Donostiako Narrika kaleko 15. zenbakiko marmolezko erakusleiho ederra turroi barraz beteta egongo da gaurtik aurrera. Otaegui gozotegiak ehun urte egin ditu leku enblematiko horretan, eta, urtero garai honetan bezala, turroiak prest dituzte. «Hiriko argiak pizten dituzten egun berean ateratzen ditugu. Klasiko bat da». Iñigo Otaegik (Donostia, 1972) gaztetan bizikletarekin banatzen zituen gozoak Parte Zaharreko kaleetan, baita turroiak ere, eta orain gozotegiaren laugarren belaunaldia ordezkatzen du.
Errezeta sekretua dela dio, baina, turroi on bat egiteko gakoa lehengaia dela: «Askotariko turroiak egiten ditugu, baina denetan almendra da gakoa; guk marcona erabiltzen dugu, barietate nazionala. Turroi on baten sekretu bakarra almendra da, eta guk hornitzaile berari erosten diogu; beraiek bosgarren belaunaldia dira».
Jatorrizko errezetak altxor baten gisa gordetzen dituzte, belaunaldiz belaunaldi pasatu diren paperetan ezarrita dagoen lehengai bakoitzaren gramo kopuru zehatza errespetatuz. Turroi inperiala eta txigortutako gorringoarekin egindakoa dira salduenak, baina beste hamaika aukera daude: trufarekin, kokoarekin, mazapanarekin, txokolatearekin, laranjarekin... «Bada AEBetako, Turkiako edo Txinako almendra erabiltzen duenik, edo almendra gutxiago erabiltzearren, eztia botatzen dionik, merkeagoa baita, baina guretzako kalitatea oinarrizkoa da. Gure turroiaren %85 almendra da».
Artisau enpresa
Otaegui artisau enpresa tradizionala da eta hilabete behar izaten dute turroia egiteko. Egungo jabearen hitzetan ederrena betiko bezeroak dendan sartzen ikustea da: «Aititak eta amamak euren bilobekin etortzen dira, eta gure aurrean azaltzen diete turroi hauek beraiek umetan jaten zituztenen berdinak direla. Horrek bultzatzen gaitu aurrera egitera».
Familia bat, historia bat, pasio bat. Hori da etxearen leloa. 1886an zabaldu zuten oraingo jabeen arbasoek lehen denda. «Raimundo Malkorra eta Josefa Martina Otaegi izan ziren negozio liluragarri honen sortzaileak. Gozoak saltzea oso pozgarria da, ezkontzetarako edo urtebetetzeetarako tartak...». Pantxineta da gozotegiko izarra: «Emiliana Malkorrak nire amonak sortu zuen. Alargun geratu zen, bederatzi seme-alabekin. 1915-1917ko urteez ari gara, eskasia urteez, eta gerra zibilean ere ez zuen itxi. Pantxineta etxeko marka da; erregistratuta daukagu. Mundu osotik etortzen dira, eta azentu ezberdinetan eskatzen digute. Ohore bat da».
Bergarako rellenoak, euskal pastela edo te pastak dira beste postre kuttunak. Mirakruz kalean egon zen lehen negozioa. Egun hiru saltoki ditu. Narrika kalekoa da ezagunena; bertan dute, esaterako, kutxa erregistratzaile zaharra, baina beste bi auzotan ere aurkitu daiteke Otaegui: Matia kaleko 3. zenbakian eta San Martin kaleko 30. zenbakian.