Txokolatezko txalupa bat itsasoratu du gaur Albaolak

Gozo Artisauen Elkarteak egindako eraikuntzak flotatzea lortu dute.

Txokolatez egindako baleatxalupa bat uretaratu dute Pasaian, gaur. MAIALEN ANDRES / FOKU
2023ko ekainaren 01a
15:46
Entzun

1.500 kilo txokolate. Edozeinek pentsatuko luke hamaika pastel egiteko osagai ezin hobea dela, baina Gozo Artisauen Elkarteak beste ideia bat zuen buruan: XVI. mendeko balea txalupa baten erreplika bat. Pentsatu eta egin. Apirilaren erdialdean ekin zioten erronkari, eta gaur uretaratu dute txalupa, Albaolan.

Ez da erronka makala izan, gozogileek inoiz ez baitute gisa horretako eraikuntzarik egin txokolatearekin. Ontziaren egurrezko erreplika bat erabili dute eraikuntza egiteko lagungarri gisa: buruz behera jarri zuten, txokolatea jarri, moldea atera, eta ontziaren kroskoa izateko. Behin moldea lortu zutenean, zurezko egitura bat egin zuten, metalezko egitura batekin sendotu, eta plastikoz forratu. Txokolate plastikoa erabili dute eraikuntzarako; hau da, glukosarekin nahasitako txokolatea: elastikoa eta malgua izan ohi da, eta giro tenperaturan gogortzen da. Eraikuntza lanak amaitzean txalupa moldetik ateratzea eta biratzea izan zen lanik delikatuena. Lortu zuten, baina galdera bat zuten buruan: flotatuko al du?

Izan ere, jakina da txokolateak flotatzen duela, baina txokolate horrek txalupa itxura duenean eta zortzi metro luze denean ere bai? Proba moduan, Isidoro Torreblanca Gasteizeko Txistu gozotegiko gozogileak txokolatezko txalupa txiki bat egin zuen –eskalan– eta lortu zuen hark flotatzea. Eta gaur ere lortu dute: flotatu du zortzi metroko ontzi gozoak.

Gernika ere, txokolatezkoa

Ez da lehenbiziko aldia txokolatezko eraikuntza bat egiten dutena. Izan ere, Euskal Gozogileak federazioak bultzatuta, Euskal Herriko gozogileek Picassoren Gernika-ren txokolatezko erreplika egin zuten 2021ean. 500 kilo kakao erabili zituzten eraikuntza hori egiteko, baina ez zuten pieza bakar batean egin: hamalau zatitan banatu zuten; 1,10 metro zabal eta 1,86 metro luze da bakoitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.