Uliako Interpretazio Zentroa larunbatean irekiko dute

Donostiako Ulia auzoko aberastasun natural eta kulturala zabalduko du zentroak, eta Kristinaenea fundazioak kudeatuko duHiru gela nagusi ditu zentroak, eta adin guztietako jendeak parte har dezake

Jolas eta ariketa didaktikoak egin ditzake bisitariak Uliako Interpretazio Zentroan. MONIKA JUARISTI.
Donostia
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Larunbatean zabalduko dute Uliako Interpretazio Zentroa. Donostiako Ulia auzoko ingurune fisikoa aztertuko dute gune berri horretan. Kristinaenea fundazioak hartuko du zentroa kudeatzeko ardura, Donostiako Udalak hala erabakita. Iker Aranberri fundazioko komunikazio arduradunak dioenez, «Ulia auzoak duen aberastasuna ezagutzera ematea eta zabaltzea da helburua».

Interpretazio zentroak hainbat gaitan sakontzeko aukera ematen du. Esaterako, Ulia auzoko ingurune fisikoa, haitzak eta lurrak, fauna eta flora, itsas-ekosistemak, auzoaren historia, ondarea eta paisaiaren eraldaketa.

Hiru gune nagusitan banatu dute zentroa, jarduera didaktiko eta kulturalak uztartuz. Batetik, erakusketa iraunkorreko gela prestatu dute. Hainbat ariketa teoriko-praktiko daude han: Uliako lurraren berri emango duen maketa bat, landareen fitxak koaderno moduan jarrita, Uliako likaren azalpen grafikoa paretan eta itsasoko bizia ezagutzeko ukimen bidezko ordenagailua soinu eta guzti —ordenagailu horrek galderak egiten dizkio erabiltzaileari, eta hark erantzun zuzena aukeratu beharko du—. Horrez gain, egutegi biologiko bat ere badago, urtaro bakoitzeko xehetasun eta bitxikeriekin. Esaterako, urtaro bakoitzeko esaera zaharrak eta egunik luzeena eta laburrena zeintzuk diren ikasi ahal izango du bisitariak.

Topa Tokia izeneko tokia ere badago. Jendeak Ulian naturarekin lotutako aurkikuntzak uzteko gunea da. Gela berean, haurrentzako txoko txiki bat eta antzinako Uliako historia azaltzen duen talaia bat daude. «Baleak arrantzatzen zituzten garaian, Ulian pertsona bat talaia batera igo eta itsasora begira egoten zen, balerik bazen ikusteko. Balea agertuz gero, talaia aldamenean zuen tontor bati su ematen zion arrantzaleei abisua emateko», azaldu du Aranberrik. Horregatik, talaia gainean pertsona bat ipiniko dute, eta, aldamenean, sua irudikatuko dute.

Bigarren gela proiekzio eta hitzaldietarako erabiliko dute. Eta, azkenik, tailerrentzako gela bat dago. Hiru gelez gain, baratze ekologiko bat ere bada. Urtaro bakoitzean zein barazki landa daitezkeen azaltzen duen gurpiltxo bat dago. Horren aurrean, kristalaren beste aldean, bertako langileek kudeatuko duten baratze ekologikoa ikus daiteke, adibide moduan funtzionatuko duen baratzea. «Geuk kudeatuko dugu; baina jendeak etxean baratze txiki bat ipini nahi badu, gure baratzeko azalpenek balioko diote». Baratzeak ura birziklatzea erraztuko duen sistema bat izango du, baita konposta egiteko gailuak ere. Tailer esperimentalak egingo dituzte han.

Kristinaenea fundazioak kudeatzen duen interpretazio zentroa adin guztientzako aproposa da. Lehen gela, esaterako, haurrei bideratuta dago gehienbat. «Gune didaktikoa da, eta modu interesgarrian antolatu dugu txikientzat erakargarria izan dadin». Helduentzako hitzaldiak eta proiekzioak ere antolatuko dituzte.

Interpretazio zentrotik kanpo ere, hainbat ekintza antolatuko dituzte: parkean zehar egiteko ibilaldiak eta bisita gidatuak, besteak beste.

Hiru geletako materialak, altzariak eta erakusketetarako ekipamenduak industriako baztertutako paleten egurrarekin eta Kubo aretoak emandako banderolekin eginda daude. Horrela, berrerabiltzearen irtenbide egokia azpimarratu nahi dute arduradunek.

Fundazioaren jarduna

Kristinaenea fundazioak kudeatzen duen hirugarren zentroa da. Lehenagotik dabiltza Ingurumen Baliabideen Etxearekin eta Urgulleko Natur Txokoarekin lanean. Hirugarren hori «erronka handia da», fundazioko kideentzat, Aranberriren hitzetan.

Oraingoz, datozen bi hilabeteetarako ordutegia ezarri dute: abuztuan asteartetik igandera bitartean egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Irailean, berriz, ostiraletik igandera bitartean egongo da zabalik, ordutegi berean. Bi hilabeteen ostean, bisita kopuruaren azterketa egingo dute, eta horren araberakoa izango da hortik aurrerako ordutegia. Sarrera doakoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.