Unibertsoak hedatzeko presa du

Brian Schmidt astronomoak Fisikako Nobel saria jaso zuen 2011n, unibertsoa gero eta azkarrago hedatzen ari dela deskubritu baitzuen 1998an. Aurkikuntza hari buruzko hitzaldia eman du aste honetan, Donostiako Passion For Knowledge zientzia jaialdian.

James Webb teleskopioak hautemandako supernoba baten irudia. NASA
James Webb teleskopioak hautemandako supernoba baten irudia. NASA
Haize Oiartzabal
2026ko urriaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur egungo gizartea ez da geldirik egotekoa: dena da fite, dena da presa, eta dena da orain. Badirudi mundu guztia azeleragailua zapalduta bizi dela, eta ez duela inork frenatu nahi. Bada, unibertsoak ere presa du antza. Izan ere, ez da bertzerik gabe zabaltzen ari: gero eta bizkorrago ari da hedatzen. Hori hautematen lehena Brian Schmidt astronomoa (AEB, 1967) izan zen, 1998an. Ordura arte, zientzialariak konbentzituta zeuden unibertsoaren hedapena mantsotzen ari zela materiaren grabitatearen erakarpenaren ondorioz. Aurkikuntza horri esker, Schmidtek Fisikako Nobel saria jaso zuen 2011n, zientzialariek unibertsoari buruz zeukaten ikuspegia irauli baitzuen. 

Australian bizi da Schmidt, baina aste honetan Donostian izan da, DIPCek antolaturiko Passion For Knowledge nazioarteko zientzia jaialdian parte hartu baitu. Irailaren 28an izan zen jaialdiaren inaugurazio ekitaldia, eta astronomoak bere aurkikuntzaren nondik norakoak azaldu ditu bertan.

Brian Scmidt
Brian Schmidt astronomoa Donostiako Victoria Eugenia antzokian, irailaren 28an. JON URBE / FOKU

1994an hasi zen dena. Harvard Unibertsitatean doktoretza burutu berritan, Schmidt lanean hasi zen High-Z Supernova Search Team nazioarteko ikerketa proiektuan. Helburua, hain justu, unibertsoaren hedapen abiadura neurtzea zen. Horretarako, lehendabiziko pausoa supernobak identifikatzea izan zen; hau da, izarrak beren bizitzaren akabailara ailegatzean gertatzen diren eztanda masiboak. 

Astronomoak azaldu du «inoiz ez bezalako kamera digital handiak» erabili zituztela: «Ehun aldiz sentikorragoak ziren, eta, horri esker, unibertsoaren bertze aldean zeuden izarrak atzeman genituen lehen aldiz». Leherketa horiek aztertzea «iraganari begiratzeko modu bat» izan zen: «Supernobak hain distiratsuak direnez, distantzia handietara ikus daitezke, eta haien argiak bortz edo zortzi mila milioi urte behar ditu ailegatzeko». 

Beraz, supernoben distira aztertuta, Lurra haietatik zer distantziatara zegoen kalkulatu zuten. «Txileko astronomoek garatutako ideia bat aplikatu genuen distira zehaztasunez kalibratzeko. Baina, funtsean, bonbillen mekanismo bera da: zenbat eta urrunago egon, orduan eta ahulagoa da», esplikatu du Schmidtek.

Hurrengo pausoa supernoba horiek «guregandik zer abiaduratan urruntzen» ari ziren neurtzea izan zen. Horretarako, «munduko teleskopiorik handiena» baliatu zuten; Hawaiiko (AEB) Keck teleskopioa. Azken urratsa, berriz, buruketa bat izan zela azaldu du Schmidtek: «Lurraren eta supernoben arteko distantzia gugandik urruntzen diren abiaduraren zifrarekin zatitu genuen, eta, horrela, unibertsoaren hedapen abiadura lortu genuen».

Fisikariaren arabera, prozesu guztia burutzea ez zen «batere erraza». Egindakoa hain zen «berritzailea», ezen emaitzak esku artean eduki zituenean «akats bat» egin zuela pentsatu baitzuen: «Sorpresa handia izan zenez, hainbat aldiz eta hainbat modutan egiaztatu behar izan genuen dena geure burua konbentzitzeko hutsik ez genuela egin». 

