, Libe Sukia, Amaiur Luluaga, Iñigo Etxeberria eta Izaro Urrestarazu. Emanaldia antzokiez bestelako lekuetan egiteko modukoa da; izan ere, egitura gorri horrek sonorizazio sistema bat du, eta ez du kablerik behar; beraz, kalean egiteko prestatuta dago. Zuzendariak esan du badagoela «bide bat», baina dena nahiko «bat-batean» sortzen dela. Gainera, publikoaren parte hartzea ere aipatu du Beobidek: «Askotan, dantzariak ikusleen inguruan ibiltzen dira dantzan, ez diegu ohiko muga horiei eusten; batzuetan gertatzen da ikusleak keinu batzuk egitea dantzariei eta gertutasun erlazio bat sortzea». 

Haatik dantza konpainiak Jone San Martinekin batera sortutako koreografia da IOI. Ez da batera lan egin duten lehen aldia: 2024. urtean, Hots ikuskizuna sortu zuten; hor hasi ziren elkarrekin bidea egiten. San Martinek urte asko egin ditu atzerrian Forsythe koreografoarekin lanean aritu da urte luzez, baina, nahiz eta kanpoan urte asko egin, euskalduna da eta badu konpainiaren ikuspegiaren berri. Beobideren hitzetan, Jone San Martinek «dantza tradizionalak beste era batera agertzeko airea eman» du. 

Euskal kultura oso presente dute konpainian. Horregatik, euskal dantzak eta tradizioa koreografia modernoagoekin uztartzen dituzte. IOI emanaldiak lotura du Euskal Herrian 1970eko eta 1980ko hamarkadetan sortutako kantugintzarekin eta musikarekin. Horren harira, Beobidek esan du askotariko doinuak erabili dituztela: «Musikariak, Herri Gogoa diskoetxearen bilduma osoa hartu, eta halako collage bat eginez erakusten ditu. Pieza batzuk oso ezagunak dira, eta gaur eguneraino iritsi dira; halere, Mikel Laboa, Xabier Lete eta Lurdes Iriondo musikarien hainbat proposamen ezezagun ere badaude. Edo, behintzat, gaur egun publiko oso zabalera iritsi gabeak». 

Ibilbide oparoa

2011n sortu zuten Haatik konpainia. Dantza munduan bestelako ikuspegi bat sortzea zuen xede. Konpainiak oso presente du euskal kultura, eta ikuspegi horretatik lantzen dute dantza, askotariko estiloetara egokituz. Mugimenduen bidez istorioak kontatzeko tresna bihurtzen dituzte koreografiak. Hala Euskal Herriko nola kanpoko eszenatokietan dantzatu dira, eta sariak ere irabazi izan dituzte, besteak beste Acieloabierto dantza garaikideko jaialdian. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA