Aurten ere ekaina aurkezpen eta emanaldi bereziz josita egon da bideojokoen arloan. E3 azokaren hutsuneak modua eman du sareko ekitaldiak indartzeko, dozena bat zuzeneko bilduta hilabeteko lehen egunetan —baita maiatz eta ekain bukaeran ere—.
Ehunka bideojoko bildu dituzte egunotan Summer Game Fest, State of Play, Nintendo Direct edo Xbox Games Showcase ekitaldietan, hala lehen aldiz iragarritakoak nola aldez aurretik ezagunak zirenak. Ezusteko handiak izan dituzte bideojokoen zaleek, azken urteotako ekainik oparoena izan baita iragarpenen aldetik; bideojoko frankizia ezagunak eta indie proiektuak ezagutarazi dituzte.
Zaila da hainbeste tituluren artean gutxi batzuk aukeratzea, baina hona ekitaldi nagusietako berritasunetako batzuk:
State of Play
Agindu bezala, PlayStationekoak ordubeteko aurkezpen berezia eginda itzuli ziren. Azken urteotan maiatzean egin izan dute, batzuetan PlayStation Showcase izena jarrita —orokorrean, State of Play baino handiagoak—; halere, aspaldiko zuzenekorik gogoangarrienetako bat egin zuten japoniarrek.
Nabarmendutakoez gain, No Rest for the Wicked, Rayman Legends Retold, Silent Hill: Townfall, Ace Combat 8: Wings of Theve Marvel Tōkon: Fighting Souls, Until Dawn 2, ILL edo Tomb Raider: Legacy of Atlantis jokoen bideoak zabaldu zituzten, besteak beste.
God of War Laufey
Zurrumurruak bazeuden, baina orain bai, orain baieztatu daiteke God of War berria espero baino ikusgarriagoa dela. Kratos espartarra alboratu, eta, oraingoan, zendutako Faye izango da protagonista. Azken GoW jokoen ohiko mekanikei eutsiko die, jainkoen Everywhen munduan girotuta eta mitologia guztietako izakiak bilduta.
PlayStation 5ean iritsiko da esklusiboki, baina ez dute argitu noiz kaleratuko duten.
Marvel’s Wolverine
Jakina zen X taldeko Otsokume heroiaren joko berriari buruzko ia guztia —irailaren 15ean estreinatuko dute, PS5ean—, baina jokagarritasun gordina erakutsi gabe zeukaten Insomniac Games taldekoek. Espero bezala, Logan borroka odoltsuetan murgilduko da, isil-gordekako eta akzioz betetako eszenak uztartuta.
Atal grafikoa ikusgarria da benetan, eta Otsokumeren sendatze botereen efektua ere ikustekoa da. X taldearen komikietako heroiak eta bilauak agertuko dira bideojokoan: Jean Grey, Sabertooth, Omega Red eta beste hainbat.
Onimusha: Way of the Sword
Aspaldi iragarrita zegoen Capcom enpresaren samuraien eta deabruen frankizia itzuliko zela, baina kaleratze data ezkutuan eduki dute State of Playra arte: irailaren 25ean plazaratuko dute, PS5, Switch 2, Xbox Series eta PC plataformetan. Miyamoto Musashi gerlari ospetsua gidatuko du erabiltzaileak deabruz betetako Kyoto hirian barrena; ezpata lehiak, arimak eta munstro hilgarriak nagusituko dira.
Argitaratze eguna zehaztearekin batera, demo probaldia argitaratu dute egileek; plataforma guztietan gozatu ahal izango da Onimusha: Way of the Sword-en lehen minutuez.
Control Resonant
Finlandiako Remedy Entertainment enpresa Control sagaren unibertsora —eta Alan Wake jokoenera— itzuliko da irailaren 24an, PC, PS5 eta Xbox Series gailuetarako Control Resonant-ekin. Aurrekoan, tiroketak eta metroidvania estiloko mekanikak nagusitu ziren, baina, orain, Devil May Cry eta Bayonetta jokoetan oinarritutako akzioa izango da ardatza.
Erabiltzaileak Dylan Faden gidatuko du oraingoan, Jesse Faden lehen jokoko pertsonaiaren neba. Manhattan desitxuratu batean izango dira borrokak, Aberrant izeneko indar objektu aldakorrak eta grabitatea kontrolatzeko ahalmena tartean direla.
