Txakalaren aldia

Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du urre koloreko txakal bat dela urtarrilean auto batek harrapatuta hilik agertu zen alea: Euskal Herrian atzeman duten lehena da, ezohiko aurkikuntza bat, espeziea hedatzen ari den seinalea.

Txakalaren aldia.
Enekoitz Telleria - Sarriegi Jakes Goikoetxea
2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Ez du zerikusirik Afrikako sabanan lehoiek utzitako soberakinak jateko lehiatzen den animalia mehar eta izu harekin, eta ez dago txakalaldiak jota. Canis aureus espezieko animalia bat da Araban agertu dena: urre koloreko txakala. Euskal Herrian agertu den lehena da —baita Iberiar penintsula osoan ere—, eta Europan barrena hegoaldera hedatzen ari den seinalea ere bada; gertueneko alea, izan ere, duela bi edo hiru urte atzeman zuten, Bordelen (Okzitania).

Kanidoen familiakoa da urre koloreko txakala —ez da otsoa adinakoa, eta azeria baino dezente handiagoa da—, eta oso hedatuta dago Eurasiako hegoaldean eta Afrikako iparraldean. 1960ko hamarkadan beheraldi bat izan ondoren, espeziea suspertu egin da, berriro agertu da lehen desagertu zen eremuetan, eta beste eremu batzuetara hedatu da. «Notizia da animalia horren arrasto paleontologikorik ez dagoela Europa mendebalde guztian, ezta hemengo kobazuloetan ere: ez aztarna historikorik, ez aztarna biologikorik ere», azaldu du Jon Mugika naturazaleak. Horregatik dio «kolonizazio» baten lehen urratsa dela Arabako aurkikuntza: «Lehendik inoiz gurean izan ez den animalia bat iritsi da. Eztanda demografiko bat izan du. Balkanetatik harago ugaldu da, Kaukaso ere gainditu egin du, Itsaso Beltzaren ertzetik, Ukraina, Estonia eta Finlandiaraino».

Eta jakina zen hori, baita Euskal Herrira gerturatzen ari zela ere. Azken bi edo hiru urteetan egon diren bost agerraldiren berri eman du Mugikak: «Lehena: Rodano ibaia itsasoratzen den inguruan, Camarguen, Frantzian. Bigarrena: Bordelen —gugandik gertuenekoa hori litzateke—. Hirugarrena: Bretainian. Beste biak: Frantzian, Alemaniarekin eta Suitzarekin duen mugan».

Aguraindik gertu

Agerraldi horiek kamera tranpen bidez jaso zituzten. Arabakoa, «tamalez», auto batek harrapatuta agertu zen joan den urtarrilean, A-1 errepideko 379. kilometroan, Aguraindik gertu. Baina berretsi dute urre koloreko txakala zela. Aldundiaren menpeko Martiodako Faunaren Suspertegian egin zioten nekropsia, zer espezietakoa zen aztertzeko. Izan ere, hasierako hipotesia zen otso iberiarra izan zitekeela, edo txakurrarekin nahastutako hibrido bat. Dena dela, tamainari, itxurari eta datu biometrikoei erreparatu ostean, baieztatu dute urre koloreko txakala zela. Gainera, azterketa hori DNA analisi batekin osatu zuten EHUko Gasteizko Farmazia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailekoek; belarriaren eta ilearen laginak hartu zituzten, espeziea identifikatzeko.



