Ugatzaren habiak gordean zuena

CSICeko ikerlari talde batek ugatzen habiak induskatu ditu, eta hegazti horiek ehunka urtez pilatutako objektuak topatu. Material etnografiko garrantzitsua da orduko gizartea ezagutzeko, baina baita espezie hori lehengoratzeko ere, galzorian baitago.

UGATZA
Ugatza, txita bati jaten ematen, eta haren habietan topatutako materiala. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
2025eko irailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Galdezka ere iristen da tokietara. Egin kasu helduenei. Granadako (Andaluzia, Espainia) herrixketan barrena. Nekazari hark kontatutakoa, eta hari beste artzain batek esandakoa. Ezagutzen zuela batek ugatzak habia egindako harpe zulo bat Sierra Nevadan, eta esan ziola besteak harkaitz haren zirrikituetatik ikusten zutela beste bat ateratzen. XVIII. eta XIX. mendeetan Andaluzian izandako naturalisten liburuetan aztarrika: zuri-beltzeko argazkietan eta ilustrazioetan begira. Biologo bat ugatzen habia historikoen bila: Gypaetus barbatus du izena. Ikusi duzue?

Horixe da CSIC Zientzia Ikerketen Espainiako Kontseilu Nagusiko ikerlari talde batek argitara emandako lanaren ernamuina. Ugatzek atzera utzitako hamabi habia zahar lokalizatu dituzte, eta aztarnategi arkeologikoak balira bezala induskatu dituzte, lehen aldiz. Emaitza harrigarria izan da. Hegazti horiek ehunka urtez pilatutako objektuak topatu dituzte: XIII. mendeko espartinak, balezta baten gezia, habailak, sokak, ondutako eta margotutako larru zatiak eta uhaleria, besteak beste. Material etnografiko garrantzitsua da garai bateko gizartea ezagutzeko, eta informazio baliagarria ere bai espeziea bera leheneratzeko.

UGATZA
Espartzuzko sokak, balezta baten gezia, XIII. mendeko espartinak, ondutako eta margotutako larru zatiak eta oihalak agertu dira ugatzen habietan, besteak beste. BERRIA

Antoni Margalida CSICeko ikerlaria eta Ana Belen Marin Kantabriako Unibertsitateko EvoAdapta taldeko zuzendari eta arkeozoologoa dira ikerketaren arduradun nagusiak, eta Sergio Couto Granadako Unibertsitateko biologoa habiak bilatzeari ekin zion ikerlaria. Beste bi kiderekin batera argitaratu dute ikerketaren lehen zatia Ecology aldizkarian. «Artisau lana Sergio Coutorena izan zen. Habiaz habia aritu zen. Elikagaien hondakinak eta halakoak topatzea zen hasierako asmoa, orduan jaten zutenaren eta orain jaten dutenaren arteko konparaketa bat egin ahal izateko: hezurren arrastoekin, apoekin, arrautza oskolekin ...», azaldu du Antoni Margalidak. 

«Habia horietako mikroklimari esker, pilatutako pieza horiek guztiak museo batean baleude bezala kontserbatu dira. Habia horiek denboraren kapsula batzuk izan dira»

ANTONI MARGALIDA CSICeko ikerlaria eta ugatzetan aditua

Baina «oso material berezia» hasi zen agertzen. Arrazoia? Habiak ikertzeko modua. Marinek eman du metodologiaren berri: «Ikerketaren abiapuntuan dagoena hori da: jakin genuela bazirela habia historikoak. Eta esan nien: ‘Ederki. Baina induskatu ditzagun aztarnategi arkeologiko batean bageunde bezala: geruzaz geruza. Materiala ez nahasteko’. Eta eskalatzaileen laguntzaz-eta jaitsi ziren habia horietara, eta sekulako lana egin zuten: hamabi habia, geruzaz geruza. Eta hori guztia erregistratu genuen, eta ikertu». Baina ez zen horretan gelditu: «Bururatu zitzaidan objektu horietako batzuk datatzea, karbono-14 proba eginda. Espartinena da harrigarriena: XIII. menderaino egin dugu atzera». Eta badago zer ikertua oraindik: «Askoz ere gauza gehiago dauzkagu, eta finantzaketa behar dugu horiek datatzeko. Erakutsi duguna horregatik erakutsi dugu: garrantzitsua delako ugatzari dagokionez, eta garrantzitsua delako arkeologiaren ikuspuntutik ere. Goiko geruzak datatu ditugu. Baina hamar-hamabi geruza dauzkagu. Eta habia gehiago ere bai lokalizatuta».