Kemuri
Japoniako Unseen estudioak aspaldi aurkeztu zuen Kemuri, eta State of Playn hura ikusteko aukera izan zen berriz ere; oraingoan iragarri dute 2027rako kaleratuko dutela PC eta PS5 gailuetan. Hiru jokalarirentzako abentura kooperatibo bat izango da. Yokai deabru ehiztarien rola jokatuta, akzioa eta mugimendu ikusgarriak izango dira nagusi hirugarren pertsonako ikuspegia duen joko horretan.
Sare bidezko partidak eta bakarkako saioak proposatuko ditu Kemuri-k, errealitatea naturaz gaindiko elementuekin batuta.
Summer Game Fest
Ukaezina da Geoff Keighley kazetari ezagunak gidatutako Summer Game Festek azken urteotan indarra hartu duela. 2020an lehen aldiz egin zutenetik, industriako agente eta enpresa nagusiak biltzea lortu dute, eta urtero hobetu dituzte aurkezpenak. Bi orduko zuzeneko emanaldi luzea egin dute aurten, iragarpen eta ezusteko handiak erakutsita.
Gutxi batzuk aipatzekotan, Summer Game Festen Cuphead-en bi proiektu berri, Alien Isolation 2, Virtua Fighter Crossroads, Teenage Mutant Ninja Turtles The Last Ronin, The Wolf Among Us 2 eta Star Wars unibertsoko Galactic Racer eta Zero Company aurkeztu zituzten, besteak beste.
Final Fantasy VII Revelation
Final Fantasy titulua zazpigarrenez berregin dute, eta hirugarren atala iritsiko da 2027ko udaberrian: Remake eta Rebirth-en ondoren, Revelation iritsiko da. hala Cloud, Tifa, Barret eta gainerakoen nola Sephiroth zitalaren istorioaren amaiera kontatuko dute berriz, aldaketa nabarmenk eginda, PC, Switch 2, PS5 eta Xbox Series gailuetan.
Mundu ireki ikusgarriarekin batera, lanez aldatzeko jantziak, Vincent eta Cid pertsonaiak, eta askoz gauza gehiago jarriko dituzte eskura Japoniako Square Enix konpainiakoek.
Resident Evil Veronica
Capcomek Resident Evil saga berregiten dihardu oraindik. Oraingoan, 2000. urtean kaleratutako Code: Veronica mitikoaren txanda izango da. Claire Redfield protagonista Rockfort irlara itzuliko da, zonbiei eta bestelako munstroei aurre egitera.
Atal grafikoa eta jokatzeko modua zeharo eraldatuko dituzte. Nahiz eta ez duten irudirik erakutsi —trailer zinematikoarekin egin dute iragarpena—, hirugarren pertsonan jokatu ahal izango dela zehaztu dute japoniarrek.
Gen Atlas
Japonian jarraituta, Fumito Ueda zuzendari ospetsua Summer Game Festen izan zen Gen Atlas proiektua aurkezten. ICO eta Shadow of the Colossus maitatuen egileak antzeko lan bat prestatu du PC, PS5 eta Xbox Series plataformetarako.
Agindu du mundu ireki bat, robotak eta misterio mordoa izango direla, bakardadearekin nahastuta: protagonista tiro egiteko gai izango da ingurune arriskutsuko izakiei aurre egiteko, baina baita robot erraldoiak kontrolatzeko ere.
Guild Wars 3
«Aro berria» abiatuko du multijokalari formatuko online joko masiboen sagaren hirugarren atalak, «ez Guild Wars-entzat bakarrik, baita MMORPG generoarentzat ere», ArenaNet-eko arduradunen arabera. Iraganean girotuko dute jokoa —lehenengotik milaka urte atzera—, Orr-eko Tyrian eskualdean.
Atal grafiko koloretsua, fantasia girotzea eta esplorazio eta borroka mordoa izatea espero da sareko bideojokoan. Garapenak luze joko du, hori bai: kaleratze datarik eman gabe, aipatu dute lehen beta probaldia 2027ko udazkenean hasiko dela, PC eta PS5 bertsioekin.
Stranger Than Heaven
Yakuza eta Like a Dragon arrakastatsuen atzean dagoen Ryu Ga Gotoku Studio taldeak atal eratorri bat eskainiko du Stranger Than Heaven-en. Jada finkatua dute sarritan ikusi ahal izan den abentura hori kaleratzeko eguna: urtarrilaren 15ean merkaturatuko dute ordenagailuetarako eta PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletarako.
50 urteko ibilbidea bizi ahal izango da Makoto Daito protagonista berriarekin: Fukuokatik hasita, 1929ko Kure (Hiroshima), 1943ko Minami (Osaka), 1951ko Atami (Shizuoka) eta 1965eko Shinjuku (Tokio) bisitatuko ditu erabiltzaileak, yakuza mafiosoak eta musika tartean direla. Polemika giroan dabiltza, hori bai, Tupac abeslaria zenaren aurpegia erabiliko baitute pertsonaia bat sortzeko.
Xbox Games Showcase
Xboxekoek ohiko formatua berreskuratu zuten, «mundu zabalaeko estreinaldia» eta «Xbox Game Pass» behin eta berriro aipatuta, dozenaka bideojokorekin lotuta. Resonance: A Plague Tale Legacy, Crazy Taxi: World Tour, Magicians: The Devil’s Deal, Spyro: A Realm Beyond, Doom: The Dark Ages – Revelations, Wo Long 2: Wings of Ember, Clockwork Revolution eta Call of Duty Modern Warfare 4 izan ziren Microsoften ekitaldian aurkeztu zituzten jokoetako batzuk.
Iragarpenen artean, negozio ereduaren aldaketa azpimarratzen ere hasi ziren: azken hilabeteotan multiplataforma formatua aukeratu ondoren, badirudi Xbox Game Studios taldeen etorkizuneko tituluak Xbox kontsoletara eta PCra mugatuko direla.
Gears of War: E-Day
Marcus Fenix eta gainerako soldaduak Locust inbasioari aurre egiteko prest itzuliko dira urriaren 6an; abentura berrian, «azaleratzearen eguna» (Emergence Day) izango da abiapuntua, gerrako lehen eguna, alegia.
Hirugarren pertsonan tiroka arituko da erabiltzailea, ohi bezala: bakarka zein modu kooperatiboan gozatzeko modalitateak dauzka, eraberritutako horda gisako partidak, eta jokalarien arteko sareko tiroketak. PCan eta Xbox Series kontsoletan estreinatuko dute.
Persona 4 Revival eta Persona 6
Japoniako Atlus eta Sega taldeek Xboxen emanaldia aprobetxatu zuten iragarpen handiak egiteko azken urteotan berpiztuta dabilen Persona frankiziaren inguruan. Batetik, Persona 4 Revival otsailaren 18an estreinatuko dute, berreginda, PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan: Inaba herrian ibiliko da erabiltzailea, behe lainoari eta telebistari lotutako hilketak argitzeko asmoz.
Bestetik, ofizialki aurkeztu zuten Persona 6. Oraindik xehetasun handirik eman gabe, adierazi zuten PCan eta PS5 eta Xbox Series kontsoletan argitaratuko dutela ikasle japoniarren JRPG abenturen seigarren atala.
Halo: Campaign Evolved
Berregiteekin jarraituz, Halo: Combat Evolved originalaren remake proiektua uztailaren 28an iritsiko dela baieztatu dute Halo Studios taldekoek; kasu honetan, PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan jokatu ahal izango da, Unreal Engine 5 tresnarekin berregindako Master Chief.
Zaleek ondo baino hobeto ezagutzen duten kanpainarekin batera —oraingoan lau lagun ibil daitezke elkarrekin—, Operation: Meteorite izeneko hiru misioko istorio berriaz gozatuko dute erabiltzaileek Campaign Evolved-en. Lehen jokoko jazoerak baino urtebete lehenago girotuta egongo da, kokaleku, etsai eta arma berriak bilduta.
Fable
Albion erresuman girotuta egongo da, beste behin, Fable. Jaialdia baino egun batzuk lehenago atzeratu egingo zela iragarri zuten Playground Games-en egileek —antza, GTA VI-ren eraginez—, baina otsailaren 23an plazaratuko dutela jakinarazi zuten aurkezpenean.
Mundu irekiko RPG abenturak borrokak, umorea, erabakiak eta istorio berezi bezain xarmagarria elkartuko ditu. Heroia sortuta, norberak nahi duena egin ahal izango du harekin: erresuma salbatzen hasi edo herriko aberatsik zitalena bihurtu.
Senua
Senua’s Saga: Hellblade sagaren hirugarren atala aurkeztu zuen Ninja Theory estudioak. Hala ordenagailuetan nola PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan ikusi ahal izango da datorren urtean.
Purgatorioan galduta ibiliko da erabiltzailea Senua jokoan, eta hango infernua biziko du. Maite eta galdu dituenekin biltzeko erronkan dozenaka arerio akabatu beharko ditu Senuak, borroka odoltsuetan. Horrela, aurreko joko geldoagoari akzioa gailenduko zaio, eta ezpata erasoak, ostikoak, saihesteak eta kontraerasoak nagusituko dira.
Nintendo Direct
Kyotoko enpresak ohiko Direct formatua berreskuratu zuen garatzaile handien eta indie txikien bideojokoak bilduta, ezustekoz betetako aurkezpen batean. Laster estreinatuko dituzte Star Fox, Splatoon Raiders eta Rhythm Heaven Groove, eta horiek erakutsi zituzten, baina bestelako iragarpen handiak ere egin zituen N Handia deituriko konpainiak.
The Legend of Zelda: Ocarina of Time
Nintendo 64 kontsolan 1998an estreinatutako Ocarina of Time maisulana berregingo du Nintendok. Switch 2 kontsolan izango da aurten denboraren heroia, Link gaztea.
Hyrule erresuma salbatzeko abenturari ekingo dio, beste behin, Kokiri basoko iratxorik gabeko haurrak. Iragarpen bideoan ez dute askorik erakutsi —Link, lo, etxean; bertsio originaleko lehen eszena, alegia—, baina, N Handiak urte bukaerarako prest egongo dela aipatu duenez, laster informazio gehiago eman beharko dute.
Xenoblade Genesis
Japoniako MonolithSoft taldeak JRPG sagaren abentura guztiz berri bat plazaratuko du. Switch 2rako sortuko dute: datorren urtean argitaratzeko asmoa agertu dute. Aurreko Xenoblade-etatik aldendu, eta fantasiazko Erdi Aroan girotuko dutela dirudi, beste istorio bat kontatuta.
Trailerrean kokalekuak eta pertsonaiak erakutsi dituzte, baina borrokarik ez. Xenoblade Chronicles trilogiako hiru atalek, bide batez, Switch 2rako bertsio hobetuak izango dituzte.
Fire Emblem: Fortune’s Weave
Txandakako estrategia batailak hedatzen eta hobetzen jarraitzen dute Nintendokoek Fortune’s Weave-rekin. Lau protagonista aurkeztu dituzte, kaleratze eguna iragartzearekin batera: irailaren 17an iritsiko da Switch 2ra.
JRPG elementuak, esploratzeko ziegak, sendotzeko harremanak eta anime estetika batuko ditu hurrengo Fire Embleme-k, eta Nintendoren urteko estreinaldi garrantzitsuenetakoa bilakatuko da.
Kingdom Hearts IV
Square Enixekoek Final Fantasy-ko pertsonaiak Disneyko filmetakoekin elkartzen dituen Kingdom Hearts erakutsi zuten berriro. 2022an aurkeztu zuten, eta orduko antzeko irudiak erakutsi dituzte orain: Sora protagonista Tokioko Shibuya barrutian ageri da borrokan, mundu koloretsu eta alaiak alboratuta, itxura batean.
Switch 2, PS5 eta Xbox Series kontsoletan eta PCan estreinatuko dute laugarren KH-a. Gainera, Kingdom Hearts Collection [I ~ III] bilduma ere aurkeztu dute kontsoletarako.
The Duskbloods
Dark Souls eta Elden Ring arrakastatsuen egileek Switch 2rako bakarrik izango den The Duskbloods erakutsi dute, beste behin. Multijokalari formatura bideratuta egongo den akziozko abenturaren bideo motz bat egin dute, eta horrela ezagutarazi zuten udan abiatuko duten sareko probaldi itxia.
PvPvE jokagarritasuna izango du tituluak: jokalariek beste jokalari batzuen aurka lehiatu beharko dute, baina ingurunearen kontra ere bai. Zortzi erabiltzaileko partidak jokatu ahal izango dira Hidetaka Miyazaki zuzendariaren lan berrian.
Bideojoko erauntsia
Aurkezpen nagusiez gain, kanpoan gelditutako asko ere ikusi ahal izan dira egun hauetan: PC Gaming Show, Women-Led Games, Wholesome Direct, Day of the Devs, Story-Rich Showcase, Latin American Games Showcase, Ñ3 2026...
Vampire: The Masquerade-Eternal Whispers, Thief: The Dark Project Remastered, Moomin: Midsummer Madness, Milki Delivery, Beast of Reincarnation, Cassette Beasts 2002, Mythic Love: Iberian Legends... Zerrenda amaigabea da, baina, zaleek, zorionez, joko eta bideo guztiak biltzeko webguneak prestatu ohi dituzte: GamesRecap da ezagunenetakoa.
Enpresek eta estudioek oraindik ez dituzte aurkeztu lan guztiak: datozen egunotan, State of Unreal —Epic Gamesek Unreal Engine garapen tresnaren berritasunak plazaratzeko egiten duen ekitaldia—, Persona 4 Revival: TV eta The Indie Premier 2026 emanaldiak ikusteko aukera edukiko dute bideojokoen zaleek.