Urre koloreko txakalek moldatzeko gaitasun handia dute, eta aurrera egiten dute gizakia nagusi den inguruneetan. Batez ere, animalia hilen haragiaz elikatzen dira. Ugaztun txikien harrapariak eta orojaleak direnez, haien presentzia ez da askorik nabarmentzen, eta basoetako mamua ere deitu izan diote. Bizitzeko, haranak dituzte gustuko, ibaien hertzak eta hezeguneak. Mendi eta malkarretan ez dira egoki moldatzen, ezta muturreko tenperatura eta klimetan ere: ez idorrenetan, eta ezta hotzenetan ere. Mugikak dio haren ezaugarri garrantzitsuena zera dela: ez dagoela ezertan espezializatua. «Adibidez, gari soro batean ugal daiteke, zabortegi ertz batean... Kanido postmoderno bat dela esan dezakegu. Egun batean pizza baten ertzak jan ditzake, hurrengo batean auto batek harrapatutako katu bat, hurrengoan mahatsa mahasti batean... Horregatik ditu horrenbeste aukera gaur egungo naturan. Denera moldatzen da, natura eraldatua baitago, gizakiaren modura jarria; oso erraz ohitzen da». Haren presentzia berretsi izana «notizia handia» dela dio Mugikak: «Otsoa, azeria eta txakala ditugu orain Euskal Herrian».

Urtean bitan ileberritzen dira urre kolore txakalak: udaberrian eta udazkenean. Gorotzen eta txizaren bidez markatzen dute euren eremua, eta seinale horien bidez komunikatzen dira beste txakalekin. Bizi osorako parekatzen dira, emeek bi eta zortzi kume artean izaten dituzte —apiriletik ekainera artean—, eta lurrean egindako gordelekuetan hazten dituzte —izan litezke horretarako propio egindako zuloak, edo beste animaliaren batenak—.

Gorakadaren arrazoiak

Adituek diote hiru arrazoi nagusi daudela urre koloreko txakalen populazioak izan duen gorakada azaltzeko: otsoa desagertzea —otsoa superdepredatzailea izaki, mugak ezartzen dizkie elikaduraren piramidean haren azpitik dauden beste haragijaleei—; ehizak gora egin izana kirol eta aisialdirako ekintza gisa —Bulgarian dago urre koloreko txakalen populaziorik handiena, eta agerikoa da han ehiztariek hilda utzitakoez elikatu dela txakala, baita herrialde horretan ehizarako sartu dituzten espezie berriez ere—; eta zabortegiak ugaritu izana —ez da ongi konpontzen gizakiekin, animalia izua da, baina orojalea ere bai, eta ezin izaten dio muzin egin zabortegietako janari errazari—.

Alde horretatik, eta Euskal Herrian urre koloreko txakalek izan dezaketen etorkizunari buruz galdetuta, zera dio Mugikak: «Lehen ale hauek, ia guztiak, arrak izaten dira, eta eme bila ibiltzen dira. Frantzian ez da emerik atzeman, eta Iberiar penintsulan ere ez. Lehenengo emea gure lurraldera pasatu arte, ez da ugalketarik egongo. Eta emeak oso kolonizatzaile txarrak dira, amaren inguruan eta jaio diren tokitik gertu gelditzen direlako bizitzen. Oso litekeena da datozen hamar urteetan arrak bakarrik agertzea. Batek daki noiz hasiko diren ugaltzen».

Eta eman du antzeko kasuen berri ere: «Ez da lehen kolonizazio kasua Euskal Herrian. Turkiar usapala ere horrela iritsi zen, eta kaio beltza ere bai. Ez dago horien arrasto biologikorik gurean, baina umatzen hasi dira. Animaliek aukera bat ikusten dute txoko ekologikoaren barruan, eta Darwinek zioen bezala, gainerakoa 'zori' kontua da».

Gertatu da hori toki gehiagotan eta beste espezie batzuekin ere. AEBetako koiotearen kasua nabarmendu du Mugikak: «Panamako kanala gainditu du hegoalderantz, eta behin ere ez da egon koioterik inguru hartan».

Urre koloreko txakalek eraso egin izan diete txahalei, arkumeei eta antxumeei, eta oso fama txarra izan zuten bere garaian hainbat herrialdetan —ez dute otsoaren jazarpenik pairatu, hala ere—. «Berritasuna da hasieran; gero, bere tokia topatuko du azerien eta otsoen artean, txoko ekologiko horretan», iragarri du Mugikak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.