Txikitasunaren aberastasuna

Bihar egingo dute Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia, Ikaztegietan. Bizirik egoteko herri txikiek eskola eduki behar dutela aldarrikatuko dute beste behin, sozialki eta pedagogikoki eskola txikiek dituzten balioak ikusarazi eta zabaltzearekin batera.

ainara arratibel gascon
Ikaztegieta
2016ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Minutu gutxi pasatu dira geletara sartu direnetik, baina Ikaztegietako (Gipuzkoa) eskola txikiko haurrak lan eta lan ari dira. Bihar Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia antolatzea egokitu zaie, eta ilusioz eta mimoz ari dira dena atontzen. Familia baten gisa ari dira lanean. Izan ere, eskola txikia izateak horixe du: gertutasuna, goxotasuna, aniztasuna... Bihar ozen aldarrikatuko dute eskola txikiak bizirik daudela eta herri txikien etorkizunerako funtsezkoak direla.

Haur eskolako lau umeak beheko solairuko gela batean lasai-lasai daude, eta goiko solairuan Haur eta Lehen Hezkuntzako bost gelak daude. Eskola txikietan dagoen gertutasunaren seinale, geletako ateak irekita daude. Ohikoa izaten da helduenak txikienen gelara sartzea, eta alderantziz. Giro lasaia eta goxoa sumatzen da. 2-3 urteko umeei ipuin bat irakurtzen ari zaie andereñoa. «Txolarreak txioka ari ziren», esan du andereñoak. Adi-adi ari dira entzuten txikiak, eta laster erantzun dute: «Txio, txio, txio...». Baina laster hasi dira algarak. Soin hezkuntzako irakaslea etorri da, eta psikomotrizitate gelara joateko ordua dute. Jolas librean ari dira, berriz, 4-5 urteko haurrak, eraikuntzak eginez.

Artean, Lehen Hezkuntzako ikasleek biharko jaian dute arreta jarrita. 5. eta 6. mailakoak eskola txikien eta igandeko jaiaren ikurrak margotzen bukatzen ari dira, baita igandean erakutsiko dituzten eskulanak amaitzen ere. Horien artean daude paperarekin apaindu dituzten kutxatxo batzuk. Dotore ari dira apaintzen. Gela berean, bi mutiko arbelean dagoen pantaila handiari begira ari dira. Igandean erakutsiko dute bertan ikus daitekeena. Aplikazio baten bidez, historia modernoari buruzko kronologia bat egin dute ikasleek. 3. eta 4. mailako ikasleekin egindako eskolaren maketa ere prest dute.

Lehen eta bigarren mailako ikasleek, berriz, herriaren maketa egin dute. Irakaslearekin batera, hura amaitzen ari dira ikasleetako batzuk. Besteak historiaurreari lotuta egin dituzten panelak amaitzen ari dira. «Baratze bat egiten ari gara», esan du nesketako batek.

11:00 iristearekin batera, ikasle guztiak bildu dira eskola atarian. Patiora irteteko ordua da. Helduenek goxo hartu dituzte txikienak. «Begira zer dudan! Ibiliko gara baloiarekin», esan die ikasle helduenetako batek txikienei. Hala, ziztu bizian irten dira patioko futbol zelaian jokatzera.

Artean, hara eta hona dabil Imma Delgado zuzendaria. Azaldu duenez, amaitzear den ikasturtean sei ikasgela izan dituzte: denera, 72 ikasle. «Kopuru polita da, eta horrek erakusten dugurasoen aldetik badagoela apustu bat seme-alabek herrian ikas dezaten». 40 bat urteko historia mardula du Ikaztegietako eskola txikiak. «Oso lotura estua dugu herriarekin; bere parte gara. Herritarrak jakitun dira eskolak herriarentzat duen garrantziaz, eta prest daude guk antolatzen ditugun jardueretan laguntzeko».Herritar bakoitzak bere aletxoa jarriko du iganderako festaren lau guneak prest egon daitezen:aparkalekuak, ikuskizunetarako agertokiak, bazkarirako paellak eta ogitartekoak...

