Triki-traka haren oihartzuna

Zumarragatik Zumaiaraino ibiltzen zen Urolako trena, bailara oso bat modernitatera eraman zuena. Zahartu zen, baina, eta ez zuten berritu. Duela mende bat sortutako trenak 1985ean egin zuen azken bidaia, baina hango langile eta bidaiariek oso gogoan dute.

Otsailaren 22an ehun urte beteko dira Urolako trena inauguratu zutenetik. EUSKOTREN MUSEOA
Otsailaren 22an ehun urte beteko dira Urolako trena inauguratu zutenetik. EUSKOTREN MUSEOA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Zestoa - Azpeitia - Azkoitia - Urretxu
2026ko otsailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zumarragarako bi, mesedez. Zenbat da?». «60 duro». «Ados». Igo dira trenera bi neska gazte, grabagailu bana eskuan, Zumaiako geltokian. Geltokiko buruak txilibitua jo eta bandera gorria astindu du. Abiatu da, triki-traka, triki-traka, Urolako trena. Ricardo Elorza treneko burua —pika, alegia— dute bidaide. «Aizu, egia al da oinez abiatuta Urola harrapatu daitekeela?», galdetu diote, umoretsu. «Hori esan dizunari esaiozu atzetik etortzeko, eta ikusiko duela!», erantzun hark, umoretsuago. «Hemen 600.000 pertsona ibiltzen dira urtean tren zahar-zaharrean. Zuk pentsa gaurko egunean duela 60 urteko automobilak ibiliko balira arimarik ez litzatekeela ibiliko: hemen urtean-urtean jendea ugaritzen ari da», esan die Elorzak sortu berri-berria den Euskadi Irratiko kazetari hasi berri-berri biri, Beatriz Zabaletari eta Tere Belokiri.

1980ko hamarkadaren erdialdean egin zuten kronika hura. Izatez, iragarritako heriotza baten kronika zen, ahoz aho baitzebilen Urolako trena itxiko zutela. Eta hala egin zuten. Horrek Urola bailaran sortu zuen oinazea erromeriaz erromeria kantatu zuten gerora Imuntzok eta Belokik: «Hau da tristura ta pena/ hau da tristura ta pena/ jun da Urolako trena/ ostu digute haren/ triki-traka ta sirena/ triki-traka ta sirena/ hau da tristura ta pena». 1985eko uztailaren 14an iritsi zen Urolako trena azken geltokira. Azken geltokia egon dadin, baina, lehenengoa egon behar da: 1926ko otsailaren 22an abiatu zen estreinakoz, duela ehun urte. Pasa da mendea, eta Urolan geratu da, geratu ere, triki-traka haren oihartzuna.

Urolako Ferrokarrileko tren hau berritu du Euskotren Museoak. MAIALEN ANDRES / FOKU
Urolako burdinbideko tren hau berritu du Euskotren Museoak. MAIALEN ANDRES / FOKU

Abiatu da trena Zumaiatik; Arroa Behea du hurrengo geltokia. Eguzkia kostaldean utzita, lainotara doa, Urola bailaran barrena. Horixe baitzen Urolako trena: Urola bailara alde batetik bestera zeharkatzen zuen trena. Nondik nora? «Zumarratik Zumairaino/ Zumarratik Zumairaino, ai!/ eguzki, euri ta laino/ zer gauza politagorik, ai!/ Urolako trena baino/ Urolako trena baino, ai!/ Zumarratik Zumairaino». Ondo azaldu dute Imuntzok eta Belokik.

Trenak lehen bidaia egiteko, baina, erabaki askok egon behar dute atzetik; ondo ezagutzen ditu Juanjo Olaizola historialariak, Euskotren Museoko zuzendariak. «Trena Gipuzkoara iritsi zenetik, 1863an, proiektuak egon ziren Urolan zerbait egiteko. Hemen tren bat eraikitzea oso garestia zen, eta, trenak enpresenak zirenez, ez bazegoen errentagarritasunik, inor ez zen ausartzen: ikusi zuten ez zela errentagarria. Gogoan eduki behar dugu 1920an Gipuzkoak zeukala, herrialde oso txikia izanagatik, trenbide dentsitate handiena Espainiako estatu osoan: falta zen bakarra Urola zen. Diputazioak ikusi zuenean inor ez zela ausartzen horrelako tren bat egitera, hark erabaki zuen hutsunea betetzea».

Juanjo Olaizola, Euskotren Museoan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Juanjo Olaizola, Euskotren Museoan. MAIALEN ANDRES / FOKU

Beraz, tren eta trenbide gehienak pribatuak ziren garaian, erakunde publiko batek bultzatutako burdinbidea izan zen Urolakoa; Gipuzkoako Diputazioak sustatu zuen, hain zuzen. «Horrela kontatuta oso ondo geratzen da, baina gogoan eduki behar dugu garai hartan Diputazioko burua Julian Elorza azpeitiarra zela, eta haren ordezkoa, Ignacio Perez Arregi. Nondarra? Azpeitiarra», esan du Olaizolak, barrez.

Tren elektrikoa

1920an egindako lehiaketa irabazi zuen aldundiak, eta, sei urteko prozesu baten ostean, 1926ko otsailaren 22an inauguratu zuen Urolako trena Alfonso XIII.a Espainiako erregeak. Garai hartako tren gehienak oraindik lurrunezkoak ziren arren, Urolakoa elektrikoa izan zen hasieratik: «Esplotazioa askoz merkeagoa zen. Lurrunezko tren batean lokomotor bat behar dugu, eta gero atoiak. Hemen lokomotora ere atoia da: jendea motor gainean sar dezakegu. Askoz garbiagoa ere bazen, eta lurrunezkoa baino azkarragoa». 1920ko hamarkadako tren hura apenas berritu zuten 60 urtean; hasieran modernoa zena, bukaeran zaharkitua geratu zen: triki-traka zihoan trena tirrika-tarraka ibiltzen zen.

Izan triki-traka, izan tirriki-tarraka, Arroa Behea pasatua du ja Urolak, eta Iraetako geltokian egin du geldialdia. Zestoako auzo hartan izen bereko jatetxe bat dago, ospe handikoa. Urolako treneko txartelak erakusgai ditu paretetan bertako nagusiak, Miren Etxeberriak, dotore jarriak eta zainduak. «Orain autobusa hartzen dugunok trena hartzen genuen. Trena zen... gure trena. Ez zen matxuratzen, e! Hori bai, truku-truku-truku... Hemendik Zumarragaraino: Orbegozora lanera, Azpeitira erosketak egitera, baserritarrak azokara... Bestaldera, berriz, Zumaiara, hondartzara joaten zen jende dena», kontatu du.

Miren Etxeberria, Iraeta tabernaren aurrean. BERRIA
Miren Etxeberria, Iraeta tabernaren aurrean. MIKEL ELKOROBEREZIBAR BELOKI

Gaur egun autobusak ordezkatzen du Urolako trena, eta haren zain dago, Iraeta jatetxearen aurrean, Joxe Mari Aizpuru. «Hi, Joxe Mari, hik ere hartuko huan trena!», esan dio Etxeberriak. «Bai! Zestoara eskolara, Azpeitira institutura, Zumaiara hondartzara... Westernetako trenak bezalakoxea zen!», kontatu dio Aizpuruk. Pasa da autobusa, eta han sartu da; tabernara itzuli da Etxeberria, eta Urolako trenak bere bideari segitu dio, Zestoa aldera.

Han gertatutako bitxikeria bat du kontatzeko Olaizolak: «Zestoako geltokiaren pareko ostatuan loro bat eduki zuten gerra ostean, Pepe. Geltokiko nagusiaren txilibitua nola imitatu asmatu zuen hark. Trena iristen zenean txistu egiten zuen, eta makinistak aurrera egiten zuen... eta agian beste tren bat zeukan muturren parean. Tren konpainiak salatu egin zuen, eta guardia zibil pareak epailearen aurrera eraman zuen loroa. Imajinatu dezakezu... Denbora gutxira hil egin zen; urte asko bizi dira...».