«Askoz ere gauza gehiago dauzkagu, eta finantzaketa behar dugu horiek datatzeko. Goiko geruzak datatu ditugu. Baina hamar-hamabi geruza dauzkagu. Eta habia gehiago ere bai lokalizatuta»

ANA BELEN MARIN Kantabriako Unibertsitateko EvoAdapta taldeko zuzendaria eta arkeozoologoa

Baina nolatan agertu da material hori guztia ugatzen habietan? Margalidarena da azalpena: «Kontua da ugatzek artilea erabiltzen dutela habiaren sakonunea betetzeko. Horrela lortzen du habiaren tenperatura erregulatzea, eta txitak beti tenperatura berean mantentzea. Artilea erabiltzen dute horretarako; baita goroldioa ere. Garai hartan, espartzua izango zuten eskura, eta harekin osatu zuten habia. Oihal zatiak ere horregatik agertu dira». Hitz batean esanda: euren habitatean eskura dutena erabiltzen dute habia eraikitzeko. Eta jarri du adibide berezi bat: «Aran ibarreko habia batean alkandora bat topatu nuen behin, Lacoste markakoa. Aberaskumeren batek utziko zuen nonbait ahaztuta [barrez]». Ugatzaren ezaugarrietako bat baita habia egiteko material asko erabiltzea, eta hondakinak ere habiara eramatea. «Habia horietako mikroklimari esker, pilatutako pieza horiek guztiak museo batean baleude bezala kontserbatu dira. Habia horiek denboraren kapsula batzuk izan dira». 

Lortutako material etnografikoak garai bateko gizartearen berri ematen du, baina material biologikoak eta gainerakoak lagunduko ei du espeziea bera leheneratzen. Nola? «Agerian gelditu da habia horiek belaunaldiz belaunaldi erabili dituztela. Izan ere, espezie honentzat oso garrantzitsua da habiaren kokapena: babestua izatea, helezina izatea... Ezaugarri horiek betetzen baditu, kalitatezko habia bat den seinalea da. Horregatik erabili dituzte belaunaldiz belaunaldi. Eta horri esker dakigu, inoiz espezie hori berriro inguru horretan sartu behar badugu, inguru egokia dela». Beste datu harrigarri bat ere eman du Margalidak: «Karbono-14 probaren bidez jakin dugu badaudela ipar belatzaren (Falco rusticolus) habia batzuk bi mila urte baino gehiago daramatzatenak okupatuta». Alegia, kokapena oso garrantzitsua dela habitatak aukeratu eta eredu ezberdinak osatzean. «Eta basa ungulatuen eta abeltzaintza estentsiboaren presentzia ere agerikoa izan bada hondakinetan, kalitatezko habitat bati buruz ari gara. Hori oso kontuan hartu behar da espeziea berriro inguru horretara eramateko orduan». Ikerketari esker jakingo dute ugatzek Erdi Aroan zer jaten zuten ere: «Orain bezala, ungulatuak ote ziren gehienak, edo lagomorfoak ere bai: untxiak, erbiak... Eta ugatza nola egokitu den garai bakoitzean zegoen horretara». 

UGATZA
Hezurren arrastoak, apoak eta arrautzen oskolak ere agertu dira habietan. BERRIA

Izan ere, galzorian dagoen espeziea da ugatza. Margalidak berak eman ditu eskura dituen azken datuak, ez baita alferrik ugatzaren espezialista handienetakoa: «Pirinioetan 198 lurralde edo eremu aktibo daude: 88 Aragoin, 48 Katalunian, eta zortzi Nafarroan. Frantziako Pirinioetan: hegoaldeko isurialdean 144 lurralde daude; iparraldeko isurialdean, 53. Beste mendikate batzuetan ere badira ugatzak: Andaluzian, 11 lurralde daude. Asturiasen eta Kantabrian, hiru. Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan, lurralde bat. Iberiar penintsulan, denera, 162 lurralde daude».  Galtzeko arriskuan dago, baina azken urteotan handitu egin da populazioa: motela da hazkundea, besteak beste ugaltzeko dituzten arazoengatik. Horregatik izan zen horren pozgarria Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak iazko abuztuan emandako albistea: ugatz kume bat erregistratu zutela lehen aldiz hegan Aralarren. Espezie horretako lehena Aralarren jaio eta hegan egitea lortu zuena. Bost urte lehenago mendilerro horretan finkatu zen ugatz bikote baten kumea izan zen, eta, Nafarroako Ingurumen Sailak azaldu zuenez, urrats garrantzitsua espeziea inguruan hedatzeko.

Animalia ikusgarria da eta berezia da ugatza. Eta Margalidak dio orain hasiko dela habia prestatzen: «Irailean eta urrian. Errunaldia baino hiru edo lau aste lehenago. Indar handia jartzen du horretan, eta material asko, ikerketak agerian utzi duenez». Irailetik azarora eraikitzen dituzte habiak, beren ingurua babestu eta umatze garaia hasten da. Abendutik otsailera gehienez ere bi arrautza errun eta txitatzen dituzte. Martxotik abuztura txitak zaintzen dituzte, eta urtarrilean txitek habiatik alde egiten dute. Ugalketa unitateak bi edo hiru helduk osatu ohi dituzte; hirukoteetan, normalean, bi ar eta eme bat izaten dira. Eta erreparatu haren argazkiari: filolumak ditu paparrean, bizarrak —hortik datorkio barbatus izena—, eta beteraztun gorriak ere bai begietan. Helduek kolore laranja dute: «Burdin urarekin igurzten dituztelako lumak; bestela, zuriak lirateke». Eta sarraskijaleak dira, hezurrak jaten dituzte batik bat, eta airetik haitzen kontra botata txikitu. Eta habietan pilatu, eta pilatu, eta pilatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.