«Sorpresa handia izan zenez, hainbat aldiz eta hainbat modutan egiaztatu behar izan genuen dena geure burua konbentzitzeko hutsik ez genuela egin»

BRIAN SCHMIDT Astronomoa

Dena den, astronomoaren ezusterako, deskubrimenduak «espero baino harrera hobea» eduki zuen zientzialarien artean: «Bi talde ari ginen horretan lanean, eta gutxi gorabehera erantzun bera aldi berean jaso genuen. Horrek nolabaiteko lasaitasuna eman zigun denoi».

Aurkikuntza harrigarri hark, ordea, erantzunak baino galdera gehiago utzi zituen mahai gainean. Noiz hasi zen azelerazio hori? Duela 6.000 milioi urte. «Unibertsoak 13.800 milioi urte dituela kalkulatu dugu; beraz, gutxi gorabehera Big Bang-etik igarotako denboraren erdia igaro zenean hasi zen azeleratzen», erran du fisikariak.

Zergatik? Erantzunak energia ilunarekin du zerikusia. Hirugarren galdera begi-bistakoa da: zer da energia iluna? Bada, astronomoak aitortu du «misterio bat» dela oraindik: «Dakigun bakarra da unibertsoaren zati handi bat hartzen duela». Unibertsoa ez baitago soilik planetaz eta izarrez osatua: «Lur planetan dena atomoz egina dago. Baina, unibertsoaren neurketa handia egitean, atomoek %5 soilik osatzen dute». 

Materia iluna, berriz, unibertsoaren lautik bat dela esplikatu du Schmidtek: «Grabitatea du, baina ez dago atomoz osatuta, eta oraindik ez dakigu zer den. Seguru asko, Lurra zeharkatzen duen eta oraindik aurkitu ez dugun partikula bat da».  

Gainontzeko zatia —unibertsoaren hamarretik zazpi— energia ilunari dagokio. Baina ez da beti horrela izan. Izan ere, Big Banga gertatu zenean materia zen nagusi, eta hark sorturiko grabitateak joera zuen unibertsoaren hedapena moteltzeko. Unibertsoa handitu ahala, ordea, materia sakabanatuz eta dentsitatea galduz joan zen. 

Energia ilunaren dentsitatea, aldiz, konstante mantendu dela baieztatu du Schmidtek: «Konstante kosmologikoa deritzo; Einsteinek paratu zion izena». Gauzak horrela, duela 6.000 milioi urte, bi eraginen arteko oreka aldatu egin zen: «Energia iluna materiak sortutako grabitateari gailendu zitzaion, eta unibertsoaren hedapena geldotzetik azeleratzera igaro zen».

Esne Bidea, «bakartuta»

Schmidtek erran du ezen, energia ilunak etorkizunean konstante jarraituz gero, unibertsoaren hedapenak hazkunde «esponentziala» izanen duela: «Elur bola baten efektua gertatuko litzateke, COVID-19arekin bezala». Ondorioz, gaur egun ikusgai dauden galaxiak ikuseremutik desagertuko lirateke, eta, Esne Bidea «bakarturik» geratuko litzateke. Hala ere, Schmidtek argitu du kosmologoak ez direla «lanik gabe» geratuko, «ehunka bilioi urteko prozesua» baita.

Ehunka bilioi urte denbora anitz da esperoan egoteko. Oraingoz, aurkikuntza esanguratsua da unibertsoa hedapena bizkortzen ari dela jakitea. Hain zuzen, horregatik eman zioten Schmidti 2011n Fisikako Nobel saria, Saul Perlmutterrekin eta Adam Riessekin batera. Aitortu du ez zuela «batere espero», baina «oinak lurrean edukitzen» jakin duela: «Ez naiz jakintsuagoa saria irabazteagatik, nahiz eta jende anitzek hori pentsatu».