Eskola txikien balioa aldarrikatzeko eguna izango da biharkoa. Delgadok hitz gutxitan azaldu du: «Gertutasun handia dago, eta geletan dagoen adin aniztasunak aberastasuna dakar. Izanere, txikiek handiengandik ikasten dute; eta handiek, txikiei lagunduta, askotariko balioak garatzen dituzte. Gainera, ikasleekiko arreta eta jarraipena pertsonalizatuagoa da». Adierazgarria den datu bat eman du Delgadok: «Ratioak gehienez hogei ikaslekoak dira». Ikasleek ez dute libururik. «Proiektuka egiten dugu lan. Aurten, festa aprobetxatuz, eskolaren historia landu dugu».

Laugarren urtea du Itziar Lazkanok Ikaztegietako eskolan irakasle lanetan. Eskola handiekiko aldea badagoela berretsi du hark ere. «Hemen denen artean egiten ditugu eguneroko lanak». Sei ume ditu, 2-3 urtekoak. «Asko egoten gara 4-5 urteko gelakoekin, eta, horrela, asko ikasten dute, adibidez, jolas sinbolikoaren bidez». Ume gutxi egonda, gainera, txikienen egokitzapena errazagoa da. «Lasai egoten dira. Gainera, patioan helduenak ohituta daude txikienekin egotera, eta pozik eta eroso ibiltzen dira txikiak».

Behar bereziak dituzten umeei laguntzen aritzen da Aitziber Etxeberria. Hain zuzen ere, ikusmen urritasuna duten bi umeei laguntzen die. Gertuko tratua eskertu du: «Aukera duzu irakasle espezialistekin ere harremana izateko».

Proiektua, sendo

Eskolaren etorkizunaz baikor mintzatu da Delgado. Duela lau urte eraikina eraberritu zuten, etabaliabide pertsonal aldetik ere «ondo hornituta» daudela berretsi du. «Duela urte batzuk ez zen hala izaten. Adibidez, ez genuen irakasle espezialistarik. Hala, soin heziketako irakaslea udalak jartzen zuen». Orain, berriz, ingeleseko, soin hezkuntzako eta musikako espezialista dituzte, eta behar bereziak dituzten pertsonei laguntzeko ere irakasle bat dute. «Irakasle horien iraunkortasuna handiagoa izatea nahiko genuke, urtero aldatuz doazelako ratio txikien eraginez».Alaitz Zabalegik ere iraunkortasun hori eskatu du. Bi seme-alaba ditu eskolan. «Bizia eta etorkizuna ematen dio eskolak herriari, eta, harremana hain gertukoa izanda, oso garrantzitsua litzateke lantaldea egonkorragoa izatea. Diru laguntzak ugaritzearekin batera, funtsezkoena».

Diru laguntzetatik harago, zerbitzu aldetik ere urratsak egiten ari dira. «Baina borondatez egiten dugu askotan. Adibidez, guk egin behar izaten ditugu autobusean datozen ikasleen zaintza eskolak hasi bitarte. Bestalde, eskolaz kanpoko jarduerak guraso eskolak antolatzen ditu».

Behin Lehen Hezkuntzako seigarren maila amaituta, ikasleak Alegiako (Gipuzkoa) institutura joaten dira DBH egitera. «Aurten hamabi ikasle joango dira». Alegiako institutuarekin harreman zuzena dute, aldaketa eginez joateko. «Hara joan aurretik, Orendainen [Gipuzkoa] topaketa batzuk antolatzen dira eskualdetik Alegiako institutura joango diren gaztetxoen artean, elkar ezagutzen hasteko. Gainera, datorren astean ikasleak institutua ezagutzera joango dira».

Hurrengo urtean Alegiara joango diren ikasleen artean daude Onintza Irazusta, Adei Olaberria eta Uxue Calvo. «Gogoz eta urduri» daude aldaketagatik. Herriko eskolan pozik ibili dira: «Denak oso lagunak gara, eta beti gaude elkarri laguntzeko prest, elkarrengandik ikasteko prest: txikiak handiengandik eta handiak txikiengandik. Irakasleekin ere oso gertuko harremana dugu», esan du Olaberriak. Bat dator horrekin Irazusta. Halako aldaketetara ohituta dago Calvo. Iaz iritsi zen Madrildik Ikaztegietara, eta primeran mintzo da euskaraz. «Gusturago nabil hemen; jende gutxiagorekin hobeto eta lasaiago moldatzen naiz». Hirurek egin dute biharko festarako gonbita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.