Gernikako (Bizkaia) Allende Salazar ikastetxea musikaren erritmoan esnatu da goizeko bederatzietan. Pixkanaka, jolastokia gaztez bete da, baina ez dira bertako ikasleak. 'E' handi batek apainduriko kamiseta laranjek eta urdinek salatzen dituzte, baita Gernikako euskalkitik aldentzen diren hizkera anitzek ere. Euskarabenturako kideak dira; Jzioquitarrak. Atzo Markinatik heldu ziren Gernikara, eta, ikastetxeko kiroldegian lo egin ostean, gaur egun guztia pasatuko dute bertan. Eguraldia ez dute oso aldeko, ordea.
Jolastokian hamabi zirkulutan banatu dira, espedizio osoan egin duten erara. Bakoitzari katilu bat esne, galleta batzuk, meloi apur bat, croissant bat eta zereal barratxoak banatu dizkiote, eta baten bat egunero gosari berbera izateagatik kexatu bada ere, ez dute papurrik utzi. Gaur aurreko egunetan baino aurpegi hobea zuten jaiki direnean, atseden eguna izanik bi ordu gehiago egin ahal izan baitute lo. Eguraldia goibel, baina giroa alai dago hasiera-hasieratik; gaueko kontuak komentatzen ari dira, irribarretsu, eta barre egiten dute elkarrekin, espediziotik kanpokoek ulertuko ez dituzten erreferentzien harira.
Ez dute begi zulorik izango, agian, baina askok atzoko makillaje tailerreko purpurina arrastoak dituzte oraindik masailen bueltan. Orain irri egiten dute albokoaren markak ikusita, baina atzo arratsaldean oso gustura egon ziren House Of Basqueers kultur elkartearekin mamarratxeoan. Taldearen nondik norakoen berri izateaz gain, elkar makillatu, eta desfilatzeko aukera ere izan zuten. Jzioquitarrak ez ezik, urdinak ere oso gustura geratu dira sortu zen «konfiantzazko giroarekin». «Oso ondo ibili ginen. Ez nuen uste parte hartzeko gai izango nintzenik, baina halaxe egin nuen», aitortu du, harro, Aner Alonso Barakaldoko (Bizkaia) gazteak.
«Ez nuen uste parte hartzeko gai izango nintzenik, baina halaxe egin nuen»
ANER ALONSOJzioquitarra
Gaur, ostera, bestelako ekintzak dituzte zain; tartean, baita ezustekoren bat ere. Begiraleek ere ez dakite zer izango den, eta guztiak ari dira txutxu-mutxuka, asmatu nahian. Horren aurretik, baina, ginkana bat egin beharko dute. Irabazleak saria izango du, gainera: ilaran itxaron behar ez izateko baimen bat taldekide guztientzat, egun osorako.
Gosaritarako sortutako taldeetan lehiatuko dira, eta horietako bat da Beeeekereke, Aner Alonsok, Aner Zuluagak, Leire Dainziartek, Ander Zubeldiak, Peru Almandozek, Eñaut Urkizak, Maioa Jimenezek, Lur Sorzabalek eta Ane Mendinuetak osatzen duten taldea. Lekeitioko (Bizkaia) ginkanan ere proba guztiak gainditu zituzten, eta, oraingoan, marka berdintzeko asmoz dira. Jokoaren dinamika hau da: Noa Andueza xerpak Gernikako zortzi toki ezagunen zerrenda bat dauka, eta inolako gailurik erabili gabe aurkitu beharko dituzte guztiak. Froga gisa, talde argazki bat atera beharko dute toki bakoitzean. Ikastetxera zortzi argazkiekin itzultzen den lehen taldea izango da garailea.

Talde guztiak toki berean hasi dira: Gernikako arbolan. Gerora sakabanatzen joan dira, eta hor hasi dira arazoak; herritarrei galdetzeko lotsak, taldekideren bat galdu dela, turista saldoen artean argazkia ateratzeko tokia hartu beharra... Eta guztia euripean. Gainera, beste talde batzuetan ez bezala, ez daukate ez herriko ez eta eskualdeko inor laguntza eskatzeko. Bizkaitarrak bai, ordea, eta, baten bat egona da Gernikan aurretik. Horrekin eta turismo bulegoan lortutako mapa baten laguntzaz, azkenean, lortu dute zerrenda osatzea: Euzko Gudarien omenezko oroitarria, Bakearen Museoa, Gernika koadroaren murala, Merkatu plaza, Jai Alai frontoia, Iparragirreren estatua eta, azkenik, Astra pareko bunkerra.
Azken argazkia ahal bezala atera, eta pauso arinean ekin diote ikastetxerako bideari. Beste talde batzuk gurutzatu dituzte, baina atzean utzi dituzte. Oso argi dute irabazi nahi dutela, eta lehia nahiko berdinduta egon bada ere, ez dute lehenak izatea lortu. Ez die askorik axola izan, ordea. Goiz bukatzearren denbora librea dute, eta hori aski sari izan da haientzat. Batzuek gitarra hartu, eta kantuan aritu dira, beste batzuk kontu kontari, eta gutxi batzuek baloiarekin futbolean ibiltzea nahiago izan dute.
Bazkalostean, Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoen bisita jaso dute. Haien borrokari buruz hitz egin diete, baita eskualdearen egoerari, makroproiektuaren ondorioei, turistifikazioari eta antzeko beste hainbeste gairi buruz ere. Goizean euren begiekin ikusi dituzte herri guztian zehar dabiltzan turista saldoak, eta horri azalpen bat ematen lagundu die solasaldiak.
Euskarabenturan soilik gerta daiteke
Arratsalde bukaeran iritsi da guztiak zain zeuden momentua: sorpresa. Halako batean, Arene 6 taldeko kideak sartzen ikusi dituztenean, denetariko erreakzioak izan dituzte jzioquitarrek; ahoren bat edo beste zabaldu da, irri urduriak entzun dira, nork edo nork oihu ere egin du... Gazteetako askok espedizioaren hasieratik eskatu dute taldea gonbidatzeko, baina, aitortu dutenez, ez zuten espero benetan etorriko zirenik.
Punk-oi! estilotik aldendu eta kontzertu akustiko bat eman diete gazteei. Taldekideek antolatzaileei aitortu dietenez, lehen aldia da halako moldean jotzen dutela, eta, ondo joan den arren, «ziurrenik» azkena ere izango da. Iaz ere gauza bera lortu zuten Kaleko Urdangak taldearekin. «Horrelako gauzak Euskarabenturan soilik gertatzen dira», ziurtatu du Haizea Solagurenbeaskoa Euskarabenturako komunikazio arduradunak.
Hala eman diote amaiera atseden egunari, nahiz eta, hainbeste gauza eginda, apenas izan duten atseden hartzeko parada. Bihar, betiko antzera, zazpietan jaiki beharko dute Bermeora (Bizkaia) joateko. Hiru egun besterik ez dira geratzen amaierarako. Bai gazteek bai begiraleek ondo dakite amaiera hurbiltzen ari dela. «Atzerako kontaketa» baten gisa definitu dute gehienek, baina alde bateko eta besteko aldarteak eragin ditu horrek; batzuek amaitzeko gogo handiagoa dute beste batzuek baino. «Hainbeste egunen ostean, oso nekatuta gaude, eta badut bukatzeko gogoa ere. Hori bai, oso argi daukat azken egunean triste egongo naizela», aitortu du Laura Varas urdinak. Hiru egunetan, baina, gauza asko bizi daitezke oraindik.