Udako proposamenak

«Tribua» berriz elkartzeko

Minbiziaren gaia gizarteratzeko eta «tribua» batzeko, Inurri Eguna egingo du bihar Izan Inurri elkarteak, Usurbilen. Egun osoko egitaraua prestatu dute.

Inurri Eguneko argazki bat. IZAN INURRI ELKARTEAK UTZITAKOA
Inurri Eguneko argazki bat. IZAN INURRI ELKARTEAK UTZITAKOA
ane insausti barandiaran
2026ko irailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunerokoan bidelagun dituzten inurriekin egunaz gozatu, aspaldi ikusi gabeko lagunak estu besarkatu, komunitateko beste kide batzuk ezagutu eta elkarrekin bizitza bere alde on eta txarrekin ospatu. Hori guztia egingo dute bihar, Izan Inurri elkartearen Inurri Egunean, Usurbilen (Gipuzkoa). Minbizia dutenei laguntzeko eta gaixotasunaren inguruko dibulgazioa ikuspegi feministatik egiteko sortu zuten elkartea, eta kide guztiak batzeko aprobetxatuko dute festa, Tabuen kutxatik oholtzara lelopean. Aspaldi ikasi baitzuten tristurak eta pozak xamurrago eramaten direla partekatuz gero.

Hirugarrenez egingo dute Inurri Eguna, eta egun osoko egitaraua antolatu dute. Egutegian urteroko hitzordua bilakatu da hura osatzen duen «tribuarentzat», Beñat Elizalde bertako kideak adierazi duenez: «Azkenean, geroz eta gehiago gara, eta nahiz eta harremanetan egoten garen, kosta egiten zaigu denok elkartzea. Hori da egun hori guretzat: aldarrikapenetik bizitza ospatzeko egun bat». 

Minbizia duten pertsonez gain ingurua eta gizarte osoa inplikatzea izan da elkarteko kideen helburua, hasiera-hasieratik. Izan ere, gaixoei ez ezik, haien lagunei, alabei, aitonei, semeei... eragiten die gaixotasunak. «Horrelako ekintzak egiten ditugunean —kontzertuak, bertso saioak, podcastak, erakusketak...—helarazi nahi dugu minbizia ez dela soilik gaixoen kontua, baizik eta gizarte osoarena. Bide horretan, kanpoko jendea ere etortzen da, agian minbiziarekin erlazio zuzena ez daukana, baina dibulgazio lan hori iritsi zaiona. Guretzat oso garrantzitsua da hori». 

Txarra kenduta, ondo; Hil arte bizi; Amore emateko beti da goizegi; Ez badakizu zer esan, ekarri kroketak; Pozoia eman, sendatzeko. Kamiseta, jertse eta poltsetako leloak Euskal Herriko ehunka pertsonaren soinean ikusi daitezke. Proiektua finantzatzeko iturri ezinbestekoa da denda solidarioa, eta ilusioz bizi dute haren hedapena, proiektua ezagutarazteko ere balio baitu. «Uste dut jendea kamisetan azaltzen diren leloekin identifikatuta sentitu daitekeela, minbizia eduki ala ez, eta konektatzen duela jendea pasatzen ariko den egoerekin. Alde horretatik oso kontent gaude, jendearekin konektatzeagatik», azaldu du Elizaldek.

Egitarau oparoa

Gorputza esnatzeko ekintzekin hasiko dute eguna, eta 11:30ean egingo dute mahai inguru zentrala. Gazteleraz izango da: Corporalidad y cuerpos enfermos (Gorpuztasuna eta gorputz gaixoak) izenburua izango du, eta Mer Gomez idazle eta ekintzaile intersexualak, Marina Garcia Teta y Teta egitasmoko kideak eta Magdalena Pineyro lodifobiaren aurkako ekintzaileak parte hartuko dute. Gorputzen inguruan ezartzen diren arauei buruzkoa izango dela aurreratu du Elizaldek: «Minbiziaren albo ondorio asko gorputzean islatzen dira, eta asko sufritzen da. Presio estetiko handia dago gizartearen, instituzioen, zerbitzu publikoen eta beste askoren partetik».

Baina gozamenerako ere hartuko dute tartea: bazkalostean bertso saio musikatua egingo dute. Onintza Enbeita, Oihana Arana eta Ane Labaka ariko dira kantuan, eta inurrien «tribuko» kideak izango dira gai jartzaile. «Ahalduntzeko modu bat da haientzat: horra igo, puntua jarri, zure esperientzia kontatu... Oso polita izaten da». Ondoren, kontzertuak izango dira: Chica Sobresalto, Janus Lester, Garazi Esnaola, Elektropottotte eta Mugan taldeak ariko dira, hurrenez hurren. Fifi eta Fefa DJen saioak biribilduko du eguna.

Eta aurrera begira ere ez zaizkie ideiak eta proiektuak falta. Dokumental bat argitaratzeko zain daude, eta erakusketa bat ere prestatu dute. Urrian Hernanin eta Urnietan (Gipuzkoa) jarriko dutela aurreratu du Elizaldek. «Erakusketa nahiko handia da, 80-90 bat metro koadroko modular bat. Arkitekto batzuekin aritu gara lanean, argazkilari batzuekin ere bai, testuak sortu ditugu... Gure filosofia eta bizipen horiek guztiak batzen ditu».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA