Urmugak Nafarroa izango du protagonista

Uztailaren 11tik 31ra egingo dute Urmugaren seigarren aldia, eta Nafarroan egingo dituzte etapa eta kontzertu gehienak.

Urmugaren aurkezpena, gaur goizean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Urmugaren aurkezpena, gaur goizean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2025eko ekainaren 13a
12:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Uztailaren 11tik 31ra egingo dute aurten Euskal Herria Urmuga lerroan barrena josiko duen zeharkaldia, seigarrenez. Euskal Herriko mendi, haran eta herriak musikaz beteko dituzte, baina, batez ere, Nafarroa izango da Urmugaren gune nagusia, etapa eta kontzertu gehienak Nafarroan egingo baitituzte. Aurten, berrikuntza gisa, Urmugako ibilbideak duela mila urteko Iruñeko Erresumako geografiaren zati bat zeharkatuko du: gazteluak, ermitak eta baserriak bisitatuko dituzte musika, natura, euskara eta historia elkartzeko asmoz.

Iruñeko Takonera parkean aurkeztu dute Urmugak Nafarroan egingo duen ibilbidea, Mirari musika taldearen doinuekin batera. Migel Zeberio batu zaie, Urmugako zuzendari artistikoa, baita Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde eta Iruñeko Udaleko Kultur zinegotzi Maider Beloki ere, besteak beste. Mila urte atzera begiratzeko eskatu du Zeberiok: «Europa hegoaldeko lur hauetan Iruñeko Erresuma izeneko eremu politikoa ernatuko da, Kantauri itsasotik Ebro ibarreraino, eta Pirinioetako mendikatean zehar, ekialderantz». Mila urte geroago, lurraldeko bideak bisitatuko dituzte: Aizpearro Aralarren, Aresoko Irumugarrieta, Uxue, Rocaforteko gaztelua, Leireko San Salbatore monasterioa, Baigorriko Etxauzia gaztelua, Iratiko Salbatore ermita eta Orbaizeta.

Nafarroan, uztailaren 19tik 29ra, mendiko hainbat ibilbidez eta hamaika musika emanaldiz gozatzeko aukera egongo da. Lehendabiziko emanaldia Aizpearron izango da, 18:00etan. Bereziki, uztailaren 20an egingo duten ekitaldia azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek: Areso eta Berastegi herrien artean, Ipuskoa 1.000 urte ikuskizuna egingo dute, eta bertan parte hartuko dute Iruñeko eta Donostiako orfeoiek, Leitzako abesbatzak, Baigorriko eta Iruñeko gaiteroek, eta Tolosako, Iruñeko eta Aragoiko (Espainia) dantzariek eta musikariek, besteak beste, Et Incarnatus orkestrarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.