Inteligenteagoa ez, baina ospetsuagoa bai. «Bat-batean famatua egin nintzen, eta arraroa da, baina, bederen, jendeak ez nau ezagutzen kalean. Eta eskerrak, ez baitut zinemako izarra izan nahi», adierazi du Nobel saridunak. Dena dela, aitortu du alde ona ere baduela famak: «Pertsona interesgarri anitz ezagutu ditut, eta zientzia publiko zabalago baten aitzinean ordezkatzeko aukera eduki dut». Schmidtek uste du jendea ez dela ohartzen zientzialarien lana «zeinen baliagarria den egunerokoan»; hortaz, «garrantzitsua» iruditzen zaio hori azaltzen jakitea.

Astronomia, erraterako, egungo teknologia garatzeko «giltzarri» izan dela azpimarratu du ikertzaileak, nahiz eta diziplina «esoteriko edo alferrikakoa» izan jendearen irudiko: «Kamera digitalak, GPS sistemak eta wifi konexioa, adibidez, astronomoek bultzatu dituzte». Horregatik, haren ustez, ezin da pentsatu aurrerapen horiek «aitzinera» eginen dutenik «zientzia egiten jarraitzen ez bada».

Astronomiaren etorkizuna

Schmidtek azaldu du astronomia «garai zaila» igarotzen ari dela Australian. Izan ere, herrialdeak «lankidetza estua» zuen Europako Behatoki Australarekin, baina gobernuak elkarte hartatik ateratzea erabaki du berriki, «kostua handiegia» delakoan: «Azken ehun urtean garatutako astronomia gaitasuna galtzeko arriskua du Australiak». 

Hortaz, ikerlariaren arabera, beharrezkoa da «epe luzerako plangintza bat» egitea: «Zenbat astronomo behar diren zehaztu behar dugu, eta ziurtatu horiek finantzaketa egokia eta eskumen maila jakin bat edukiko dutela». Gakoa, hortaz, oreka bilatzea da: «Ez dugu gorakada eta beherakada ziklorik nahi Australian». 

Europak oreka hori bilatzen jakin du, Schmidtek azaldu duenez: «Europak harro egon beharko luke astronomiari ematen dion laguntzaz. Ez da perfektua, baina ez dago batere gaizki». Hain zuzen, Europaren erdian dago CERN, Suitzan: partikulen fisikako munduko laborategirik handiena da. Astronomoak esperantza du datozen urteetan bertan aurkituko dutela materia ilunari dagokion partikula. 

«Europak harro egon beharko luke astronomiari ematen dion laguntzaz. Ez da perfektua, baina ez dago batere gaizki»

BRIAN SCHMIDT Astronomoa

Energia ilunari dagokionez, berriz, ezkorragoa da Schmidt, eta uste du «arras zaila» izanen dela benetan zer den jakitea. Edonola ere, astronomoak «zorteko» direla argitu du, bertze «hainbat afera» ikertzeko aukera baitute, hala nola zulo beltzak eta bizia eduki dezaketen exoplanetak.   

Bertzalde, Schmidtek gezurtatu egin du zientzialariak «figura bakartiak» izatea: «Astronomia arras diziplina kolaboratiboa da; enpresa mundua baino anitzez gehiago». Astronomo izateko, hortaz, zenbait gaitasun eduki behar dira: «Batetik, egiten denarekiko grina sentitu behar da; eta, bertzetik, beharrezkoa da saiatua izatea. Aurkikuntzak lortzeko gogor lan egin behar da urteetan». 

Matematika eta informatika menperatzeaz gain, gaur egun astronomoek adimen artifizialarekin «arras trebeak» izan behar dute, Schmidtek gaineratu duenez. Berak 1994an jada erabili zuen supernobak aurkitzeko: «Arras sinplea zen, baina pertsona anitzen lan karga murrizten lagundu zuen».

Orain, «era guztietako lanak» egiteko erabiltzen dute; programazio lanak arintzeko eta datu-petabyteak prozesatzeko, bertzeak bertze. Hala ere, Schmidtek argi utzi du «gizakiari laguntzeko tresna bat» baino ez dela: «Ordezkatu eginen gaitu? Ez, baina azkarragoak eginen gaitu». Izan ere, gizakiak gero eta azkarrago joan nahi du, eta unibertsoak ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA