Tragediaren aurpegiak berreskuratu dituzte

Jose Antonio Abaroak eta Idoia Ibañezek zalantzan jarri dute ‘Elanchove’ ontziaren naufragioaren bertsio ofiziala: denboralea baztertuta, gainkarga edo gerra erasoa jo dituzte kausatzat. 1936an hondoratu zen barkua, eta 41 marinel hil ziren.

Jose Antonio Abaroa eta Idoia Ibañez, azaroaren 25ean, Bilboko Itsasmuseumeko dikean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jose Antonio Abaroa eta Idoia Ibañez, azaroaren 25ean, Bilboko Itsasmuseumeko dikean. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko abenduaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikerketa pribatu bat izan zen hasieran, familiako kontu bati buruzko jakin-mina asetzeko ahalegina besterik ez. 1936ko urriaren 25ean, Galeako lurmuturretik (Bizkaia) 150 miliara hondoratu zen Bilbotik Cardiffera (Gales) burdin minerala zeraman Elanchove ontzia; tripulazioko kide bakarra atera zen bizirik, eta ito egin ziren gainerako 41 marinelak. Jose Antonio Abaroaren aitona zegoen hildakoen artean, baina bilobak ez zuen istripuaren berririk izan urte askoan. «Banekien aitona itsasontzien kapitaina izan zela, eta naufragio batean hil zela. Baina ez nekien beste ezer: ez zein ontzi zen, ez zein konpainiatan egiten zuen lan, ezta noiz hil zen ere». 2014an ekin zion miaketari, kasualitatez, eta urteekin kontu pribatua izateari utzi dio: Idoia Ibañez merkataritzako nabigazioko kapitainarekin batera marinelen senideen bila hasi zen, eta hamaseiren ondorengoekin jarri dira harremanetan daborduko. Soslai humanoak handitu egin du kontakizuna, eta aurpegiak gehitu dizkiote izen zerrenda hari.

Beste naufragio bati buruzko albisteak jarri zuen Abaroa Elanchove-ren arrastoan. Sarean irakurri zuen 1934ko irailean elkar jo zutela Romeu ontziak —bidaiariak eta zementua zeramatzan— eta Echano-k —gatza zeraman—, Portotik gertu (Portugal). Erreportajeak zioen Echano hondoratu egin zela talkaren ondorioz, eta hemeretzi marineletatik hamahiru zendu zirela. Kapitainak egindako deklarazioak ere aipatzen zituen, eta detaile horrek eman zion atentzioa Abaroari: izan ere, kapitain hura bere aitona zen, Fernando Abaroa. «Hortik aurrera, gaiari bueltak ematen hasi nintzaion: nire aitona barku istripu batean hil bazen, istripu hori ezin zen Echano-rena izan, baizik eta geroago gertatutako bat».

'Elanchove' ontziaren maketa, Jose Antonio Abaroak egina. JOSE ANTONIO ABAROA
'Elanchove' ontziaren maketa, Jose Antonio Abaroak egina. JOSE ANTONIO ABAROA

Hari mutur horietatik tiraka, informazio baliotsua bildu zuen Merkataritzako Nabigazioko Kapitainen elkartean: Elanchove itsas konpainiaren jabetzakoa zela Echano, eta haien beste barku batek, Elanchove izenekoak hain justu, istripu bat izan zuela 1936an. Orduko hartan kapitaina ez zen bizirik atera. «Horrek izan behar zuen; bide horretatik ikertzen hasi nintzen».

Espediente ofizialaren arabera, itsaso zakar baten ondorioz hondoratu zen Elanchove: ezohiko olatu baten enbatak ontzia bitan zatitu zuen laugarren bodegatik, eta itsasoak berehala irentsi zuen; bidaiarietako seik salbamendu txalupa batera eustea lortu zuten, baina, 26 orduren ostean ontzi bat pasatu zenean, bakarra baino ez zen geratzen. Asturiaskoak (Espainia), Galiziakoak eta Bilbokoak ziren tripulazioko kideak.

Mutina, «konplikatuagoa»

Kausa hori zalantzazkoa iruditzen zaie Abaroari eta Ibañezi, datuek gezurtatu egiten baitute denboralea. Garai hartako mapa meteorologikoen arabera, antizikloi handi bat egon zen egun hartan, eta Galeako semaforoko partean haize leuna baino ez zuten jaso —bi orduan behin egiten zituzten parteak—. «Inoiz ez dugu jakingo zerk eragin zuen istripua, baina bertsio ofizialak ez dirudi onargarria», ebatzi du Abaroak.

«Banekien aitona itsasontzien kapitaina izan zela, eta naufragio batean hil zela. Baina ez nekien beste ezer»

JOSE ANTONIO ABAROA 'Elanchove' ontziaren kapitainaren biloba

Hori baztertuta, bi hipotesi nagusi dituzte ikertzaileek: gainkarga edota ontziaren mantenu txarra, eta gerra ekintza. Elanchove-k 34 urte zituen jada, eta, adin bereko ontzi askok arazo barik nabigatzen zuten arren, erreforma mordo bat zituen eginak, Ibañezek esplikatu duenez. «Armadore batek erosten zuen bakoitzean, bere nabigazio motara egokitzen zuen. Beste barku batzuei erregaia emateko ere erabili zuten, eta lan horretan talka asko sufritzen dituzte, maniobretan saihetsetik lotzean». Ikatza eramateko erabili zuten gero, baina karga mota aldatu zioten ostera: burdin minerala. 7.000 tonarekin zama zitekeen, guztira, baina ikatzak burdinak baino bolumen handiagoa du: hala, 7.000 tona burdin kargatu ostean, bodega erdi hutsik ikusiko zuten, eta litekeena da material gehiago ontziratu izana bidaia berari etekin handiagoa ateratzeko.

Edo, beharbada, eraso bat izan zen kausa. «Lehendik ere entzunda geneukan, eta irakurri ditugun azken liburuetan konfirmatu dugu: barkuek burdina eramaten zuten hara, baina armak ekartzen zituzten bueltan», azaldu du Ibañezek. Urte hartako abuztuan, gainera, Errepublikak inkautatu egin zuen Elanchove, eta ordutik haren banderarekin nabigatzen zuen. Torpedoz eraso egingo zioten, beharbada? Edo mina bat ipini, agian? «Esan digutenez, hondoratu zen eremuan Alemaniako urpekoek ez zuten eraso egiten —azaro bukaeran agertu ziren, gainera, naufragioa gertatu eta hilabetera—; eta, edozelan ere, gerra praktika batzuk zeuden: ez zen ohikoa barkuei gauez eraso egitea, ezta naufragoak ez erreskatatzea ere», Ibañezen esanetan.

Egunkari zati bat eta gutun bat, aitaren arrasto bakarra

Palmeirakoa (Galizia) zen Elanchove ontzitik bizirik atera zen marinela. Haren jatorriaren berri izan zuenean, hara jo zuen Jose Antonio Abaroak, senideren bat topatzeko asmoz. Pepucha alabarekin egin zuen topo. 82 urte zituen jada, baina ondo gordeak zituen aitari buruzko oroitzapen urriak: ontziaren naufragioaren inguruko albiste bat bazuen, eta hark amari Bordeleko (Frantzia) jatetxe batetik bidalitako gutun bat ere bai, gako hizkuntzan. «Lehen, barkuetan VHF bidez komunikatzen ziren; nik ere ezagutu nuen garai hura: banan-banan hitz egin beharra zegoen, eta, bukatutakoan, cambio esan, hitza besteari pasatzeko», oroitu du Idoia Ibañezek. Barku guztietan entzun zitekeen solasaldia, eta, ondorioz, ohikoa zen gako hizkuntza bat erabiltzea.

Marinelak molde horretan idatzi zion gutuna emazteari, eskuz. Ezbeharrean hildakoen izenak aipatzen zituen, besteak beste. Eta kanal hori erabili zuen, halaber, emakumeari iragartzeko ez zela etxera bueltatuko: «Egiozu gure semeari beroki bat nire berokirik onenarekin, aurten hotz handia egingo du eta». AEBetara joan zen, eta beste familia bat eratu zuen. Ibañezek hango biloba batekin hitz egin zuen. «Esan zidan amesgaizto asko izaten zituela, bere anaia ere salbamendu ontzira helduta egon zelako, baina ezin izan zuelako salbatu».

Bi hipotesi horiek dira onargarrienak, ikertzaileen irudiko. Baina familiek beren errezeloak ere bazituzten. «Amonarekin harremana izan zuen jendeak esan dit hark ez zuela baztertzen mutin bat gertatu izana», kontatu du Abaroak. Naufragiotik bizirik atera zen marinela Bordeleko (Frantzia) kontsularengana eraman zuten aurrena, eta egun batzuk geroago Bilboko Itsas Komandantzian deklaratu zuen. «Amonak detaile bati erreparatu zion: kapitainaren gerrikoa zeraman. Nik zera pentsatu izan dut beti: aitona gerrikoarekin lotu zela salbamendu ontzira, logaletuta geratzen bazen ere berme bat edukitzeko, eta besteak askatu egin zuela azkenean. Baina mutina konplikatuagoa da».

Kalte ordainik ez

Bizirik atera zenaren deklarazioak berebiziko garrantzia izan zuen, hainbat arrazoirengatik: batetik, ezbeharrari neurria hartzeko balio izan zuen —hildakoen izen-abizenak jakinarazi zituen, esaterako—, eta, bestetik, garrantzitsua zen kasuaren espedientea osatzeko eta istripu bat izan zela ebazteko, aseguruetan zehaztutakoa kobratu ahal izateko. Izan ere, alde ekonomikoak esangura nabarmena izan du Abaroaren eta Ibañezen ikerketan.

Fernando Abaroa, Elanchove ontziaren kapitaina. JOSE ANTONIO ABAROA
Fernando Abaroa, 'Elanchove' ontziaren kapitaina. JOSE ANTONIO ABAROA

Istripua gertatu zenetik Bilboko komandantzian deklarazioa egin arte igaro zen hilabete eskasean, armadoreak eta marinelak bertsio jakin bat moldatu zuten, ikertzaileen ustez. «Nahi zuten argi gera zedin itsaso zakarrak eragin zuela istripua, beste motibo bat egon izan balitz, gainkarga edo gerra ekintza adibidez, armadoreak ez zuelako asegurua kobratuko», Abaroaren arabera. Areago, ontzia bi lekutan aseguratua zuenez, Londresen eta Bilbon, haren truke ordaindu zuen baino gehiago irabazi zuen. Komandantzian bukatu ostean, marinela notarioarengana eraman zuen armadoreak, haren aurrean ere konta zezan jazotakoa. Garai hartan abiatu zuten lehen espedientea, 1936ko azaroaren 20 inguruan; orobat, istriputik hilabetera hasi ziren agertzen albisteak eta eskelak.

Espedientea zabaldu zen, baina ez zen ebatzi. Eta 36ko gerra amaitu ostean Abaroaren amona erbestetik itzuli zenean —hiru seme-alabarekin egin zuen ihes Bordelera—, komandantziara joan zen kexatzera, aseguru etxean erreklamatu arren ez zuelako dirurik jaso oraindik. «Alargunek arazo hori ere eduki zuten: ez zuten kobratzen», azpimarratu du Abaroak. 1939ko azaroan bigarren espedientea zabaldu zen. Hiru urte horietan, dokumentu asko galdu egin ziren, tartean 1936an abiatutako espedientea —«Gerra garaietan ohikoa den bezala», egin du ñabardura Ibañezek—, eta istriputik bizirik irten zen marinelak aspaldi egin zuen ihes AEBetara, fusilatu ez zezaten; hain justu, ontzia Errepublikak inkautatua izateak erreklamazioei ere eragin ziela uste du Ibañezek.

«Armadore batek erosten zuen bakoitzean, bere nabigazio motara egokitzen zuen 'Elanchove'»

IDOIA IBAÑEZ Merkataritzako nabigazioko kapitaina

Marinelak notarioaren aurrean eginiko deklarazioa aurkeztu zuen armadoreak, eta hori izan zen bigarren espedientearen oinarria; 1954an zarratu zen. Baina, hala ere, diruaren arazoa ez zen konpondu. «Armadorea aseguru bat ordaintzen ari zen tripulazioarengatik, baina senideek ez zuten kobratu», argitu du Ibañezek. Dirua tantaka ailegatu zen, eta ez guztiei. Lan istripuetarako kutxa bat zegoela topatu dute aurten Espainiako Lan Ministerioan, eta harekin lotutako hiru dokumentu atzeman dituzte, Galiziako beste horrenbeste familiaren ingurukoak. «Familia horiek istripuagatik zegokiena aldi bakarrean ordain ziezaietela eskatu zioten aseguru kutxari, eta ez urtez urte, aldiro miseria bat kobratzen ari ziren eta». Familiek dirua behar zuten; adibidez, alargun batek argudiatu zuen saregile aritu nahi zuela, eta arrantza tresnen denda bat ipini. «Uste dut familia bakarrari baino ez ziotela eman diru guztia batera», esan du Abaroak. «Ze, gainera, dokumentazio jakin bat behar zuten: herriko alkateak haietaz ondo hitz egin behar zuen, JONSen bulegoetatik pasatu behar zuten ziurtatzeko [Francoren] erregimenaren aldekoak zirela...».

Elanchove-ren patua ez da salbuespenezkoa, dena den, urte gatazkatsu haietan makina bat ontzi hondoratu ziren eta. Ibañezek azaldu du batzuetan familiakoek ez zutela jakiten beren senidea zein barkutan zegoen, moilara joan eta lana zegoen lehen ontzian igotzen zirelako marinelak, familiari abisatzeko astirik eduki gabe askotan. Beste itsasgizon asko fusilatuak izan ziren: hala hil zuten, esate baterako, Elanchove-tik bizirik atera zen marinelaren anaia. Naufragioari tiraka topatu dituzten istorio kuriosoetako bat da harena, Abaroak kontatu duenez. «Valentziara heldu zirenean, kapitainak ihes egin zuen, eta hura gabe segitu zuten nabigatzen; Gijonen, Poliziak atzeman zituen, eta ondorioztatu zuen kapitaina hil egin zutela. Ferrolera eraman zituzten marinel guztiak, fusilatzera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.