Blusen eta nesken eguna da Gasteizen Santiago eguna; beraz, ez dago festaren bila joan beharrik Arabako hiriburuan. Aitzitik, bakoitzaren bila dator festa. BERRIAk Gasteizen duen delegazioan ere horrela jazo da: goizeko hamarrak aldera, txarangen musika gorgarriak hartu du kalea, eta, atetik burua aterata, hor ageri dira Okerrak taldeko blusak eta neskak, alboko tabernan eztarriak eta gogoa festa egunerako berotzen.
Jon Larrazabalek, kuadrillako blusak, azaldu du kaleko giroa pizteko asmoa duela kantuz eta musikaz. «Kalez kale ibiliko gara; gero, upelen lasterketan parte hartuko dugu, baita herri kiroletan ere. Gure egunean, hiriari bertan gaudela erakustea da asmoa». Horrela laburbildu du Larrazabalek festa egunaren filosofia.Â
Upelak eta baratxuriak
Upelen lasterketa aipatu du blusak, 11:00 aldera baitzen ospatzekoa garai bateko asto lasterketak ordezkatu zituen demaren bederatzigarren aldia. Plaza Berrira bertaratu, eta hor daude hamazazpi taldeen ordezkariak, blusa edo neska uniformea soinean, upelei tamaina hartu nahian. Horien artean, Los Alegrios taldearen izenean parte hartzekoak diren Maria eta Iñigo Garaboa neba-arrebak. «Lehenengo aldia dugu hemen; honek nahasi gaitu, eta hemen gara, entrenatu ere egin gabe», dio arrebak, taldekide bat seinalatuz. «Cabo Verde bezala sentitzen gara; ez gara faboritoak, baina garaipena irudikatu behar da», gehitu du nebak.
Cabo Verdek munduko kopan nola, halaxe amaitu da ametsa, ordea: zapuzturik. Kirol basatia da upelen lasterketa; talkak, upelak zapalduriko parte hartzaileak eta aldats beherako ihesaldiak ugaritu dira. Azkenerako, ordea, hegemonia izenean daraman Basatiak kuadrillako kideak izan dira irabazleak. Bederatzigarren urtez izan dira garaile, argi eta garbi. Izan ere, gainerako taldeei itzuli oso bateko aldea hartu baitiete lau itzuliko errelebo lasterketan. «Horiek entrenatu egiten dira!», oihukatu du ikusle batek haien erritmoa ikusirik, eta, ziurrenik, ez du arrazoirik falta.Â

Alta, lehia ez da helburua gaur, dibertsioa baizik, eta kuadrillarik festazaleenak ere izan du sari berezia. Siberiarrak kuadrillako blusei eta neskei suertatu zaie, jai girotzaile finak direla erakutsi baitute azkenetarikoak iritsi arren. Parte hartzaile guztiek izan dute Arabako ardoa sari, irabazleen 225 litroko barrikak inbidia franko piztu badu ere.Â
Dena ez da izan ardo, ordea. Imilaun bi gaztainarekin batera, sorta bi baratxuri opari ona ei dira emakume erditu berriarentzat, abestiak dioenez. Erditu berrientzat soilik ez, edonorentzako opari ona direla diote Pilar Garciak eta Miren Rodriguezek. Valentziatik (Herrialde Katalanak) dator lehena, Guardiatik (Araba) bestea, eta Errege Atea kaleko baratxuri merkatu tradizionalean egin dute topo. Hor dabiltza, kilo bana baratxuri gainean. «Ez dira sekula txar jartzen: opari ona dira!», bat etorri dira emakumeak, berriro ere postuen artean galdu aurretik. Festa edo erosketa, upel edo baratxuri, aspertzeko beta gutxi izan da Gasteizko kaleetan.