Gasteizko jaiak

Txikien egun handian, aterkiak eguzkitako

Haurrei eskainita dago Andre Maria Zuriaren jaietako laugarren eguna, eta Zeledon Txikiren eta Edurneren jaitsiera da eguneko une gorena. Protagonista guztiak bildu dira plazan: erraldoi, buruhandi eta, noski, ume franko.

Zeledon Txiki eta Edurne, plaza gurutzatu berritan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko abuztuaren 7a
13:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguerdia jotzeko ordu erdi falta du oraindik San Migel dorreko erlojuak, eta, jende ugari izanagatik bertan, Andre Maria Zuriaren plazak hutsune nabarmenak ditu. Izan ere, eguzkiak gogor jotzen du Arabako hiriburuan, eta seme-alabak Zeledon Txiki eta Edurneren jaitsiera ikustera eraman dituzten gurasoek eta aitona-amonek babestoki estrategikoak bilatu behar izan dituzte izpi gorietatik babesteko. Gasteizko Batailaren Monumentuaren, udaletxeko eraikinen edo aurrez aurreko kafetegietako toldoen gerizpean ezkutatu dira etxeko txikienak, beren irudikapen sinbolikoak dorretik noiz jaitsiko zain.

Ohiko itzalez gain, ordea, bada itzal berririk ere: plazaren atzealdean, monumentuen lerro bat balira bezala, hor daude Gasteizko konpartsako hamar erraldoiak, txintxo-txintxo geldirik, Zeledon Txiki eta Edurne noiz jaitsiko zain, itxaroten dauden gainerakoei itzal eskuzabala eskaintzen. Apurka-apurka, betez joan da plaza. Haurrek bazuten gaur Gasteizko jaietako egitarauan distrakzio eta erakarpen ugari, zeren apur bat lehenago, goizeko hamaiketatik aurrera, Arriagako parkean, haurrentzako abentura gunea eta Gargantua baitzeuden antolatuta.  Odiseok sirenei nola, ordea, askok egin die entzungor denborapasa kitzikagarri horiei Zeledon Txikiri eta Edurneri ongietorria ematera joateko. 

Hamabietarako, beteta dago jada plaza, eguzki galdatan dauden eremuak barne. Erraldoiak ez dira plaza goitik ikusteko pribilegioa duten bakarrak: neska-mutiko ugari ageri da helduen buruen gainetik, gurasoen sorbalda gainetara igota, datorrena ongi ikusi ahal izateko. Ez dira ohiko buruen gainetik ageri diren bakarrak: jendetzaren artean flotatzen, astro itxurako esfera bitxiak ageri dira. Buruhandien maskarak dira, bertaratuen artean batetik bestera; bake asmoz datoz, eta ez biktimak puxikekin jotzera. Hor daude, beraz, plazan batuta eguneko protagonistak. Gargantua soilik da faltan, eta, noski, Zeledon Txiki eta Edurne. 

Jaitsiera baketsua

Ez da luzaro itxaron behar izan. Hamabiak jo bezain laster, alkateak eta Kultura zinegotziak piztu dute suziria, eta hor abiatu dira bi panpinak, Edurne aurretik, Zeledon Txiki orpoz orpo, plazaz bestaldeko balkoira bidean. Zeledon Handi ziztu bizian jaitsi zen asteartean; gaur, ordea, bi panpinak patxada ederrean jaitsi dira, abiadura mugak errespetatuta, eta, balkoira heldu direnerako, udal musika bandak izan du denbora martxa berbera sei edo zazpi aldiz jotzeko.

Iritsi dira, astiro bada ere, panpinak balkoira, eta agertu dira bertan benetako Zeledon Txiki eta Edurne, ikusleen gozamenerako. Saltoka eta txaloka hasi dira orduan umeak, eta erraldoiek haien bozkarioari lagun egin diote, dantza moldean jirabiraka hasi baitira. Ekain Gonzalez eta Haizea Lauzurika hamabi urteko gaztetxoek izan dute aurten bi pertsonaiak hezurmamitzeko ardura, eta maiestate eta zeremonia handiarekin hartu dute rola. 

Aterkiak irekitzea izan da egin duten lehenengo keinua. Eguraldia ikusita, ordea, aterkiak baino gehiago, eguzkitako bilakatu dira bien ohiko osagarriak, eguzkiaren beroak ez baitzuen etenik. Zalantzarik gabe, bi gaztetxoek eskertu dute euritako eguzkitakotuen babesa, lasai eta patxadatsu gurutzatu baitute plaza. Erabat baketsua izan da gaurko ibilbidea astearteko eromenarekin konparatuta, baina etxeko txikienek berdin-berdin gozatu dute.

Balkoira helduta, iritsi zaie bi aktoreei egiaren ordua: Zeledon nagusiak egiten duen legez, Edurnek eta Zeledon Txikik ere mezuren bat bota behar baitiete gasteiztarrei. Kirioak dantzan bazituzten, ez dute hala erakutsi Gonzalezek eta Lauzurikak, bisaia lasaiarekin hartu baitute mikrofonoa. Esan beharrekoaren gidoiaren orriak irekitzean soilik agertu artegatasun zantzuren bat: orriak behar bezala tolesteko komeriak. Behin arazotxo hori konponduta, berriz, ausarki irakurri dute mezua, txikitxoen egun handia dela gogoraraziz.

«Dantzatzeko, salto egiteko eta ondo pasatzeko eguna da!», egin dute deiadar balkoitik. Bertan ez zeuden haurrei aipamena eginez amaitu dute mezua, datorren urtean hor egongo direlako esperantzan. Bukatzeko, alkateak falta zen protagonistaren irudia zeraman garaikurra eman die: Gargantuaren itxurako oroigarria. Horra protagonista guztiak batuta, etxeko txikienei egunik onena emateko prest.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA