Udaberria jaio da berriro

Birsortzearen sinboloa da arrautza, eta udaberriarekin estuki lotuta dago. Pazko garaian, besoetakoei arrautza egosidun ogia oparitzeko ohitura dago; txokolatezkoak, berriz, ez daude hain errotuta Euskal Herrian.

Pazko arrautzak prestatzen, Donostiako Oiartzun gozotegiko lantegian. Haurrentzat egiten dituzte batez ere, eta horregatik betetzen dituzte gozokiz. ANDONI CANELLADA / FOKU
Pazko arrautzak prestatzen, Donostiako Oiartzun gozotegiko lantegian. Haurrentzat egiten dituzte batez ere, eta horregatik betetzen dituzte gozokiz. ANDONI CANELLADA / FOKU
amaia igartua aristondo
2026ko apirilaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agertu dira beste behin. Agertu dira gozotegietako bitrinetan, okinen erakusmahaietan, supermerkatuko apaletan. Eta laster desagertuko dira, berehala, atzean udaberria lagata, datorren urtera arte. Munduko hainbat tokitan antzeko tradizioa dago Pazko garaian: arrautza bat oparitzea. Izan egosia, izan txokolatezkoa, izan argizariz apaindutakoa: arrautza jaiotzaren sinboloa da, birsortzearena. Udaberria bezala, hain justu, non lurra ugalkortu egiten den neguko hotzek makaldutako indarrak berreskuratuta. Euskal Herrian ere ohitura izan da mugarri hori arrautzekin ospatzea, eta hainbat eskualdetan arrautza egosi bat edo hainbat dauzkaten ogiak erregalatzen dituzte garaiotan.

Aita-ama pontekoek beren besoetakoei oparitu izan dizkiete opil horiek, hain zuzen. Eta, hori dela eta, litekeena da tradizioak zerikusia izatea bataioarekin, Jon Urutxurtu historiazale eta Arratia eskualdeko (Bizkaia) bizilagunaren ustetan. «Bataioan, aitabitxia eta amabitxia egoten ziren. Lehen, bataioak egun berean egiten ziren, denak batera: Zapatu Santutik Pazko Domekarako gauean. Geroago, bataioak edozein egunetan egiteko aukera zabaldu da. Jatorrizko bataio eguna izan daiteke opilaren ohitura Pazko Domekan ospatzearen arrazoia».

«Lehen, bataioak egun berean egiten ziren, denak batera: Zapatu Santutik Pazko Domekarako gauean. Jatorrizko bataio eguna izan daiteke opilaren ohitura Pazko Domekan ospatzearen arrazoia»

JON URUTXURTU Historiazalea

Arratian, mokotsa edo morrokota esaten zaio pazko opilari; hiruki itxura dauka, eta arrautza bakarra, Urutxurtuk xehatu duenez. «Lehen, gosea zegoen, eta ikusiak ditut garai hartako zaharrak harrituta bi arrautzako mokotsa zela eta. Batzuen ustez, aita-amabitxiak etxe berekoak baziren, eta besoetakoei morrokota bakarra ematen bazieten, arrautza bi izaten zituen, amabitxiaren eta aitabitxiaren errepresentazio moduan». Baina, eskualdearen arabera, oso bestelakoa izaten da ogi hori: triangelu formakoa izan ordez, borobila; eta toki batzuetan, arrautzaz gain txorizoa edota sagarra gehitzen diote. Aniztasuna agerikoa da izenei erreparatuta, Urutxurtuk zerrendatu duenez: Santurtzin, Pazko astelehenean kornitea erosi eta Serantes mendira igotzen dira, ogia han jatera; Busturian, pazkopile daukate; Orozkon, olatea; eta Baztan aldean, aitatxi-opila edo amatxi-opila, kasu baterako.

Debagoienean (Gipuzkoa), karapaixo deitzen diote pazko opilari. Arrasateko Errastiko Ogia okindegiko Naiara Uriarte Remediosek 40 urte inguru ditu, eta haren etxean «betidanik» kozinatu izan da karapaixoa, baita okindegiko beste kide Xabi Abasolorenean ere. «Gure bailaran errotuta dagoen tradizio bat da». Errastiko Ogia sortu zutenean orain dela sei bat urte, bezeroak karapaixoak eskatzen hasi zitzaizkien Pazko garaia heldu bezain laster, eta ordutik, ohiko aukera ez ezik, begetarianoentzako eta beganoentzako alternatibak ere eskaintzen dituzte, baita karapaixo gozoak ere, brioche ogiarekin eta txokolatearekin ondutakoak.

Mitologiaren parte

Baina betikoa hobesten dute gehienek: hau da, arrautza eta txorizoduna. Jatorrizko osagaiek esanahi jakin bat dute, Uriartek aletu duenez. «Karapaixoa hiruki formakoa da erlijio katolikoarekin lotuta dagoelako, eta bizitza berria adierazten du; garizko opila da, eta gariak udaberria irudikatzen du; arrautzek emankortasuna adierazten dute, eta txorizoak, aberastasuna». Litekeena da opilak zerikusia izatea Kristoren pizkundearekin ere, baina hori teoria bat baino ez dela azpimarratu du Urutxurtuk. Edonola ere, tradizioak erromatarren garaian dauzka sustraiak.

Errastiko Ogia okindegiko pazko opilak. BEGIRA ARGAZKILARITZA
Errastiko Ogia okindegiko pazko opilak. BEGIRA ARGAZKILARITZA

Atzerago joanda, arrautza aspaldiagotik erabili izan da sinbolo gisa. Beste elementu batzuekin batera, munduaren sorrerarekin eta indar sortzaileekin lotuta zegoen Neolito garaiko iruditeria mitikoan, Marija Gimbutas arkeologoak azaltzen duenez The Goddesses and Gods of Old Europe liburuan (Europa Zaharreko jainkosak eta jainkoak; 1974). Haren arabera, nahiz eta ez zen egon haustura nabarmenik Paleolitoko eta Neolitoko sinesmenen artean, nekazaritza sortu izanak eta bizimodu sedentarioari ekin izanak eragina izan zuen orobat gizaki haien pentsamendu sinbolikoan. «Nekazaritza ekonomia batek lurrera lotzen zituen, landareen eta animalien erritmo biologikoetara; horien mende zegoen iraupena». Europako Ekialdean aurkitutako zeramikazko ontzietatik eta figuretatik ondorioztatu zuen hori Gimbutasek. Zehazki, Jainkosa Handiaren kultuarekin lotutako eremuetan behin eta berriro agertu diren sinboloetako bat da arrautza, eta, batzuetan, barruan hazi edo ernamuin bat duela ageri da; jainkosaren boterearen adierazle dira.

Ahalmen horren lorratza izan daiteke opila, beharbada; arrasto ahuldu bat, baina, hala ere, hariari segida ematen diona. Tradizioari eusteak lana eskatzen du, edozelan ere. Errastiko Ogian, Garizuma garaiarekin batera hasi ziren karapaixoak ekoizten eta saltzen —ostegunetan baino ez—. «Ogi masa egin beharra dago, hartzitzen utzi, eta arrautzei zulotxo bat egin behar zaie, ondo egos daitezen labean. Ogiari hiruki forma eman, eta apaldu egiten da, eta, txorizoa eta arrautzak muntatu eta gero, ore zati luze batzuk jartzen dira osagai horiek babesteko», esplikatu du Uriartek.

«Karapaixoa hiruki formakoa da erlijio katolikoarekin lotuta dagoelako, eta bizitza berria adierazten du; arrautzek emankortasuna adierazten dute»

NAIARA URIARTE REMEDIOS Arrasateko Errastiko Ogia okindegiko jabea

Donostiako Oiartzun gozotegian ere prest dituzte arrautzak. Jada txokolate esnedunezkoak baino ez dituzte egiten. Bezperan, txokolatea 40-45 gradutan dagoen armairu batean lagatzen dute, David Martin gozogileak azaldu duenez; poliki-poliki urtu dadin. «Txokolateari hobeto datorkio horrela, presa handiz ibiltzea baino. Azken finean, zera baita gozogintzako osagai nagusia: pazientzia». Biharamunean, txokolatearen hiru laurden 28 graduraino hozten dute poliki, sukalde gainekoa baliatuta, eta bazter utzitako laurdenarekin batzen dute jarraian, nahasketak 30 gradu inguru izan ditzan. «Horrek eragingo du txokolatea kurruskari eta distiratsu gera dadila, eta moldetik erraz atera dadila». Moldea hainbat aldiz bete eta husten da ondoren, txokolatea paretan itsatsita gera dadin, eta, arrautza erdi horiek gogortzen direnean, gozokiekin bete, eta bi aldeak pegatzen dira, ertzak 40 gradutan dagoen xafla batean igurtzi eta apur bat urtu eta gero.

Haurren gustukoa, batik bat

Euskal Herrian ez dago txokolatezko arrautzen tradizio handirik, gozogileak aitortu duenez; ez behintzat inguruko herri batzuetan dagoenaren parekoa. Frantzian, kasurako, arrautza erraldoiak taxutzen dituzte, gero bonboiz edo arrautza txikiagoz betetzeko; eta Katalunian, tradizio handia dago mona de Pasqua deritzona oparitzeko besoetakoei Pazko astelehenean. Bitxikeria bat nabarmendu du Martinek: Kataluniakoak nolabaiteko zerikusia du hemengo San Marko opilarekin. «Gaur egun, Kataluniako mona-k txokolatezko arrautzak daramatza, baina jatorrizkoa tarta bat zen, Errenteriatik Lapurdiraino egiten duten opilaren antzekoa. Gurin kremaz estalitako tarta bat da, almendrazkoa. Guk San Marko egunerako egiten dugu, ordea: apirilaren 25erako». Eta beste adibide bat eman du segidan, tradizioaren emankortasunaren seinale: Levante aldean, arrautza egosia daraman opil bat da mona de pasqua.

Arratiako pazko opila, labean sartzeko prest. JON URUTXURTUK UTZITAKOA
Arratiako pazko opila, labean sartzeko prest. JON URUTXURTUK UTZITAKOA

Edozelan ere, Donostian bezero oso jakinentzat egiten dituzte txokolatezko arrautzak. Batik bat haurrei oparitzeko erosten dizkiete, eta, beraz, horren arabera egokitu dute eskaintza Oiartzun gozotegian: horregatik egiten dituzte soilik txokolate esnedunezkoak, zuriek ez zutelako «hain ondo funtzionatzen», eta beltzak ez direlako erakargarriak izaten haurrentzat, gozogilearen berbetan. Goxokiz bete ohi dituzte. «Azken batean, oso figura politak eta deigarriak dira, eta ez dira oso-oso garestiak; detailetxo gisa balio dezakete». Hain justu, arrautza txikia saltzen dute gehien.

Turistek ere erosi ohi dituzte, baina gero eta gutxiago. «Donostian asko aldatu da turismo mota. Orain dela gutxi arte, Aste Santuan turista katalan asko etortzen zen, figurak erosten zituzten, eta, Kataluniara itzultzen zirenean, beren besoetakoei oparitzen zizkieten Pazko astelehenean», adierazi du Martinek. Eskari oso gorabeheratsua da: Aste Santua lehenago edo geroago izan, gertutik edo urrunagotik etortzen dira turistak, eta hori igarri egiten dute, besteak beste, pazko arrautzen salmentan.

«Gaur egun, Kataluniako mona de pasqua-k txokolatezko arrautzak daramatza, baina jatorrizkoa tarta bat zen, Errenteriatik Lapurdiraino egiten duten opilaren antzekoa»

DAVID MARTIN Donostiako Oiartzun gozotegiko gozogilea

Txokolatezko arrautzak ez dira errotu, baina pazko opilen tradizioak indartsu eusten ei dio. Hala al da? Arratian, bederen, morrokota galtzeko arriskuan dago, Urutxurtuk azpimarratu duenez. «Kontuan eduki behar da gaur egun bataio gutxiago daudela». Horrez gain, uste du labe suaren gainbeherak ere zerikusia daukala. Azaldu duenez, lehen, baserri bakoitzak aste osorako ogia egiten zuen larunbatero, eta Pazko igande bezperan mokotsak egiteko baliatzen zuten labe sua. Su hori apalduta, beste horrenbeste gertatu zaio pazko opilari ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA