Lide Arana
EHUko kimika aplikatuko irakaslea

Ur beroak arrainak txikitzen ditu

2025eko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jakina da klima aldaketak eragindako tenperatura igoerak itsas ekosistemetan duen eragin kaltegarria. Azken urteotan, tenperatura igoerak arrainengan duen beste eragin ez hain ageriko bat ere azpimarratu da: uraren tenperaturaren igoerak arrainen tamainaren murriztea dakarrela.

Urteak dira hainbat arrainen tamainan murrizte bat antzeman dela munduko hainbat leku eta espezietan. Laborategian kontrolaturiko esperimentuek agerian utzi dute uraren tenperatura igoerak arrainen hazkuntzan duen eragin kaltegarria, nahiz naturan zer gertatuko litzatekeen aurresatea konplexuagoa izan beste hainbat eragileren parte-hartzea dela eta. Tenperatura igoerak tamaina zergatik murrizten duen azaltzeko teoria desberdinak egon arren, orain arte zabalduena oxigeno urritasunarena izan da. Alegia, uraren tenperatura igoerak oxigenoaren disolbagarritasuna murrizten duela eta beroak oxigeno kontsumoa handitzen dutenez, arrainek ez dutela hazteko behar adina oxigeno izango. Dena den, iazko uztailean Nature Communications aldizkarian munduko koral arreziferik beroenean (Arabiar Golkoan, non udan ura 35 gradura iristen den) egindako beste ikerketa batean zalantzan jarri zuten oxigeno urritasunaren teoria eta arrain txikiek behar metaboliko gutxiago izatea arrazoi nagusitzat hartu zuten egokitzapen eta biziraupen hobea azaltzeko.

Maiatzean Science Advances aldizkarian argitaratu berri den ikerketa batek dioenez, Papua Ginea Berriko pailazo-arrainak (bai, Pixarrek hain ezagun egin zituen arrain horiek) tenperatura igoerei bizirauteko tamaina murrizteko gai dira eta tenperatura jaitsiz gero atzera tamaina berreskuratzen dute. Arrain horiek bikoteka anemona bat hartzen dute bizileku eta horrek erraztu du arrainei neurria hartu ahal izatea. 

Ikusi dutenez, murrizketa hau behin baino gehiagotan egin dezakete, tenperatura olatuak baliatuz, eta estatus sozialaren araberako egokitzapena mantentzen dute, gainera. Hau da, txikitu ondoren ere emeek arrak baino handiago izaten jarraitzen dute, eta ugaltzen diren bikoteak ugaltzen ez direnak baino handiago mantentzen dira. Ikerlari horiek ere metabolismoaren murrizketaren abantailari egozten diote txikitzeko gaitasuna duten arrainen biziraute tasa hobea.

Papua eta pailazo-arrainak urruti ditugun arren, tamainaren murriztea uraren tenperaturaren igoerari aurre egiteko egokitzapen mekanismo zabaldua dela uste da. Antxoaren kanpaina oraindik amaitu gabe dagoen honetan, lehen datu ofizialek aurten arrantzatutako antxoaren tamaina iazkoarena baina handiagoa dela dioten arren, AZTIk 2023an argitaraturiko artikulu baten arabera, Kantauriko antxoaren tamaina murriztu egin da azken hiru hamarkadetan, eta txikitze joera orokorra frogatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.