«Pistola beroa, guraizeak, ahoen eta begien ereduak, oihalak eta ilea». Pisurik gabeko buruhandi bat egiteko premiazkoak diren materialen zerrenda errepasatu du Gorka Olazabalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1973). Hain zuzen ere, horiek dira «buruarin bat» muntatzeko behar diren osagaiak. Olazabali eta Oihana Aristegi lankideari 2013an bururatu zitzaien buruhandien bertsioak egitea, umeak jolasean ibiltzeko modukoak. Geroztik, Euskal Herri osora hedatu dira buruarinak, eta baita nola egiten diren irakasteko haurrentzako tailerrak ere. Atzo, Hor Dago Abante konpartsak Bilbora ekarri zuen tailerra, eta konpartsaren elefante koloreduna irudikatzen zuten buruarinek bete zuten Areatzako teilapea.
Ikusi gehiago
Izenak buruhandiak ekartzen ditu gogora, baina ez dira gauza bera.
Bi hitzek lotura dute. Buruhandiak oso pisutsuak dira, eta, umeek jostailu gisa erabili nahi dituzten arren, ezin dira haiekin jolastu. Hazi arte, arazoak dituzte maneiatzeko. Proiektuaren hasierako ideia izan zen hori: pisurik gabeko jostailu bat sortzea. Buruhandien izenetik abiatuta, handiak izan beharrean arinak direnez, buruarin izena aukeratu genuen.
Buruarinak saltzen hasi zineten lehendabizi, eta geroxeago heldu ziren tailerrak.
Buruarinen taldea osatzen dugunoi jendeari entzutea gustatzen zaigu. Hasieran zuzeneko salmentarako produktu bat ateratzea izan zen gure proposamena. Hainbat modelo diseinatu genituen, Euskal Herriko buruhandiekin eta kulturarekin zerikusia zutenak. Azoketan saltzen hasi ginen, eta gero, saltoki batzuetan. Pandemiaren aurretik 65 saltoki geneuzkan Hego Euskal Herrian. Urtean 3.000 buru saltzen genituen. Orduan, jendeak galdetu zigun: «Hau ezin dugu guk egin?». Eta buruarinen tailerra sortu genuen.
Zeintzuk dira buruarin bat egiteko urratsak?
Buruarina desmuntatuta eramaten dugu, hiru dimentsioko puzzle bat izango balitz bezala. Tailerrera eredu jakin batzuk eramaten ditut, eta umeek bi orduan muntatzen dute buruarina. Deabruak, piratak, erleak eta sagu zaharrak eramaten ditugu, adibidez. Zezena da salmentetan arrakastarik handiena duen buruarina, baina ez da tailer batean egiteko modukoa.

Eredu bat izanda, umeek badute sormena lantzerik?
Irudimena bukaerako urratsean agertzen da: apainketan. Eredu bakoitzeko buruarin guztiak berdinak diren arren, piratei, adibidez, tatuajeak jarri ahal dizkiete, edo partxea aldez aldatu. Deabruaren buruarinak malgutasun handiagoa du, adarra nahi dioten lekuan jartzen baitiote: sudurrean, bizkarrean... Oso buruarin txukunak eta harrigarriak ateratzen dira.
Umeek buruarinekin jolasteko moduak ere asmatu dituzte?
Normalean, harrapaketan jolasten dira; hori da ohikoena. Baina, adibidez, auzo elkarte batek bost edo sei zezen eskatu zizkigun, eta horiekin entzierroak eta sokamuturrera egiten dituzte haurrek, jolasean. Horietaz gain, ez dut beste jolas motarik ikusi, baina ume batek pirata burua jarriz gero, parkean pirata dela esan dezake, adibidez.
Zer lanketa egiten duzue Hor Dago Abanten?
Hor Dago Abante konpartsakoek eskatuta, haien maskotaren buruhandi bat egin dugu. Tronpa koloreduna duen elefante bat da. Konpartsan tailerra egin dugun hirugarren urtea da hau. Hogei buruarin egin ditugu, eta, beraz, hogei familiak parte hartu dute: hori da tailerraren muga.
«Buruarina desmuntatuta eramaten dugu, hiru dimentsioko puzzle bat izango balitz bezala. Umeek bi orduan muntatzen dute»
Erraldoi txikiak ere saltzen dituzue, baina erraldoiak egiteko tailerrik antolatu ez.
Haurrei begira egiten dugu lan, eta jostailu gisa erabil daitezkeen erraldoi txikiak egiten ditugu. Baina, kalejiretan bezala, buruhandien atzetik erraldoiak datoz, eta buruarinen tailerrak egiten hasi ginenean galdetu ziguten ea erraldoiak egin zitezkeen. Saiatzea erabaki genuen, baina azkar konturatu ginen bide horrek ez zeukala indarrik. Denbora gehiago behar da, eta erraldoi bakarra baino ezin da egin guztien artean. Gainera, umeak borrokatu egiten dira barruan zein sartuko den erabakitzeko. Hori ikusita, beste pauso bat eman genuen, eta erraldoiak dantzatzen irakasteko tailer bat atera dugu aurten. Oso ondo funtzionatu du orain arte. Oso gogotsu gaude; izan ere, mutilak dantzan jarri ditugu, eta hori ez da erraza. Tailerra oso sinplea, dinamikoa eta dibertigarria da.
Erraldoiak eta buruhandiak jostailu bihurtu dituzue, baina umeei beldurra ematen diete zenbaitetan.
Ez dugu esku hartu horretan, baina, ez dakit zergatik, beldur hori aldatu egin da. 53 urte ditut, eta, txikia nintzenean, beldurra genien buruhandiei eta erraldoiei, baina orain frikitasun positibo bat dago. Umeek gomazko erraldoi txikiak erosten dituzte, bilduma egiten dute, eta topaketak lehen halako bi edo hiru dira Euskal Herri osoan. Guk, olatu hori ikusi, eta harrapatu egin dugu.
«Pandemiak gogor jo gintuen: eragin handia izan zuen. 2025az geroztik, martxan gaude berriro, fenix hegaztia bezala»
Nork sorrarazi du olatu hori?
Orain guraso direnak beste mota bateko jolasak sustatzen ari dira, eta horien artean daude buruhandiak eta erraldoiak. Azken finean, gure kulturako elementuak dira, eta umeei asko gustatzen zaizkie. Ene Kantak taldekoek eta Pirritx eta Porrotxek lana izugarria egin dute, baita konpartsek ere.
Buruarinek urte zailak pasatu dituztela ere aipatu duzu.
Pandemiaren aurretik jo eta su ari ginen lanean, gailurrean geunden. Baina pandemiak gogor jo gintuen: eragin handia izan zuen. 2025az geroztik, martxan gaude berriro, fenix hegaztia bezala. Ez gabiltza lehengo indarrarekin, dinamikarekin eta egiturekin, baina saiatzen ari gara proiektua berriro martxan jartzen. Tailerrek indar handia ematen digute, asko pozten baikaitu jendearekin hartu-eman hori izateak.
Lotsabako
Erraldoiak edo buruhandiak? Erraldoiak.
Zein da buruarin bat aurkitu duzun lekurik bitxiena? Sanferminetako entzierroa.
Buruarin gogokoena? Zezenketen kontrakoa naiz, baina zezena.