Loro hori Zestoara nondik iritsi zen ez da jakina. Olaizolak argi du, baina, tren hori Urola bailararentzat munduarekin lotzea izan zela: «Garai hartan trenik ez izatea mundutik kanpo egotea zen. Hemengo industriak garraio merke bat zeukan horrela ikatza garraiatzeko, eta produktuak saltzeko. Are, Zumaiako portuan bertan zegoen geltokian bukatzen zen trena, eta kai hori trenarena zen».

Maratoia aurten

Gaur egun ez, noski. Urolako trenarenak izandako azpiegiturek beste funtzio batzuk dituzte gaur egun. Trenbidea bera bide berdea da; ia bide osoa erabiltzen da paseoan aritzeko. Handik egingo dute otsailaren 22an, hain zuzen, Urolako Trena maratoia. Mendeurrena ospatzeko antolatu dute, eta aurten, lehen aldian, maratoi erdia egingo dute: Zumarragatik Azpeitira. Hurrengo aldietan maratoia izango da, Zumaiaraino joanda. Eta geltokiekin zer gertatu da? Bada, Azpeitikoa Euskotren Museoa da. Lurrunezko trenean Lasaora joateko aukera ematen du, adibidez. Aurten Urolako burdinbideko tren berritu bat aurkeztu dute, mendeurrenaren harira.

Gaur egun museoa den eraikin hori, baina, lehenago Azpeitiko geltokia izan zen, eta hango burua, Javier Goenaga. Ondo gogoratzen ditu Urolako trenean bizitakoak: «1956an hasi nintzen lanean Azpeitiko tren geltokian, 16 urterekin. Nire lehenengo lana paketeak fakturatzen aritzea izan zen. Dena eskuz egiten genuen: zenbakia, pisua, nora zihoan, zeinek bidaltzen zuen, nork hartu behar zuen... Etiketak egiten genituen. Aurrekoek erretiroa hartu zutenean, geltokiko buru bihurtu nintzen».

Javier Goenaga, Azpeitiko Sanagustin gunean. BERRIA
Javier Goenaga, Azpeitiko Sanagustin gunean. MIKEL ELKOROBEREZIBAR BELOKI

Eta zer da, bada, geltokiko buru izatea? «Geltokiko nagusiaren lana zen leihatilan egotea txartelak saltzen, trenak zaintzea, geltoki inguruko bideak nola dauden zaintzea... Bandera gorri batekin abisua pasatzen genion trenari, geltokitik irten zitekeela adierazteko. Gero, trena abiatu zela abisatzen genien hurrengo geltokikoei: Loiolakoari edo Lasaokoari». Gogoan du 06:20ko trena langilez leporaino joaten zela: «Garai batean jende pila joaten zen otarratxoarekin Zumarragara, Orbegozorenera, eta Legazpiko Patrixiorenera ere bai». Aisiak ere mugitzen zuen jendea: «Zestoan bainuetxearen bueltan jendetza ibiltzen zen, eta udan jende pila joaten zen Zumaiara, hondartzara. Ondo iristen ziren, eta gustura».

Goenagak Azpeitiko geltokian astindu du bandera, eta trenak aurrera segitu du. Loiola, Azkoitia... Aizpurutxo. Han bizi da Manuel Aramendi, eta bere etxeko leihotik begiratu dio Azkoitiko auzo haren eboluzioari. Hortxe bertan dute Bergarako Elosu auzoa, eta hango bizilagunek Aizpurutxon hartu ohi zuten trena, kontatu duenez: «Garai batean Elosun ez zen kaminorik, eta jendea astoan jaisten zen. Treneko geltoki azpian ukuilu bat zegoen, eta han lagatzen zituzten astoak. Arkume garaian arkume eta guzti igotzen ziren trenera, eta, bestela, baserriko produktuekin, eta trenean joaten ziren Azpeitiko azokara haiek saltzera. Hori zen astearte guztietako martxa».

