Bilboko Aste Nagusia

Txupinera izan gabe, bada

Jone Artola txupineraren lekuan azaldu da, baina jantzi ofiziala soinean izan gabe; txupina jaietako zinegotziak piztu duEzohiko jai hasieraren ondotik, bederatzi eguneko astean murgildu da Bilbo

Txupinazo ofizialaren ondoren jaurti zuen suziria Jone Artolak, Arriagako plazan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2013ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Ezohiko hasiera izan du Bilboko Aste Nagusiak. Txupinerari dagokion lekuan azaldu zen Jone Artola Arriagako balkoira, baina txupineraren jantzi ofizial barik. Txupinik ez zuen piztu, aste honetan Bilboko Administrazio Auzitegiak ezarri zion debekuari jaramon eginez. Haren ordez, jaietako zinegotziak bota zuen festari hasiera ematen zion txupina, Itziar Urtasunek hain zuzen ere. Ezohiko ekitaldia izan zen, eta modu horretan jarraitu zuen. Iraia Iturregi pregoilariak mezua irakurri ostean jaka kendu, eta Artola besarkatu zuen elkartasun keinua eginez. Txupina lehertuta agertu zen Marijaia balkoira, eta festa hasi zen Bilbon.

Azkeneko unera arte ez zen jakin txupina nork eta nola botako zuen, ezta Bilboko Konpartsek zein jarrera hartuko zuten ere. Baina eguerdian konpartsek eta Jai Batzordeak adostasuna lortu zuten txupinazo bateratu bat egiteko. Hala ere, ezin izan zen normaltasun irudia helarazi. Jaien hasierak baino arreta handiagoa bereganatu baitzuen Artolak. «Txupinera aurrera!» oihuak behin eta berriz errepikatu ziren Arriagako plazan, debekua salatzeko. Horregatik, bilbotarren babesa sumatu duela adierazi zuen Artolak txupinazoaren ondoren.

Babesa, ordea, lehenago jaso zuen. Iturregik esan zuen «kokoteraino» dagoela Aste Nagusia zer den ez dakiten pertsonekin. Eta aldarrikapen zuzena egin zuen: «Pertsonak nahi ditugu Aste Nagusian, arraza, sexu zein ideologia politikoa alde batera utzita. Guztiok batera gozatu behar dugu jaiez». Athleticeko kapitainak, bestetik, emakumezkoek kirolean daukaten garrantzi gero eta handiagoa azpimarratu nahi izan zuen bere pregoian. «Gainera, gure aste magikoak gero eta protagonismo handiagoa ematen die emakumezkoei». Ildo horretan, emakume zein gizonezkoak errespetuan eta begirunean «jai herrikoi, parte hartzaile eta euskaldunez» gozatzeko deia egin zuen. Pregoiaren amaieran Athleticen aldeko oihua bota zuen Iturregik, plazan zeuden guztien gozamenerako.

Kargu hartze ezohikoa

Txupinazoaren aurretik, Arriaga antzokian ohiko omenaldi eta kargu hartzeak irudikatu zituzten. Baina atzokoak ezin zuen ohi bezalakoa izan. Txupinera ofizialik ezean, iazkoak ezin izan baitzion kargua eman aurtengoari. Ez zen hutsune bakarra izan, ordea. Virginia Berasategi iazko pregoilaria ez baitzen ekitaldira inguratu, eta ondorioz, Iturregik berak bakarrik jaso zuen ohorezko aurreskua Bilboko agintariekin batera. Artola inguruan zegoen, baina Txori Barrote bere konpartsako blusa soinean zuela. Beranduago jantzi zuen txupinera trajea, Marijaiarekin batera txosnak zabaltzeko ekitaldietan, eta txupinazoaren ondoren.

Ordea, izan zen ohi bezala gauzatu ahal izan zen ekitaldi bat: ohorezko bilbotarraren izendapena. Apirilean hil zen Marivi Bilbao aktorea izan zuten gogoan omenaldian, eta haren alaba Elvira Urkijo igo zen oroigarria jasotzera. Urduri hitz egin zuen, ama oraindik «bere Arriagatik» barrena ibiliko zela ohartaraziz. Ekitaldi xumea izan zen, baina berak ere ez zuen ahaztu Artolaren debekua. «Kontuz, Urkijo abizena izanda ere, ez bainaiz Urkijo hori», esan zuen Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkaria gogoan zuela. Jaietan presentzia handia hartu du oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.