Manuel Aramendi, bere etxeko leihoan, Aizpurutxon. BERRIA
Manuel Aramendi, bere etxeko leihoan, Aizpurutxon. MIKEL ELKOROBEREZIBAR BELOKI

«Ni ez naiz pika; ez daukat mokorik». Urolako treneko burua izan zen Inazio Galdona. Mokoa ez, baina bizarra badauka, eta luzea: Khomeini eta Iparragirre zituen goitizen bidaiarientzat. Urretxuko geltoki izandakoa gaztetxea da egun, eta hantxe atera du poltsikotik urte luzez jantzi zuen txapel gorria: «Txapel gorriko txapa aldundiaren ikurra da, eta adierazten du Urolako burdinbidea, gure trena, gipuzkoarren zergekin ordaindu genuela. Aldundiak eraiki zuen. Treneko langileek —bai treneko buruak, bai gidariak— txapelarekin lan egiten genuen, Urolako burdinbidea aldundiarena zelako, jeltzaleek agintea hartu zuten arte».

Protesta ugari egin zituzten Urolako trenaren itxieraren aurka, eta horietan buru-belarri aritu zen Galdona, gose greba bat egiteraino: «Batetik, Urolako burdinbidea, 60 urteetan eduki genuena, kendu zigutelako, eta, bestetik, gezurretan kendu zigutelako, maltzurkeria, iruzurra eta ustelkeria erabiliz; hilabeteko oporretan, 26 egunetan gose greban egon nintzen, Urretxuko udaletxean, hezurretan gelditu arte. 26 egun. Hori salatu egin behar zen».

Orduko testuingurua kontatu du Olaizolak: «Urola behin ere ez zen izan errentagarria, eta jendea autoa edukitzen hasi zen. Eta behin ere ez zen egon inbertsiorik trena hobetzeko. Urolako trenak 1985eko uztailaren 14an egin zuen azken bidaia; printzipioz, berritzeko. Eusko Jaurlaritzarena zen ja, eta haren lehen erabakia ixtea izan zen, baina, hauteskundeak zetozenez, dena berritzea erabaki zuen. Hauteskundeak pasatu ziren, eta ixtea erabaki zuten».

Inazio Galdona, Urretxuko geltokia izandakoaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Inazio Galdona, Urretxuko geltokia izandakoaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU

Urola bailarako errepideak hobetu zituzten konpentsazio gisa, baina Galdonak ez du bere borrokan etsi: «Trenarentzat dirurik ez zegoen, baina burdinbidea itxi eta handik gutxira Azkoitia eta Elgoibar artean bigarren errepidea eraiki zuten, Azkaratekoa. Errepide horregatik bost aldiz gehiago ordaindu genuen, eta pila bat ezbehar eta heriotza ari dira gertatzen. Orain, Urretxutik Azkoitirako errepidea handitzen ari dira, beribil gehiago erosteko eta ezbehar gehiago gertatzeko».

Iritsi da trena Zumarragara. Azken bidaiariak badoaz, geltokiko buruak banderatxo gorria gorde du, eta treneko buruak, Enrique Elorzak, bukatu du bere ibilbidea bi kazetarien abaroan. «Ondo bete al duzu ibilbidea?», galdetu diote. «Begiratu honi: 18:30ean irten gara, eta 19:40an heldu behar genuen. Begira zer ordu den. Gero Urolako trena gaizki ibiltzen omen da... Erloju suitzarra baino hobeto etorri gara, seguru eta zuzen». «Ricardo, orain zer?», Belokik eta Zabaletak. «Atzera Zumaira, gaueko hamarrak arte. Zerbitzua bete beharko dut».

Hortxe joan da Urolako trena, eta ez da itzuli. Bailara horretan, baina, betirako geratu da triki-traka haren oihartzuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.